Beaskoetxea eta Lopez

Idatzita geratuko da

Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek irabazi dute Gernikako Winter Series Txapelketa, Xabier Barandika eta Unai Lekerika hiru setetan menderatuta. Beaskoetxeak txapela buruan duela esan dio agur zestan egin duen ibilbideari.

MARISO RAMIREZ / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
«Idatzita ere ez!», hori esan zuen finala amaitu berritan Diego Beaskoetxeak (Miami, AEB, 1981). Izan ere, Gernikako Winter Series txapelketa irabazita esan zion agur aurrelari gernikarrak 25 urteko ibilbide profesionalari. Etxean, frontoia lepo beteta, bi herrikideren aurka—tartean Xabi Barandika lehengusua—eta set erabakigarria 5 eta 4 irabazi ostean. Idatzita ez zen egongo, baina amestu al zuen Beaskoetxeak horrelako amaiera bat?: «Txapelketa hasi zenean bai amestu nuela txapelarekin agurtzea, baina oso luzea izan da dena. Helburua lortzeko gauza asko egin behar izan ditugu».

Ez zuen bakarrik irabazi aurrelariak, askorentzat gaur egungo atzelaririk onena dena izan zuen bizkartzain: Imanol Lopez (Zumaia, Gipuzkoa, 1984). Atzelariarentzat ere oso egun «berezia» izan zen igandekoa: «Hogei urte hauetan momentu politak bizi izan ditut, baina igandekoa politenetakoa izango da. Nire familia guztia zegoen, zesta ere momentu oso onean, Diegorekin bere azken eguna partekatzen, tanto batengatik irabazi genuen txapela... egun biribila izan zen».

Argazki ederra utzi zuen finalak: bi bikote finalistak Gernikako Jai Alai frontoiko harmaila beteei begira. 2.000 lagun baino gehiago bildu ziren bertan. Txapela buru gainean zuela, Beaskoetxea bidelagun izan dituenak izan zituen gogoan: «Nirekin jokatu duten guztiekin akordatu nintzen. Dei eta mezu pila izan ditut Ameriketatik eta leku guztietatik. Denekin gogoratu nintzen». Igandekoa bihotzean eramango du beti aurrelari gernikarrak, baina hasierako txapelketak ere ez ditu egun batetik bestera ahaztuko: «Finalekoa oso berezia izan zen, txapelarengatik ez ezik, zegoen jende guztiagatik. Oso egun polita izan zen. Baina kantxa barruan bizitako lehenengo torneoak ahaztea ere zaila da; Miarritzen jokatu nuen Urrezko Xistera txapelketa-eta oso garrantzitsuak izan dira niretzat».

Finalak tentsio handiko norgehiagokak izan ohi dira, eta horri zure bikotekidearen erretiroaren eguna dela gehitzen badiozu, are karga emozional handiagoa hartzen du lehiak. Lopez, baina, ez da urduri jartzen den horietakoa: «Nik neurketan jarri nuen fokua. Diegok, akaso, izango zuen presio hori, baina finalerako bidean presioa apalduz joan zen. Finalerdietan, adibidez, banekien egun hori kudeatzeko komeriak izango zituela, eta ni hari laguntzen saiatu nintzen».

Tontorrean zaudenean zaila da kirola uztea. Beaskoetxeak, baina, argi zuen igandekoa izango zela bere azken dantza, askok eta askok jarraitzeko esan dioten arren: «Hau ez da egun batetik bestera hartutako erabakia. Orain dela pare bat urtetik nuen hautua eginda. Nik hau nahi nuen: goian utzi, joko on batekin. Ez nuen kantxatik arrastaka ibili nahi. Momentu onean utzi dudalakoan nago».

Hiru setetan

Bikote garaileak erruz egin behar izan zuen lan Xabi Barandika eta Unai Lekerika gainditzeko. Aise nagusitu ziren lehen setean: 15 eta 8. Hasiera «bikaina» izan zen, gernikarraren ustez: «Oso ondo ekin genion partidari. Gure pilotarekin hasi ginen, eta tantotik ia nagusitu ginen. Baina uste dut bigarrenerako bai Imanol eta bai ni apur bat nekatuta iritsi ginela». Aurrenekoa nola joan zen ikusita, Beaskoetxea eta Lopez bi setetan gailendu behar zirela zirudien, baina Barandika jokoan sartzen hasi zen, eta lehiaren joera guztiz aldatu zen: 9 eta 15 irabazi zuten bigarren seta gernikarrek. Hirugarrena jokatu behar zen.

Set erabakigarrian «esperientzia» gailendu zen. «Zerbait ona izan behar du eskarmentua izateak!», dio atzelari zumaiarrak. Izan ere, Beaskoetxea eta Lopez ia Barandika eta Lekerika baino hamarkada bat lehenago jaio ziren. Presioa presio, ondo konpontzen da Lopez horrelako egoeretan: «Oso pertsona lasaia naiz kantxa barruan. Niri zestan aritzea gustatzen zait, eta asko gozatzen dutfinalerdiak eta finalak jokatzen. Presiopean jokatzea gustatzen zait. Egia esan, askoz errazago kontzentratzen naiz harmailetan 2.000 lagun daudenean 100 pertsona daudenean baino; jendea harmailetan ikustea sekulako motibazioa da niretzat».

Hirugarren seta tanto bakar baten aldearekin irabazi zuten: 5 eta 4. Aurrelari bizkaitarraren ustez, azken seta «lasai» jokatzea izan zen gakoa: «Oso trankil aritu ginen. 4 eta 2 joan ginen aurretik. Partida amaitzeko aukera izan nuen, eta ez nuen amaitu. Baina oso trankil egon ginen hirugarren set osoan, eta uste dut horregatik irabazi genuela». Atzelari gipuzkoarra finalak horrela amaitzea «merezi» zuelakoan da: «Jendeak pentsatuko du iruzur egin genuela-edo [barrez], baina azken tantoak nolakoak izan ziren ikusita... Dena azken tantorako gelditu zen; oso polita izan zen. Zestak finala horrela amaitzea merezi zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.