Erronka berrien eta garaipenen bila, apustu handia egin zuen urte amaieran Jaime Busto trial gidariak (Gorliz, Bizkaia, 1997): Honda utzi, eta Gas Gas taldearekin fitxatzea. Bada, egindako urratsak izan du saria. Asteburuan Munduko X-Trial Txapelketako proba bat irabazi du estreinakoz, Parisen, eta berretsi du etorkizun oparoa duen gidaria dela. «Oso pozik nago. Hilabeteak daramatzagu gogor lan egiten, eta hau sari bat da», esan zuen garaipena lortu ostean. Gaztea izan arren, eskarmentu eta lasaitasun handiz mugitzen da zirkuituan. Ikasle finenen pare, ederki baliatu ditu Toni Bourek —22 aldiz izan da munduko txapeldun— eta Marc Colomerrek —lau aldiz izan da munduko txapeldun— emandako gomendioak eta ikasgaiak. Etorkizunean Bustok izan nahi du munduko txapeldun.
Lehen kanporaketa aise gainditu ostean, bigarrenean aurkari gogorrak izan zituen Bustok: Bou bera eta Takhisa Fujinami. Munduko Txapelketako azken-aurreko proba zen Pariskoa, eta Bouk ziurtatua du titulua. Beraz, ez zuen arriskatu, bizkarrean mina baitu. Bustok hori baliatu zuen, eta, zortzi punturekin, finalerako sailkatu zen. «Egia esan, bigarren kanporaketa probako onena izan zen. Oztopo gune bat nik baino ez nuen gainditu, eta horrek indar eta ziurtasun handia eman zidan finalerako».
Finalean, Adam Raga izan zuen kontrario. Eskarmentu handiko gidaria da Raga, eta halako egoeratan ondo moldatzen da. Baina Bustok ondo eutsi zion. Tenplea duen gidaria dela erakutsi zuen. Ondo hartu zuen mendean motorra, eta oztopo bakoitza zehaztasun handiz gaindituz joan zen. Sei puntu batu zituen, eta Ragak erdia: hiru.
Garaipenarekin, azken probetako arantza kendu ahal izan du. «Motorra ez zebilen guk nahi bezala. Baina aurreko proban jada nabaritu genuen erritmo hobean ari ginela, eta uste genuen Parisen emaitza onak lortzeko moduan egongo ginela». Garaipen horrekin laugarren dago Munduko Txapelketako sailkapenean, 50 punturekin. Hungarian jokatuko da sasoiko azken proba. «Ez dugu ezer jokoan, baina maila berean aritzea gustatuko litzaidake».
Ondoren, aire libreko Munduko Txapelketa prestatzen hasiko da. «Pistakoan hobeto moldatzen naiz, gehiago arriska dezakedalako, eta hori da nik gustuko dudana. Baina aurreko urtean aire librekoan hirugarren izan nintzen, eta postu hori hobetu nahiko nuke».
Egokitzapen azkarra
Lehen denboraldia du Gas Gas taldean. «Oso pozik» dago. «Ez nuen espero emaitzak hain azkar lortzea. Izan ere, motorra oso desberdina da aurreko sasoikoarekin alderatuz. Orain dudana bi denborakoa da, eta aurrekoa laukoa zen». Baina non dago aldea? Hona hemen azalpena: «Hau arinagoa da, eta errazago mugitzen da. Baina motor aldetik indar handiagoa du, eta uste nuen gehiago kostatuko zitzaidala egokitzea. Taldeak, ordea, asko lagundu eta erraztu dit egokitzapena».
Talde aldaketarekin asmatu duela uste du. Izan ere, Bouren itzalean hiru sasoi egin eta gero, bere bidea egin nahi zuen. Baina txapeldunari 2021era arte kontratua luzatu ostean, argi ikusi zuen Hondan zaila izango zela. Beraz,Gas Gasen eskaintza «erakargarria» onartu zuen. Proiektu eta motor lehiakor bat eskaintzeaz gain, Colomer pilotu ohia taldekoburu izatea erabakigarria izan zen eskaintza onartzeko. «Astean behin harekin egoteko aukera dugu, eta gomendio asko ematen dizkigu». Colomerrek berak Bustok Parisen egindako lana nabarmendu zuen: «Hain gaztea izanda, oso ondo kudeatu du presioa, eta balio handia ematen diogu. Bide onetik goaz».
Azpiko mailetan titulu guztiak lortu ostean, etorkizunean erronka zein den argi du Bustok: «Munduko Txapelketa irabazi nahiko nuke. Argi dago orain zaila dela, Bou koska bat gorago dagoelako. Ez dut eperik jarri nahi. Baina talde honek horretarako gaitasuna du».
Jaime Busto
Ikasle finenen pare
Munduko X-Trial Txapelketako proba bat irabazi du estreinakoz Jaime Busto motor gidariak. Hiru urtez Toni Bouren itzalean egon eta gero, lehen denboraldia du Gas Gas taldean, eta ongi ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu