Mendi lasterketa handietan punta-puntan ibili ostean, erretiratzea erabaki du Iker Karrera amezketarrak (Gipuzkoa). Hala jakinarazi du gaur goizean, Twitterren idatzi duen mezu batean:
Iritxi da eguna. Hau izango da nere azken dortsala.
— iker karrera (@iker_karrera) 2018(e)ko abuztuaren 27(a)
Llegó el día. Este será mi último dorsal.
Eskerrik Asko denori! Gracias!" pic.twitter.com/AVYGOwqjFd
Azken dortsala erakutsi du, gaur bertan erabiltzen ari dena, Mont Blanceko Ultratraileko zazpi karreretako batean. Petite Trotte en Leon (PTL) taldekako raidean ari da parte hartzen. Hirurehun kilometroko ibilbidea, 25.000 metroko desnibel positiboarekin. Zigor Iturriarekin ari da parte hartzen, eta baliteke lasterketak ostiralera arte irautea.
Lasterketa abiatu aurretik BERRIAri emandako elkarrizketan, gogotsu ageri dira Karrera eta Iturrieta. Eguraldiak kezkatzen du gehien Karrera, eta, dioenez, zaila da estrategia zehaztea zer eguraldi izango den jakin gabe: "Material mota eta kopurua, horrek baldintzatuko digu. Lo noiz egin? Hitz egin dugun zerbait izan da: ekaitzak gogor jotzen badu, ahal bada geratu eta lo egiteko aprobetxatu. Ahal den arinen ibiltzen saiatuko gara, baino inork ez du alferrikako pisurik eramango".
Lasterketa handi batean parte hartuz erretiratzea erabaki du. Honela definitzen baitu Mont Blanceko Ultratraila: "Mendiko lasterketen munduan bi egun daude gorriz azpimarratuta: Zegama-Aizkorri, egoten den giro eta mailagatik, eta, gero, UTMB, ultratraila hizki larriz idatzita. UTMB ez da izango munduko lasterketarik politena, ezta gogorrena ere, baina mugitzen diren zenbakiak ikusgarriak dira. Lasterketa baino bi aste lehenago, dagoeneko hasten da nabaritzen hango kaleetan lasterketa giroa, eta azken astean han biltzen gara 7.000 korrikalari inguru mundu guztitik etorriak. Ikustekoa da han daukaten egitura eta antolakuntza; mendiko lasterketa bat eman beharrean, puntako beste edozein kirol probaren jaia ematen du hark".
Aurretik ere korrika egina da Karrera Mont Blancen. 2011n eta 2014an bigarren izan zen ultrarrailean. Han ez ezik, mundu osoan ere lehiatu da. Nolan's 14 AEBetako mendi erronka ezaguneko marka jarri zuen iaz, esate baterako.
BERRIAk 2015ean egin zion elkarrizketan nabarmendu zuen mendia "bizitza ulertzeko modu bat" dela harentzat, lehiaz harago.