Neguko Olinpiar Jokoak Sotxin. Paul de la Cuesta

«Ikastera ez, erasora noa, arriskatzera, dena ematera»

Orain lau urte Vancouverren bizi izandakoari helduta iritsi da Paul de la Cuesta, bigarrenez, Olinpiar Jokoetara. Lehen hamabost postuak buruan, jaitsiera eta super erraldoia dauzka begiz jota.

unai zubeldia
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Ez da hasiberria. Badaki erortzea zer den. Altxatzea zer den ere bai. «Indar eta gogo ikaragarriarekin noa Sotxira». Esperientziaren izenean hitz egin du Paul de la Cuestak (Donostia, 1988). Lau urte atzera Vancouverren oso txukun ibilita, onenei parez pare begiratu nahi die Sotxin. Ezagutzen ez zuen harekin «gozatzea» zen helburua Kanadan. «Ikastea». Baina lau urteko entrenamendu plan gogorraren ondoren, erronka bota dio bere buruari. «Garapen ona izan dut lau urteotan. Oso gogor lan egin dut, eta lan hori fruituak ematen ari da. Fisikoki Vancouverren baino hobeto nago». Orain lau urte, estreinako jokoetan, 30 onenen artean sartzeko helburua jarri zion De la Cuestak bere buruari —32. postuan amaitu zuen eslalom erraldoia—. «Eta jaitsieran edo super erraldoian hamabost onenen artean sartu nahi dut orain; bi proba horiek prestatu ditut ondoen».

Hori bai, super konbinatua da diziplinarik zailena, «eslaloma tartean egonda, hutsegite gehiago egoten direlako». Ez du baztertzen diziplina horretan ere ezustekoren bat ematea. «Teknikoa eta zaila» da Olinpiar Jokoetako pistaren goiko zatia. «Eta dezente samurragoa behekoa; ez hain zaila». Beretzat «egokia» izan daitekeela uste du donostiarrak. «Nahiz eta eguraldiak zerikusi handia izango duen». Bihar hasiko da lehian, jaitsierarekin (Euskal Herrian 08:00 direnean), eta super konbinatuan, super erraldoian eta erraldoian lehiatuko da. Krasnaia Polianako eski estazioan ariko da lehian donostiarra, Kaukaso mendikatearen eta Itsaso Beltzaren artean.

Olinpiar Jokoetarako erabat baikor dagoen arren, onartu du azken hilabeteak ez direla izan egoki-egokiak. «Munduko Kopan ez dut lortu 30 onenen artean sartzerik; denboraldi-aurrean egindako lanaren ondoren, uste baino maila apalagoan ibili naiz. Beaver Creeken, esaterako, AEBetan, oso ondo sentitu nintzen entrenamenduetan, baina, eguraldi txarraren eraginez, 46. postuan amaitu nuen azkenean». Europan erosoago ibili da —12. postua lortu zuen Crans Montanan (Suitza), super erraldoian—. «Erritmoa berreskuratzea lortu dut lasterketa horietan, eta askoz gusturago ibili naiz».

De la Cuesta asko hazi da eskiatzaile gisa. «Alor guztietan egin dut hobera», onartu du, seguru. «Badakit Olinpiar Jokoak zer diren, eta ikastera ez, erasora noa, arriskatzera, dena ematera». Ez dio lorik kentzen hamar eguneko tartean lau diziplinatan lehiatu beharrak. «Lehiatzen ohituta gaude, nahiz eta egia den jokoetan neke handiagoa pilatzen dela. Tentsioa handiagoa izaten da, komunikabideak gain-gainean egoten dira, oihartzuna ikaragarria izaten da... Egunen joanarekin, nabaritu daiteke neke hori, baina hori guztia nola barneratu ere ikasi nuen Vancouverren». Lau diziplinatan parte hartzeko «indarrak neurtu» behar direla argitu du donostiarrak. «Buruari dagokionez, batez ere. Atseden egunak, otorduak... Den-dena ondo zaindu behar da lehiaketa egunetan bete-betean egoteko».

Inor gutxik daki De la Cuestak baino hobeto lehiatuko den diziplina bakoitza nolakoa den. Zehatz aztertu ditu laurak. «Jaitsiera da azkarrena, adrenalina gehien pilatzen dena. Jauzi handiak egoten dira ibilbidean». Super erraldoia «motelxeagoa» da. «Baina ezinbestekoa da pista ondo ezagutzea, lehen jaitsieran egoten delako gakoa». Jaitsiera eta eslaloma uztartzen ditu super konbinatuak. «Eta hor pilatzen dira pistako irteera eta hutsegite gehienak. Eslalomak eraginda, oso diziplina zaila da, eta baliatu egin behar izaten dira gainerakoen hutsak». Erraldoian, berriz, bi txanda jokatzen dira. «Super erraldoian baino motelagoa izaten da abiadura, baina bihurgune gehiago egoten dira. Atez ateko distantzia 19-30 metro artekoa izaten da».

Neurriz kanpoko segurtasuna

Krisiak eraginda, denboraldi honetan entrenatzaile aldaketa izan du De la Cuestak taldean. «Baina oso-oso pozik nago. Teknikoki dezente egin dut hobera, eta gustura ari naiz eskiatzen». Lehiatzeko grina areagotu dio aldaketak. Jokoak Errusian lehiatuta gezurra badirudi ere, ohi baino eguraldi epelagoa dago iragarrita Sotxirako. «Gehienez ere zero azpitik hamar gradu izango ditugula iragarri dute, eta hori ez da oso normala neguko kiroletan». Aitzakia guztiei atea itxi die, ordea, donostiarrak.

Batean eta bestean kirol arloa baino gehiago ari da azaltzen segurtasuna eta eraso arriskua. «Errusiar batzuekin hizketan aritu naiz, eta hoteletan botila bat ur hartzea bera ere zaila izango dela esan didate. Neurriz kanpoko segurtasuna izango dugu». Eta hori ere «nekagarria» izan daiteke azkenerako. «Baina gure segurtasunaren aldeko neurria izango denez, babestu beste erremediorik ez daukagu. Lehiatzen hasi arte ez dugu jakingo, ordea, zerekin topo egingo dugun». Fisikoa eta teknika bakarrik ez, buruko indarra ere eskatzen du eskiak, eta horixe da De la Cuestaren indarguneetako bat. Hamabostarekin itsututa dago. «Nire esku dagoen guztia egingo dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.