Jose Javier Zabaleta ez da tantoa pixkanaka-pixkanaka heltzen duten horietakoa. Zertarako, kontrarioak kolpe bakar batekin menperatu baldin baditzake. Etxarrengo atzelariak erasora jokatzen du beti, eta sekulako zartakoak ematen dizkio pilotari. Estetikoki dotoreak izaten dira, gainera, eta asmatzen duenean, eskuinkada bortitz horiek goiko paretetara edo kanpora ihes egiten ez diotenean, gozamen hutsa izaten da hura kantxan ikustea. Atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Binakako Txapelketako zazpigarren jardunaldian, lehen itzuliko azkenekoan, ikuskizuna zartakoka eman zuen Aspekoak. Olaizola II.ak eta Aritz Beginok ezin izan zuten apaldu Ezkurdia-Zabaletaren sua, eta ia ordu eta laurdeneko lehia parekatuaren ondoren, lehen partida galdu zuten txapelketan (20-22).
Dozena erdi bat pasatxo tanto pilatu zituen Zabaletak, eta une askotan errekadistarena egitera behartu zuen Begino —Andoni Aretxabaleta min hartuta dagoelako jokatu zuen—. Beti piztu du ikusmina 22 urteko atzelariak, baina orain arte txapelketan jokatutako partidetan gehiago izaten ari ziren kaleak baleak baino.
Labriten pare bat pilota besterik ez zuen galdu erasoan. Olaizola II.a saiatu zen erauntsi hori nolabait eteten, baina ez zituen beste partida batzuetan bezainbeste aukera eduki errematerako, eta izan zituenak ez zituen ohi bezain ondo aprobetxatu. Ezkurdiak, gainera, ondo defendatu zituen goizuetarraren ezker gantxo neurtuak, nahiz eta gero erasoan ez zen askorik luzitu, boleaz egindako bizpahiru bi pareta gogoangarri salbu.
Baina atzelariari erruz lagundu zion. Bien artean erritmo itogarria eman zioten lehiari, kolpez kolpe, zartakoz zartako, nahastu zuten —harmailetako giro beroa eta zaratatsua ere alde eduki zuten—, eta zurrunbilo horretatik atera ezinda ibili ziren aurkariak, Asegarcekoak. Ezin esan, ordea, amore eman zutenik. Olaizola II.ak ez daki zer den burua makurtzea, eta Beginok, ordezko modu-ra arituta ere, partida duin askoa jokatu zuen, eta hark ere amaitu zituen bi tanto pilota errebotera bidaliz
Hainbeste zartakorekin, hainbesteko erritmoarekin, ikusteko modukoa eta berdindua izan zen partida. Alderik handiena 16-12koan lortu zuten galtzaileek, baina hori iraultzeko gai izan ziren irabazleak (16-18). Berriro aurreratu Asegarcekoak (20-18), baina sufrituta berdindu zuen Aspeko bikote gazteak, eta, nekeak neke, Zabaletak bi zaplada zein baino zein ikusgarriagoak eman zizkion pilotari, eta partida irabazi.
Idiazabalen (Gipuzkoa), bestalde, Bengoetxea VI.ak eta Ibai Zabalak emaitza irauli zuten, eta 19-22 irabazi zieten Berasaluze II.a eta Albisuri, eta, hala, txapelketan bigarren puntua lortu. 16-7 galtzen joan ziren, baina aldatu zuten pilota, animatu zen leitzarra erasoan, bikotekideak Albisuren aginteari aurre egin ahal izan zion, eta 3-15eko partzial bati esker nagusitu ziren.
Zazpigarren jardunaldiko azken lehia jokatuko da gaur, Logroñon. Titin III.a eta Merino II.a Xala-Zubietaren kontra ariko dira.
Ikuskizuna zartakoka
Ezkurdia-Zabaletaren indarrari ezin izan diote aurre egin Olaizola II.a-Beginok, eta lehen partida galdu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu