Ikurra legenda izango da

Telmo Zarra Athleticeko aurrelari ohi mitikoa hil da bihotzekoak jota, 85 urte zituela; klubak inoiz izan duen golegile onena izan da, garai bateko taldearen ezaugarriak azkenera arte islatu dituena

jon ordonez garmendia
2006ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Adinekoa izanagatik, ezustean harrapatu ditu bere heriotzak Athletic eta athleticzaleak. Telmo Zarraonaindia Zarra (Asua, 1921) jokalari mitikoa atzo hil zen, Ezkaraiko bere etxean (Errioxa, Espainia), bihotzeko batek jota. 85 urte zituen. Taldea 1955. urtean utzi zuen arren, azkenera arte lotu zitzaion klubaren irudiarekin. Iragan zen garai bateko jokalari adierazgarrienetako bat izan zen, eta bera bezalako jokalariek eman diote klubari balio gehiago.

Marka guztiak hautsi zituen Zarrak bere garaian. Espainiako Ligako golegile nagusia da. Hugo Sanchez Real Madrileko aurrelariak soilik berdindu du 1950-1951 denboraldian Zarrak sartu zituen 38 goleko marka. «Baina mexikarrak sei partida gehiago jokatuta lortu zuen berdintzea», esango du beti athleticzaleak. Bizi zela ikur bat zen Zarra, eta heriotzan legenda izango da, Pitxitxiren moduan.1940ko irailaren 29an egin zuen debuta Zarrak Athleticen lehen taldearekin. Aurretik Pietoberetxe, Asua eta Erandiorekin jokatu zuen. Athleticek 4.000 pezeta ordaindu zituen bera fitxatzeko, eta 500 pezetako soldata jaso zuen. Guztira hamabost denboraldi egin zituen elastiko zuri-gorriarekin, eta bost denboralditan 825.000 pezeta irabaztera iritsi zen. Debutean bi gol sartu zizkion Valentziari. Iriondo, Venancio, Panizo eta Gainzarekin batera, Athleticeko aurreko lerro famatu eta eraginkorrena osatu zuen. Zale guztiek (ez Athleticekoek bakarrik) erreskadan botatzen zuten boskotea zen eurena. Atzo Reala, Real Madril eta Atletico Madrilek, beste batzuen artean, euren dolumina agertu zuten.Baina partida eta gol kopuruen gainetik, ezagutzen zutenek bere izaera nabarmentzen dute. Behin bakarrik erakutsi zioten txartel gorria, Valentziaren aurka 1944ko Espainiako Kopako finalean: «Jokoa geldirik zegoen. Alvaro lurrean zegoen, eta taldekide batek txantxetan zapaltzeko esan zidan. Nik txantxetan keinua egin nuen, baina Escartinek ikusi eta aldageletara bidali ninduen». Pertsona alaia zen. «Beti zegoen txantxa bat egiteko prest», esan zuen atzo Fernando Lamikizek. Zarraren ibilbidean badira bere kiroltasuna nabarmentzen duten bi keinu noble. Behin Malagaren aurkako partida batean, tupust egin ondoren aurkarien atezainak min hartu zuen. Jokoak jarraitu egin zuen, baina Zarrak, baloia hanketan izan arren, nahiago izan zuen kanpora bota, lurrean etzanda zegoen atezainaren lesioaren kontura gola sartu baino. Jose Anjel Iribarrek partida hori ikusi zuen zuzenean. Beste behin, Deportivoren aurkako partida batean, atezaina ez lesionatzearren Zarra bera izan zen lepauztaia hautsi zuena.Ez zen hori bere ibilbidean jasan zuen lesio bakarra izan. 1951-1952 denboraldian seigarren jardunaldian hartu zuen min eta ez zuen sasoi horretan gehiago jokatu; hiru gol sartu zituen soilik. Lesio horregatik izan ez balitz, gehiago izango ziren bere heriotzan zenbatu beharreko golak. 1954ko irailaren 26an sartu zuen azkena, 33 urterekin, Celtaren aurka. Nazioarteko Futbol Historia eta Estatistikaren Federazioaren arabera, inoiz egon den 85. golegile onena da.Hainbeste izan ziren Zarrak sartu zituen golak, zehazki zenbat izan ziren inork ez dakiela. Ligan sartu zituen golei dagokionez, zortzi goleko gorabehera dago artxibo batzuen eta besteen artean. «Ez ziren ez asko eta ez gutxi izan. 200 inguru uste dut», esan zuen behin. 253 dio Athleticek. Aurrelari indartsua zen, eta errematatzaile aparta. Buruz nabarmentzen zen. Winston Churchillen ondoren, Zarraren burua Europako onena zela esan ohi zen garai horretan. Golak aspaldi utzi zituen arren, hutsunea handia izango da. Iragan zen garai bateko ikurretako bat joan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.