Ana Temprano. Zuazoko atezaina

«Ikasi beharra nuen; horrek emango dit jaten gero»

Bera Berak eta Zuazok derbia jokatuko dute gaur (21:00), eta Ana Temprano Bidebietara itzuliko da lehen aldiz, udan Bera Bera utzi eta gero. Aitortu du «berezia» izango dela, baina garbi utzi du irabaztea besterik ez duela buruan.

Julen Etxeberria.
2018ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aste berezia izan da hau Ana Tempranorentzat (Oviedo, Espainia, 1984), aspaldiko partez, aurkari moduan ariko baita Bidebietan. 2013ko udan iritsi zen Bera Berara, Zuazotik, eta aitortu du Donostian egindako garaia «mugarri» izan zela bere kirol ibilbidean. «Ordu arte, ikasketak eta eskubaloia maila berean zeuden. Bera Beran, ordea, aldatu egin nituen lehentasunak: eskubaloia jarri nuen gainetik». Lau urtez eutsi zion apustuari, liburuak baloi txikiaren gainetik jarri eta Zuazora itzultzea erabaki zuen arte.

Bera Beraren aurka, aurreko lau urteetan zure taldea izan zenaren kontra jokatuko duzu gaur. Zer dio zure barruak?

Berezia izango dela. Lau urtez nire etxea izan zen, eta izugarri ondo tratatu ninduten. Oso maitatua sentitu nintzen. Bidebietan jokatzeko irrikan nago.

Zein oroitzapen duzu han bizitakoaz?

Oso oroitzapen onak ditut, baita une txarrenenak ere, oso talde batua ginelako, familia bat bezalakoa. Horren falta sumatzen dut.

Sarritan esan duzu Bera Berara joatea «mugarri» izan zela zure kirol ibilbidean.

Kirolari orori gustatzen zaio talde handi batean jokatzea, eta nik aukera izan nuenean ez nuen zalantza egin. Lau urtez aritu nintzen tituluak irabazteko lehian, eta hori ederra da edozein kirolarirentzat.

Bederatzi titulu irabazi zenituen, eta Txapeldunen Liga ere jokatu zenuen.

Ia perfektua izan zen dena. Nire kirol ibilbideko garairik onena izan zen. Pena bakarra dut: Txapeldunen Liga behin baino gehiagotan ez jokatu izana, nahiz eta horretarako sailkatu ginen. Klubak ahal zuen guztia egin zuen, baina alferrik. Dirua dirua da.

Pentsatzekoa da kostako zitzaizula Bera Bera uzteko erabakia hartzea.

Noski, batez ere nire kirol ibilbidean aurrera egiteari uko egin behar izan niolako, noiz eta talde handi batean ari nintzenean; oso zoriontsu nintzen, gainera. Baina ikasi beharra nuen, horrek emango baitit jaten etorkizunean.

Beti izan duzu oso argi ezin zenituela ikasketak alde batean utzi.

Bai, eta Bera Beran egin nuen azken urtean, fisioterapia ikasten hasi nintzenean, konturatu nintzen ezinezkoa zela biak aldi berean egitea, ikasketa ordu gehienek entrenamenduekin bat egiten zutelako. Horregatik erabaki nuen lehentasunak aldatzea. Baina ez nuen nahi eskubaloia kolpe batean utzi, eta Zuazo aukera aproposa zen jokatzen jarraitzeko, baina koska bat beherago, horrenbesteko presioa izan gabe.

Amorru ematen du jakiteak eskubaloiaren eta bereziki emakumezkoen eskubaloiaren egoera bestelakoa balitz posible izango zela biak aldi berean egitea?

Dagoena dago. 18 urterekin, egin dezakezu ikasten hasi, eta sei bat urtean amaitu ikasketak. Baina nik 34 urte egin berri ditut, eta ezin dut halakorik egin. Erabaki zaila izan zen, baina hartu beharrekoa. Ez naiz damu. Gainera, ondo nabil ikasketetan. Ikasgai baten notaren faltan, gainditu egin ditut guztiak. Sakrifizioak, behintzat, merezi izan du.

Faltan sumatzen duzu titulu guztiak irabazteko lehian dabilen talde batean aritzea?

Bai, baina presioa txikiagoa da hemen, eta errazagoa da eramaten. Lasaiagoa da hau. Oso argi dugu zein den gure helburua: ligan ahal den goien sailkatzea eta kopan ahal dugun urrutien iristea.

Aldatu al da kluba duela lau urte joan zinenetik?

Bai, eta onerako. Pixkana-pixkana gauzak ondo egiten ari dira, eta saiatzen ari dira taldea profesionalagoa izan dadin. Eskertzekoa da ahalegina.

Zuazok hainbat fitxaketa egin zituen aurreko sasoia amaitu aurretik, baina azkenean taldea ez zen Europarako sailkatu. Kolpea izan zen?

Eskaintza bati baietz esaterako orduan kontuan hartu beharreko zerbait da taldeak Europan jokatuko duen edo ez, hori oso erakargarria baita. Kolpe gogorra izan zen azken jardunaldian Europatik kanpo geratu izana. Ea aurten zaleei min hori arintzen diegun, Europarako sailkatuta.

Espainiako Liga eta Kopa, horiek dira zuen lehentasunak. Aurrenekoan, espero baino gorabehera gehiago izan dituzue.

Bolada txar bat izan genuen urri amaieran eta azaro hasieran, eta hiru partida galdu genituen jarraian, Ro'Casaren, Malagaren eta Guardesen aurka. Hori dezenteko zama izan da sailkapenari begira. Baina etenaldiak mesede egin digu, denbora izan dugu elkarrekin asko entrenatu eta egokitzapenean aurrera egiteko. Ziur naiz gora egingo dugula.

Etxean sendo ari zarete —sei partidatik bost irabazi dituzue—, baina etxetik kanpo sufritzen ari zarete —sei neurketatik bi besterik ez duzue irabazi—.

Aspaldiko gabezia da hori. Hemen jokatu nuen sasoian ere talde sendoa ginen etxean, baina samurra etxetik kanpo. Saiatu behar dugu talde lehiakorragoa izaten. Duela bi aste egin genuen, Maviren kantxan berdinduta. Ea horri segida ematen diogun.

Pozik zaude orain arte egin duzun lanarekin?

Bai, baina lehiakortasun handia dugu taldean bertan. Maddi Aallaoso ondo ari da, eta azken partidan, adibidez, ez zidan jokatzeko aukerarik eman.

Gaur, Bera Bera izango duzue. Neurketa berezia bezain zaila izango da.

Hala da. Aldaketa dezente izan ditu, eta horiek erabat egokitu beharrean dira. Hala ere, oso ondo ari dira. Oinarria betikoa da, etafitxatu dituenekin asko irabazi du kanpoko jaurtiketetan. Buru-belarri ari gara lanean horri aurre egiteko. Bere jaurtitzaileek deseroso joka dezaten lortu behar dugu.

Zein izango da partidako gakoa?

Defentsako lana. Askotan jokatu dugu elkarren aurka, eta, beraz, sekretu gutxi dago. Biziena denak irabaziko du. Ea gu garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.