Ikusi gabe ez dago sinesterik. Hori da hori giroa bizi izan zutena atzo Athleticeko jarraitzaileek Madrilgo kaleetan, eta, batez ere, Athletic Hirian. Zale zuri-gorriek ez daukate etenik. Euren hiztegitik kanpo dago kito hitza. Hegazkinez, trenez, autoz, motorrez, bizikletaz, lasterka. Modu guztiak baliatuta iritsi ziren 40.000 zuri-gorri inguru hiriburura, eta bertako nagusi egin ziren berehala. Gehienak poltsikoan partidarako sarrera zutela, beste batzuk ez. Baina guztiak, hori bai, bihotza Athleticenganako sentimenduaz beteta. Taldeak irabazi ala galdu, zaleak han edo hemen egon, jarraitzaile zuri-gorriak beti txapeldun.
Madrilgo Udalak ez zuen baimenik eman Athletic Hiria herenegun zabaltzeko; horregatik, zale gehienak atzo goizean goiz edo ordu batzuk lehenago heldu ziren Madrilera. Zuri-gorrien arrastoa herenegun nabaritu zen, bai, baina atzo ez zen besterik ikusi ahal izan. Eskuin zein ezker begiratu, Athleticeko jarraitzaileak nabarmendu ziren. Euskal Herrian bezainbesteko beroa egin zuen Madrilen, baina inortxo ez zen ezkutatu eta itzalean sartu. Sekulako uholde jasa egin zuten bilbotarrek.
Jendea goizean goiztik susmatu zen gune nagusian. Irekiera ofiziala 10:30ean egin zen, eta Josu Urrutia Athleticeko presidentea eta Jose Angel Iribar atezain ohia izan ziren bertan, zuzendaritzako gainontzeko kideekin batera. Iribarrek taldearen bandera altxatu zuen, zaleen txaloen artean, Hortik aurrera argazkiak ateratzea eta hedabideei erantzutea izan zen Urrutiaren eta Iribarren zeregina.
Beste behin, garbi geratu zen elkartasuna dela Athleticen sekretuetako bat: «Gure lanaren aurretik, guztiok gara taldearen zale sutsuak, eta denok bat eginda egon behar dugu. Ez zen kasualitatez sortu Athletic beti zurekin esamoldea. Oraindik ere ikaragarri hunkitzen naiz honelako egoerak ikusita». Urrutiari ere ez zitzaion irribarrerik falta ezpainetan: «Ohorea da presidente gisa une hau bizitzen egotea». Ordu erdi inguruz egon ziren gunean, eta ondoren joan egin ziren. Jarraitzaileek, ordea, bertan segitu zuten.
Nola segitu ere. Apurka-apurka jende andana hurbildu zen Athletic Hirira, eta goizeko hamabiak alderako gainezka egin zuen. Okasioak hala merezita, Jabier Angulo zalea ere bertan izan zen, gurpildun aulkian bizi arren: «Oztopo ugari izaten ditut nire egunerokotasunean, baina hemen ongi antolatuta dago guztia. Ez nuen bi aldiz pentsatu etortzeko aukera eman zidatenean. Athleticeko zaleok ez daukagu oztoporik ezertarako».
Eta bistan da, bai. Izan ere, zuri-gorriek daukaten dena ematen dute taldeagatik. Kuadrila bat Harley Davidson motorretan inguratu zen hiriburura, eta beste batzuk antzinako motor zahar batzuetan, garai bateko Athleticeko jokalarien argazki eta guzti: «1960eko motorrak dira, eta mantso ibili arren, oso seguruak dira. Ederki portatu dira Madrilerako bidean», zioen Tomas Gomezek. Limusinan ere egin zituzten 500 kilometroak Getxoko hainbat lagunek, kolore zuri-gorriz apaindurik. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik isuna jaso zuten batek baino gehiagok. Nonbait, ezin da banderarik edo antzerakorik atera leihotik.
Endikaren gola, une handia
Ez isunek, ez manifestazio ultraeskuindarreko kideen irainek, ez zuten zapuztu jarraitzaile zuri-gorrien festa. Irekiaren ondoren musikaz alaitu zen ingurua, eta zaleek bikain erantzun zuten. Behin eta berriz abestu zuten taldearen ereserkia, gogo handiz, eta Bilbotik etorritako txaranga batek alaitu zituen bazterrak. MCD taldearen kontzertua nagusitu zen bazkalorduaren aurretik, baina horren aurretik Athleticek azkenekoz irabazi zuen Koparen finaleko irudiak jarri zituzten pantaila erraldoian. Zuri-gorriak 1-0 gailendu ziren Bartzelonaren kontra, Endikaren golari esker. Bada, momentu hori ikusi zenean jarraitzaileak hunkitu egin ziren. Bati baino gehiagorik irten zitzaion malkoa: «Zuzenean jarraitu nuen norgehiagoka hori, eta ikaragarria izan zen. Bizitzan gertatu zaidan gauzarik politenetakoa. Egungo Athletic maila horretan edo hobean dagoela iruditzen zait», iritzi zion Antonio Lasadak.
Bazkalordutik aurrera ere Manchester Uniteden aurkako bi partidak izan ziren ikusgai. Pertsona bat aritu zen zeregin horretan, eta euskal kantuak ez ziren falta izan. Euskaldunak falta izan ez ziren bezala. Artean, Martxel Toledo ESAITeko kidea ibili zen: «Hemen gaude euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko, eta, bide batez, festaz gozatzeko». Egunkaririk ere ez zen falta izan. Hain zuzen ere, BERRIAk eta Vilaweb-ek elkarlanean euskaraz eta katalunieraz eginiko finalaren inguruko gehigarria banatu zen. 5.000na ale ipini ziren zaleen eskura, Athleticen zein Bartzelonaren gunean, eta eskuetatik kendu zizkieten banatzaileei. Bilbon ere 7.000 ale banatu ziren, eta Bartzelonan 3.000.
Atzoko bideo eta argazki bilduma Berria.info-n: berria.info/guregaiak/164/
Futbola. Espainiako Kopako finala: Athletic-Bartzelona
Ikusi gabe, ez sinestekoa
Autoz, limusinaz, motorrez, bizikletan, lasterka... Modu guztiak baliatuta heldu dira Athleticeko jarraitzaileak Madrilera, eta zuri-gorriz jantzi dute hiriburua. Athletic Hirian 40.000 lagun elkartu dira, giro ederrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu