Ikasi dute nola egin

Azken sasoietan ez bezala, sendo dabil Reala ere Anoetatik kanpo, eta hori baliatu nahi du laugarren postuari eustekoEtxetik kanpoko azken bederatzi lehietatik zortzitan lortu du gutxienez puntu bat

Donostia
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Etxetik kanpo atera beharko ditu babak eltzetik datozen asteetan Realak sailkapeneko laugarren postuari eutsi ahal izateko. Etzi Vallecasen jokatu ondoren, Sadarrera joango dira txuri-urdinak, Osasunarekin indarrak neurtzera. Hilabete amaieran, berriz, Valentzia hartuko dute, eta, horren ondotik, Getafen ariko dira. Txapelketaren tarte gogor horrek argituko du hein handi batean sasoiaren azken txanpari ekiterakoan Realaren benetako helburua zein izango den. Neurria ematen baldin badu, esku-eskura izan dezake saririk potoloena: Txapeldunen Ligarako sailkapena. Pisu handiko erronka izan arren, Realak erakutsi du orain arteko bidean zama hori garraiatzeko gaitasuna baduela, hots, zelairik zailenetan ere izaera lehiakorra azalera dezakeela emaitza onak eskuratzeko. Bestela, ezinezkoa zatekeen eman dituen aurrerapauso handiak eman izana eta baikortasunez beteta egotea.

1. Zaharrak zahar

Okerrak zuzendu ezean, ezinezkoa da bidean aurrera egitea. Philippe Montanierrek eta haren jokalariek ezin argiago adierazi zuten denboraldiaren hasieran Anoetatik kanpoko sufrikarioa nola edo hala eten beharra zegoela mailari eusteaz kanpoko kontu gozoagoez hitz egiteko.

Aurreko bi sasoietan emaitza kaskarrak lortu baitzituen Realak. Martin Lasarteren aginduetara, bigarren talderik ahulena izan zen, eta entrenatzaile frantziarraren aurreneko saioan sailkapeneko azken lau sailkatuak baino ez ziren moldatu baldarrago. Bi aldietan, gainera, ez zuten garaipenik lortu txapelketako bigarren itzulietan. Hain zuzen ere, gabezia sakon hori estaltzean datza txuri-urdinek denboraldi honetan emandako jauzi itzelaren arrazoiak. Zaragozan irabaziz hautsi zuen muga, eta gerora soberan frogatu zuen era guztietako baldintzak gaindi ditzakeela. Adibidez, Athletic eta Atletico Madrilen zelaietan, hurrenez hurren, hamabi eta hamar urte zeraman bi besoak altxa ezinik. Hori dela eta, itxaropentsu ez ezik, bere indarretan sinetsita zelairatuko da Reala igandean Rayo Vallecanoren zelaira. Duela 24 urte eskuratu zuen azkenekoz garaipena han, eta betidanik izan ditu lanak kaiola horretatik ihes egiteko.

2. Golak, banatuta

Chory Castrok sartu zuen denboraldiko lehen gola, Camp Noun. Etxetik kanpoko bigarrena Zurutuzarena izan zen. Kapitainek sasoiaren hasieran azaldu zutenez, denbora kontua baino ez omen zen izango aurrealdekoen susperraldia. Eta bete-betean asmatu zuten, talde txuri-urdinaren zorionerako. Griezmannek, Xabi Prietok, Velak, Ifranek eta Agirretxek pixkana ekin zioten arerioa gogaitzeari, eta zeregin horretan aurreikusi gabeko laguntza jaso zuten atzealdetik. De la Bellak eta Mikel Gonzalezek markagailua irauli zuten Mestallan, eta Elustondoren burukada bati esker urratu zuen puntua Balaidosen. Guztira 23 gol sartu ditu Realak Anoetatik urrun, pasatako bi denboraldi bakoitzean lortutako kopuruaren gainetik.

Hamar jokalarik ospatu dute golen bat edo gehiago etxetik kanpo. Xabi Prietok bost sartu ditu.Bera da gol gehien sartu dituena. Griezmannek bat gutxiago darama (lau) eta Velak eta Agirretxek hiruna aldiz gainditu dute aurkariaren atezaina. Goiko lerroan mugitzen direnen zehaztasun eta zorroztasunaren seinale da hori.

3. Ez daude bakarrik

Valladoliden, Malagan, Valentzian, Granadan, Zaragozan, Bilbon, Vicente Calderonen eta Cornella-El Praten bildu ditu puntuak Realak. Tartean Santiago Bernabeun baino ez zuen galdu. Beraz, Donostiatik kanpo jokatutako aurreko bederatzi partidetatik zortzitan emaitza ona ateratzeko modua izan zuela. Real Madrilek berak baino fidagarritasun handiagoa erakutsi du, esaterako. Nahiz eta kanpoko hurrengo bi lehiak zein baino zein zailagoak izan, txuri-urdinek baikor egoteko argudioak han eta hemen topa ditzakete, hortaz.

Baina sailkapeneko areriorik zuzenenak ere serio dabiltza lanean. Valentzia izango omen da aurkaririk gaiztoena. Ez dabiltza oso oker horrela pentsatzen duten horiek. Ernesto Valverde Mestallakoen aulkian eseri zenetik 31 puntu atera dituzte, lehia bakoitzeko bi. Asko dira. Horri eutsiz gero, estu hartuko dute Reala. Malaga bera talde irabazlea da, baina ikusi beharko da zer-nola eragiten dion Dortmundeko porrot mingarriak. Izenez eta izateaz bi horiek izan beharko lukete kontrariorik gogorrenak, laugarren tokian amaitzeko borrokan. Gehiago ere izan daitezke, noski. Betisek ez du amore eman nahi. Getafe ere gorantz begira jarri da azken zazpi lehiatan hamabost puntu lortu eta gero, eta Rayoren inguruan edozer gauza pentsa daiteke, talde arriskutsua baita zentzu guztietan. Horregatik izango da garrantzitsua etzi jokatu beharreko norgehiagoka. Paco Jemezek entrenatutako taldea jazarpen lanetatik kanpo uzteaz gain, Realak ez lioke ahulezia keinurik erakutsiko hurbil-hurbileko aurkariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.