Ikasle aurreratua

Julen Aginagalde irundarra garaiz osatuko ote den zalantzarekin, Eduardo Gurbindo iruindarra da bihartik aurrera Danimarkan Europako Txapelketan ariko den euskal jokalari bakarra.

Ikasle aurreratua.
Julen Etxeberria.
2014ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Axola zaizu jolas orduan deitzen badidazu? Libre nago orduan». Lotsa-lotsa eginda mintzo zen Eduardo Gurbindo (Iruñea, 1987) BERRIAk harekin lehen aldiz hitz egin zuenean. 2004ko iraila zen, eta Gurbindo Batxilergoko bigarren mailan zegoen 16 urteko nerabe bat besterik ez zen. Ordurako, ordea, bolo-bolo zebilen haren izena. Asobal ligan, Espainiako maila nagusian, debuta egin berri zuen Portland San Antoniorekin, eta horrek komunikabideen arreta bereganatu zuen.

Ia hamar urte joan dira ordutik.Gurbindo gaztea da oraindik —26 urte ditu—, baina heldu egin da. Asko. Ahotsean ere nabari zaio urteen joan-etorria. Gaztetako ahots zoli eta dardarti horren arrastorik ez dago. Tonu lodia du orain, eta patxadaz hitz egiten du. «Urteek beste patxada bat ematen dute. Gainera, makina bat elkarrizketa egin dut orduko hartatik», bota du barrez ordukoa gogoratuta.

Danimarkatik mintzo da. Han ariko da bihartik aurrera Europako Txapelketan. Iruñean behar zuen egon, oporretan. Haren izena ez zen ageri Manolo Cadenas Espainiako hautatzaileak egindako lehen deialdian, baina Alex Duixebaevek min hartu izanak ireki dio atea. Errege egun bezperan jaso zuen berria. «Oporretan nengoen Iruñean hautatzaileak deitu ninduenean. Ea jokatzeko prest nengoen galdetu zidan. 'Jakina baietz!', erantzun nion berehala. Bartzelonara joan [han bizi da, Bartzelonan jokatzen baitu], kirol oinetakoak hartu, eta Madrilera joan nintzen di-da batean, selekzioaren egonaldira».

Aitortu du erritmo «pixka bat» falta zaiola, oporretan zegoelako, «lasai-lasai». Baikor da, hala ere. «Espero dut bete-betean lan eginda erritmoa hartzea». Ez du izango, behintzat, egokitzapen arazorik. Gaztea izan arren eskarmentu dezente baitu selekzioen arteko lehiaketetan. Laugarren lehiaketa du Espainiarekin, hirugarren Europako Txapelketa. Orain lau urte aritu zen estreinakoz, Austrian, eta orain bi urte berriro aritu zen lehian Serbian. Tartean, Munduko Txapelketa jokatu zuen Suedian, eta brontzezko domina irabazi, «nire kirol ibilbideko lorpenik handiena». Iaz, ordea, ez zen aritu Espainiak antolatu eta irabazitako Munduko Txapelketan. Bartzelonako Palau Sant Jordiko harmailatik ikusi zuen bere taldekideen garaipena, «pozik, baina inbidia puntu batekin».

Jarduneko munduko txapelduna da Espainia, nahiko arrazoi eskuin alboko iruindarrentzat aurkari guztiek hura «jomugan» izan dezaten. «Denok nahi diote irabazi txapeldunari. Hori hala da beti. Horregatik, badakigu oso zaila izango dela iaz egindakoa errepikatzea. Helburua finalerdietara iristea da, eta han dominen bat irabazteko lehian egotea. Baina, horretarako, ezin dugu huts egin lehen eta bigarren ligaxkan». Ondo ikasia du aurkari zuzenen zerrenda. «Betikoak dira: Frantzia, Kroazia, Danimarka...».

Espainiak zutabe garrantzitsu bat faltako du, Arpad Sterbik atezaina, Gurbindoren taldekide eta munduko atezain onena Thierry Omeyer frantziarrarekin batera. Hori gutxi ez, eta Espainiaren beste zutabe garrantzitsu bat kolokan dago: Julen Aginagalde pibot irundarra. 2012an munduko jokalari onenen artean hirugarren izandakoak min du ezker hankako aduktorean, eta zalantzan dago jokatu ahal izango duen. Hutsune handia utziko dute biek. Edozein selekziok, jokalari bikainez osatutakoa egonda ere, nabarituko luke haien falta. «Horri aurre egin beste erremediorik ez dugu. Hemen gaudenok barruan duguna eta gehiago eman beharko dugu hori nabaritu ez dadin».

Etengabeko garapena

Gurbindok beste motibo bat du barruan duena eta gehiago emateko: denboraldi amaieran amaitzen zaio kontratua, eta Bartzelonako ordezkariak konbentzitu nahi ditu. Hori du lehentasun, Bartzelonan segitu. «Bartzelona oasia da basamortuan, Asobal ligan. Hemen badakigu ez dugula arazorik izango kobratzeko».

Ez dago haren esku, ordea. Klubak du azken hitza. Argi duena da eskubaloi jokalari izatea duela ogibide, eta baloi txikiaren jirabiran jarraitu ahal izateko urrun joan behar badu joango dela. Horretan ez du zalantza egingo. Ez zuen egin Jackson Richardson, Mateo Garralda eta enparauen altzoa utzi eta 19 urterekin Torrevellara (Herrialde Katalanak) jokatzera joan zenean. Ez zuen ere egin bi urte geroago Txapeldunen Liga jokatzeko Valladolidera joan zenean (Espainia). Eta gutxiago egin zuen 2012ko udan tituluak irabazteko Bartzelona ahaltsurajoan zenean. Bete-betean asmatu du beti. «Ezin dut gehiago eskatu. Tira, bai, Bartzelonan jarraitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.