Denbora galtzea. Lau partida ikusi nituen igande eguerditik astelehen gauerdira bitartean. Eta lauretan seko aspertu nintzen. Ekin sekulako ikusminarekin ekin nion, Liverpool-Manchester United erakargarria baita. Baina berehala konturatu nintzen ikusteak min emango zidala begietan. Elkarri errespetu gehitxo gauza onerako. Banuen gogoa Malaga-Osasuna ikusteko ere. Oso garrantzitsua zen bi taldeentzat, baina hortik haratago, nafarrek erresumatik at beste itxura bat emango ote zuten jarri nituen begiak. Egiari zor, ez nuen ikusi nahi nuen guztia. Baina pixka bat asko omen... Gero, Athletic-Sevilla etorri zitzaidan. Neure baitan pentsatu nuen Osasunarenean baino erritmo biziagoa erabiliko zutela, eta esperantza horretan... Baina ez. Lotua izan zen partida. Bukatzeko, Realaren neurketa herenegun. Hamabost minutu aski izan nituen ondorengoaz jabetzeko: Deportivok irabaziko zuela eta Realak partida txikia egingo zuela. Bai asmatu ere.
Atzera eta atzera. Lau partidetan ezaugarri bera ikusi nuen: zortzi taldeek lerroak atzeratzen zituzten baloia erasoan galtzen zuten ia gehienetan. Baloia aurkariek kendu, eta atzera. Batzuek gorago, besteak beherago, baina denak karramarroarena egiten. Aurkariek baloia hartzen zutenean, talde osoa zeukaten parez pare, «etorri zaitez nigana, etorri, etorri, harrapatuko zaitut eta» pentsatuz bezala. Atzeratu, lapurtu eta kontraerasoa baliatu. Horra zortzi taldeen estrategia. Salbuespenak ere izan ziren. Osasunak, esaterako, Malaga bere zelaian estutzen zuen tarteka, Deportivo ere saiatzen zen gauza bera egiten, Athletic ere bai batzuetan. Baina presioak kale egiten zuen aldiro, han joaten ziren denak atzera. Neurri horren ondorioetako bat da erritmoa jaisten diola partidari. Eta bai jaitsi ere lau neurketetan. Baina hona galdera bat-batean: baloiaren jabe egiten zirenean, erritmoa bizitzeko neurriak hartu al zituzten taldeek? Nahi ez, eta are larriagoa: ezin.
Sakontasunik ez. Zortzi taldeek zeharkako jokoaren aldeko apustua egin zuten baloiaren jabe egiten zirenerako. Pase motzak oinarri. Ikusita aurkariek ez zituztela ia batere estutzen, eta ondorioz nahikoa denbora zutenez elkarri paseak emateko, nekez jotzen zioten baloiari aurreneko ukituan. Beti ziren bi, hiru edo lau ukitu, eta baloia oinetan eramaten ez zutenean, gaitzerdi. Hartu baloia, eta eraman hegal batetik bestera, horizontalean. Sakontasunik batere gabe. Horrela ibili ziren. Aurkaria, bien bitartean, eroso asko, zain, noiz huts egingo besteek.
Taktika aldetik eskas. Baloia makal eta alde batetik bestera mantso erabiltzea gutxi ez, eta gabezia taktiko handien eraginez, baliabide gutxi sakontasuna lortzeko. Baloiaren jabe den taldeko jokalariek mugitu egin behar dute baloiaren jabe den jokalariari pase aukerak sortzeko. Askotan, geldi ikusi nituen zortzi taldeetako kideak. Eta mugitzen zirenean, ez ziren orekaren legeen arabera aldatzen lekuz. Ondorioz, zulo handiak utzi zituzten baloiaren jabea zegoen lekuetatik gertu. Eta jakina, horrek ezin baloia inori pasatu. Ez da aski baloiaren jabetza askotan izatea, ez bazaio minik egiten aurkariari. Baloiaren jabe denak aurkariaren aterantz jo beharra dauka, gola helburu, emaitza aldekoa ez duenean. Eta horretarako ondo menderatu behar dira kontzeptu taktikoak, batez ere bakarkakoak —aurkaria atzean uzteko mugimendu sorta, baloia ez dagoen lekura begiratzea mugimendu egokia egiteko gero, eta abar—. Baina eskas dabiltza futbolariak horretan. Arlo horretan aberatsagoak balira, ez lirateke hain partida aspergarriak ikusiko. Ezta aurkariak lerroak atzeratzeko erabakia hartzen duenean ere. Ikusi eta ikasi egingo genuke hartara, baina eskasia horretan murgilduta dauden bitartean, ikusi bai, baina ikasi, apenas. Salbuespenak salbuespen.
Aulkitik begira
Ikusi eta ez ikasi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu