Euskara

Idiazabalek eta Elgoibarrek haien bertsioa berretsi eta arbitro elkargoa kritikatu dute

Bi taldeek eutsi diote partidaren ostean eman zuten bertsioari. Epaile elkargoarekin bildu dira Gipuzkoako federazioan. Uko egin diote arbitroaren hitzak gaizki ulertu zituztela dioen testu bat sinatzeari.

Elgoibar eta Idiazabal futbol taldeetako arduradunak, prentsaurrekoan. BARREN
2018ko otsailaren 21a
19:17
Entzun

Idiazabal eta Elgoibar futbol taldeek salatu dute, joan den larunbatean, Gorengo Mailan elkarren aurka jokatu zuten partidan, epaileak meatxu egin ziela: jokalari edo teknikariren batek partidan euskaraz hitz eginez gero, kaleratu egingo zituela. Arbitroak euskaraz ez dakiela eta euskarazko irainak ezin zituela ulertu adierazi zien, bi taldeen arabera. Gaur, ohar bidez, gertatutakoaren bertsio bera berretsi dute.

Bestelako kontakizuna defendatu dute, baina, Manuel Sarrion partidako epaile andaluziarrak eta Gipuzkoako Arbitroen Komiteak. Haien esanetan, epaileak euskaraz ez egiteko eskatu zien, baina ez zien euskaraz aritzea debekatu.

Bi taldeetako ordezkariak eta epaile elkargoa Gipuzkoako Futbol Federazioan bildu ziren atzo, gertatutakoaz hitz egiteko. Epaile elkargoak akodrioa proposatu die taldeei: onar dezatela epailearen hitzak gaizki ulertu zituztela. Halakorik dioen testurik ez dutela sinatuko ohartarazi dute, ordea, Elgoibarrek eta Idiazabalek. "Epaileak hanka sartu zuen eta orain ez du halakorik onartu nahi", adierazi dute.

Taldeek "errespetu osoa" aitortu diote epaile elkargoari, baina kritikatu egin dute haren "itxikeria". Elkargoaren jarrerak akordio batera iristea "ezinezko" egin duela adierazi dute.

Elgoibarrek eta Idiazabalek Gipuzkoako federazioaren lana eskertu dute, auzian "uneoro bitartekari lanak egiten saiatu" delako.

Akordiorik lortu ez denez, lehiarako komiteak erabaki beharko du taldeen salaketari nola erantzuten dion. Aldeen bertsioak bildu ditu dagoeneko eta datorren astean jakinarazi beharko du zer ebazten duen.

Elgoibarren eta Idiazabalen arteko futbol partidan gertatutakoak oihartzuna izan du nazioarteko zenbait hedabidetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.