Idoia Etxeberria 137,5 kiloko koadroa jasotzen saiatuko da

Marka ontzeko ahalegina egingo du bihar bost minutuko txanda batean, 17:30ean, Irurako plazan

Bilbo
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Idoia Etxeberria harri-jasotzaile oriotarra Irurako (Gipuzkoa) sanmigeletako herri kirol jaialdiko protagonistetako bat izango da. Ekitaldia bihar izango da, 17:30ean, herriko plazan. 17 urteko harri-jasotzaileak marka ontzeko ahalegina egingo du, eta ez nolanahikoa, 137,5 kiloko -11 arroa- harri angeluzuzena sorbaldan berdintzen saiatuko baita bost minutuko txanda batean. Hasiera batean, saioa 135 kilorekin egitea zen, baina, bere burua indartsu ikusten duenez, bi kilo eta erdi gehitu dizkio. Gainera, etxean altxatu izan duela esan du. Orain arteko markarik onena Miren Urkiolak du. Bolibartarrak 133 kiloko harria jaso zuen.

Oriotarra harri-jasotzean iaz hasi bazen ere, eskarmentu handia du pilatu du urte bakarrean, eta plazan gustura aritzen dela erakutsi du maiz. Berak jantzi zuen, hain zuzen, Euskadiko harri-jasotze txapela maiatzean. Ordukoan Etxeberria eta Urkiola lehiatu ziren. Era berean, urte bateko jardun horretan, sarritan ibili da markak ezartzen.

Azken hilabeteotan lan on asko egin ditu. Iazko irailaren 27an, esaterako, 120 kiloko koadroa lau aldiz bizkarreratu zuen bost minutuko txandan, Aian (Gipuzkoa). Aurtengo martxoaren 27an, 100 kiloko kuboa bi bider altxa zuen, bost minututan, Aian berriro. Harri horrekin gainera ez zen emakumezkorik aritu aurretik, eta ondorioz marka ezarri zuen. Bestalde, maiatzaren 9an, 70 kiloko kuboarekin zortzi jasoaldi egin zituen, bi txandatan. Irurako saioan aizkolariak ere ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.