Aspaldi zegoen osasunez larri, joan den udan biriketako transplante bat egin ziotenetik, eta atzo hil zen Niki Lauda, etxean, familiaren babesean. 70 urte zituen.
Haren heriotzarekin, 1 Formulak bere ikurretako bat galdu du. Ikurra pistan eta pistatik kanpo nabarmendu baitzen. Pistan, arrastoa utzi zuen. Hamahiru urtez lehiatu zen 1 Formulan, bi alditan banatuta: 1971tik 1979ra eta 1982tik 1985era. Bi aldiz izan zen txapeldun lehen aldian —1975ean eta 1977an Ferrarirekin— eta beste behin bigarrengoan —1984an, McLarenekin—. 1976an, zuzenean txapeldun izatear egon zen, baina istripu larria izan zuen Nuerburgringen (Alemania). Su hartu zuen haren autoak. Hiru gidarik atera zuten autotik, onik, baina erredura larriekin. Handik sei astera itzuli zen lehiara. Istripu horrek, baina, bizitza baldintzatu zion.
Erretiroa hartuta ere ez zen geldi egon: Lauda Air konpainia sortu zuen, Jaguar taldeko arduradun izan zen, eta beste talde batzuekin ere ibili izen. 2012tik Mercedes taldeko aholkulari zen. Haren esanek zeresana eman dute maiz. Izan ere, gidari zenean bezala, Laudak ez zuen inor epel uzten.
SOSLAIA. Niki Lauda
Ikur bat galdu du 1 Formulak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu