Euria eginez gero, batek baino gehiagok apurtuko du lepauztaia. Tristea da, baina argi hitz egin beharra dago». Orain bi aste Markel Irizar (Oñati, Gipuzkoa, 1980) RadioShackeko txirrindulariak egindako iragarpena da hori. Euria dago iragarrita biharko. Goizean gehiago arratsaldean baino. Baina euria. Giro bustia. «Arriskutsuegia da. Igoera eta jaitsiera handiak daude; harbide zati bat ere bai hasieran; errepide oneko hamabi bat kilometro luze erdi aldera... Dena dauka erlojupeko honek». «Ikuskizunaren izenean» prestatutako ibilbidea da Irizarren esanetan. «Oso polita izango da zaleentzat, baina errezatuz joan beharko dute bizikleta gainean doazenek».
Biharamuneko Paris-Roubaix proba gogorraren atarian, Frantzia aldean, urrutitik sufritzen ariko da oñatiarra. «Erlojupekoa ona da herriarentzat, ostalarientzat ere bai, giro ona sortuko da… Baina argi dago bizikleta gainetik eta kanpotik desberdin ikusten direla gauzak». Txirrindulariek «segurtasunari» begiratzen diotela azpimarratu du gipuzkoarrak. «Eta antolatzaileek, ikuskizunari». Horregatik sufrituko du hainbeste berez herritar guztiek gozatzekoa den etapan.
Irizarrek berehala argitu nahi izan du berak ez duela zerikusirik izan ibilbidea prestatzeko orduan. «Erakutsi zidatenean erabakita zeukaten dena. Argi esan nien niretzat ez zela ibilbiderik egokiena. Baina ulertzen dut Itzuliko erlojupeko bat ezin dela prestatu herriko zikloturistentzat». Euskal Herriko Itzuliko antolatzaileek gisa horretako erlojupekoak prestatzeko ohitura daukatela onartuta, ezer larririk ez gertatzea da oñatiarraren nahia. «Urte guztian ez dago ia horrelako erlojupekorik; hain arriskutsurik, hain gorabeheratsurik… Baina hau da haien formatua, eta guztiz errespetagarria da».
Iban Belasko, erabat harrituta
Jaitsierek ematen diote Irizarri beldurrik handiena. «Igoerak ez nau hainbeste arduratzen, goraka, gehienez ere, denbora galduko dutelako faboritoek. Baina beheraka...». 18,9 kilometro dauzka biharko erlojupekoak, eta hiru zati dira bereziki gaiztoak. «Hasi eta berehala, jendea tragoak hartzen egoten den kalean bertan, ezkerrera hartu eta izugarrizko pareta dago, Larraña auzora bidean; harbide zati bat dago, gainera!».
Tarte horretan «bost, sei, hamar segundo» irabaz edo gal daitezkeela uste du Irizarrek. «Baina beheraka, baita beste hamabost ere». Iban Belasko Euskaltel-Euskadiko arrasatearrarekin bi aldiz egin zuen saio guztia Irizarrek, orain dela hiru bat aste. «Eta ea ibilbidea benetan handik zen galdetu zidan bide erdian. Brometan ari nintzela uste zuen. Harrituta geratu zen». Lehen aldapa gogor-gogorraren ondoren, Larraña auzotik Erbiñara bidean, 800 metroko beste aldapa bat ere badago.
Eman beharrekoak dira Erbiñatik jaitsi ondorengo hamabi kilometroak, errepide zabal eta onekoak. Eta amaierako zatia, hilerritik behera egiten duena, ezagunagoa da, 2005ean ere bertan jokatu zelako Euskal Herriko Itzuliko erlojupekoa, 9,3 kilometrokoa. «Bi bihurgune azkar badaude jaitsieran, eta arriskutsua da. Eta aurretik, igoeran, %18ko batez besteko aldapa bat ere badago». Euriak zenbateko eragina eduki dezakeen seinale, Irizarrek gogoan dauka 2005ean bere lagun kuadrillak pintaketak egin zituela lurrean, animatzeko. «Eta gurpilak irristatu egiten ziren gero». Abisua jaso nahi duenarentzat, Nibaliri urte hartan gertatutakoa ekarri du gogora. «Kolpe handia hartu zuen plazarako sarreran».
Luze samarra da erlojupekoa. «Baina neurri egokikoa da, nire ustez. Kontuan eduki behar da mendate asko igo beharko dituztela aste osoan. Bi etapa amaituko dira mendate batean, eta erlojupekoan abilak direnei ere eman behar zaie aukera bat». Hori bai, Irizarren hitzetan, ez da erraza izango erlojupekorako material egokia aukeratzea. «Izugarrizko aldapak daude tartean, baina baita oso-oso azkar joateko zati luze samar bat ere. Erlojupekorako bizikleta berezia behar da zati horretan. 39-25 garapena jarriko nuke nik». Zintzo erantzun du, beretzat etxeko erlojupekoa zer moduzkoa litzatekeen galdetu zaionean. «Oso txarra! Nik nahiago izaten ditut ibilbide lauak, errepide onekoak, jarrera ona hartu eta egurrean joatekoak».
Erlojupekorako faboritoen izenak ematen hasi, eta zerrenda horretan agertu dira Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) etaChris Horner (RadioShack). Baita Andreas Kloeden ere (RadioShack). «Gure rockero zaharren aldeko apustua egingo nuke nik!». Baina alemaniarra gaixorik egon aurreko analisia da hori. Taldekideei agindu zehatzak eman dizkie oñatiarrak. «Berehala esan nien arriskutsua zela eta nik ez neukala inolako zerikusirik erlojupekoaren diseinuan». Barrez hasi da azalpena ematearekin batera.
Faboritoen artean egon daitezkeen aldeak zenbakietara pasatzen hasita, erreferentzia argiak eman ditu Irizarrek. «Samuel Sanchezen izena aipatzen ari da jende guztia, eta, bai, jaitsierak oso egokiak dira harentzat. Baina tarteko hamabi kilometro horiek oso-oso azkarrak dira. Erlojupekoetan abilak direnek zortzi, bederatzi, hamar segundo gal ditzakete beheraka. Baina zati horretan asko berreskuratuko dute. Minutua ia-ia». Nibaliren gisakoentzat «ezin hobea» da saioa, RadioShackekoaren hitzetan. Bakoitzak alderatu ditzala faboritoak Nibalirekin.
Euskal Herriko Itzulia. Eguneko erreportajea
Ikuskizunaren izenean, arriskua
Bihar Oñatin jokatuko den erlojupekoa metroz metro aztertu du BERRIAk Markel Irizarren laguntzarekin. Igoera gogorrak, jaitsiera arriskutsuak… «Ez da ohiko erlojupekoa, zaila da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu