Australiara joateko maleta prestatzen ari da Imanol Erbiti (Iruñea, 1983) BERRIAren deia jaso duenean. Badaki gutxi batzuek lortzen dutela Munduko Txapelketan aritzea, baina ez du erotu nahi. Berdin zaio denboraldi amaiera izatea, eta Tourra, Vuelta eta kontzentrazioak tarteko etxekoekin igaro ez duen denborari beste bi aste gehitzea. «Horrelako gozoki bat aurrean jarrita, ezin da ezetz esan». Movistar taldeko abenturari ekin aurretik, gozatzera doa Australiara.
Zer sentsaziorekin zaude Munduko Txapelketaren atarian?
Oso pozik nago, baina dakidana egitera noa, eta ez naiz erotuko. Lasterketa ona egin nahi dut, eta, ahal den neurrian, emaitza ona lortzen lagundu.
Albistea pixkanaka barneratuz joango zinen, baina nola jaso zenuen hautatzailearen deia?
Jose Luis de Santosek aurretik esan zidan zerrenda edozein unetan kaleratuko zuela eta adi egoteko. Ez nuen sinetsi nahi, baina zerrenda kaleratzean jendea berehala hasi zen deika. Orduan ikusi nuen ametsa errealitate bihurtu zela.
Zenbateko garrantzia dauka pauso honek zure kirol ibilbidean?
Nik ez diot aparteko garrantzirik ematen, baina badakit nire gisako langile batentzat pauso polita dela; neurri batean, ikusten ez den lanaren saria da. Askotan ematen du gure gisako txirrindulariak ez gaudela lasterketetan, eta lan hori aitortzeko modu bat da pauso hau. Baina honek ez nau aldatuko. Hurrengo probetan orain arteko gauza berbera egiten jarraituko dut.
Horrelako momentu onetan gogora etorriko dira Iruñeko Ermitagaña txirrindulari elkartean emandako lehen pedalkadak, ezta?
Bai, bai. Oso garrantzitsuak izan ziren pedalkada haiek, asko gozatzen genuelako. Hura kirola baino gehiago jokoa zen. Eta taldekideak baino gehiago, gaiztakeriak egiten genituen lagun onak ginen denok. Oraingo guraso askori esaten diet bizitzaren eskola izan zela hura.
Vueltan, Rat Penaten behera erasoa jo zenuenean, pentsatu al zenuen eraso hark hainbesteko eraginik eduki zezakeenik?
Ez... Egia esan, gerora ni ere harrituta geratu nintzen hain urrutitik erasoa jotzea erabaki nuelako. Baina tropela gerturatzen ari zen, aurrean batzuk indarrez larri zebiltzan, nire atzetik zetorren txirrindularia tentu handiz jaisten ari zela ikusi nuen, eta jotzea erabaki nuen.
Pentsatu duzu garaipen hura lortu izan ez bazenu agian ez zinela Munduko Txapelketan egongo?
Auskalo! Hori ezin da jakin, baina etapa irabazi aurretik egindako 21 txirrindulariko zerrendan banengoen. Aukeraren bat edukiko nuen, baina, ez dakit...
Imanol Erbitik garaipen bat, David Lopezek beste bat; bat Munduko Txapelketara eta bestea etxera. Bromarik izan al da bion artean?
Geure artean baino gehiago, gure eta taldeburuen artean. David bromak egin zalea da, eta etengabe ari zen 'langileak bi, liderrak zero' esanez. 'Arkulariak bi, zaldunak zero'. Bruseghin, Arroyo, Luis Leon... horiekin txantxetan ibili gara. Polita da talde barruan giro hori sortzea.
Fisikoki oso ondo iritsi zara denboraldi amaierara. Aldaketa zehatzen bat egin duzu prestaketan?
Ez... Aurten lehen aldiz parte hartu dut Tourrean eta Vueltan, eta abuztuko entrenamenduetan saiatu nintzen dena ondo zaintzen. Tourrak egurra ematen du, eta Vueltara oso nekatuta ez iristea zen helburua.
Zer aipatu dizute Munduko Txapelketan esperientzia daukaten txirrindulariek?
Pablo Lastrasekin hitz egin dut, Txente [Garcia Acosta] eta Luis Leonekin ere bai [Luis Leon Sanchez], eta eskertzen da aholkuak ematea. Pablok aipatu dit hasieratik lasterketan sartuta egoteko, ematen ez badu ere, irteeran lekua hartzeko ere borroka handia egoten delako. Erakusleiho izugarria da Munduko Txapelketa, eta denek egon nahi izaten dute aurrean. Txentek, berriz, Oscarrekin [Freire] argi hitz egiteko esan dit, zer behar duen galdetzeko.
Azken batean, Freireren ondoan egotea izango da zure lana.
Bai, bai. Haizea kentzea, eta Oscar, Samuel [Sanchez] eta gainerakoak amaierara osorik iristea. Ez dezatela behar baino indar gehiago gastatu, ez ditzala haize-babes batek harrapatu...
Zaila bada ere, gustatuko litzaizuke lasterketa amaitzea?
Zoragarria litzateke, baina lehen aldiz noa, eta neure buruari ez diot helburu hori jarriko. Hautatzaileak esango du bakoitzak zer egin behar duen, eta proba nola doan ere aztertu beharko da.
Norberaren luzimendurako aukera txikiren bat egon daiteke?
Oker ibiliko nintzateke luzimenduetan pentsatzen hasiko banintz. Gainera, horrelako probetan norberaren lana ondo eginez ere luzitu daitekeela uste dut.
Ibilbidea gogor samarra da.
Bai... Laua dela ematen du, baina laua lehen zatia da, 90 kilometro ingurukoa. Behin zirkuituan sartuta, azken 160-180 kilometroek 3.000 metroko desnibela daukate, eta asko da hori.
Faboritoei buruz ere hitz egin beharko da...
Gilbertek erakustaldia eman zuen joan den denboraldiaren amaieran, eta orain ere sasoi betean dago, bi etapa irabazi baititu Vueltan. Oso erasokorra da, eta faboritoetako bat da. Hori bai, adi italiarrekin ere.
Podiumerako hiru izen eskatuz gero?
Oscar koskarik altuenean egotea gustatuko litzaidake. Talde txiki baten esprinta izango dela iruditzen zait, eta ez dut uste Cavendish eta horiek tartean egongo direnik.
Batzuen ustez, Freire ez dago bete-betean, baina bertatik bertara ikusi duzue zuek. Irabazteko gai da?
Vuelta hasieran ez zegoen uste bezain ondo, eta ezkor samar egon da tarte batean. Sinusitisa tarteko, ebakuntza egin zioten sudurrean, eta nahiko lan eman dio horrek. Baina bigarren astetik aurrera gora egin zuen. Etapa batean, bere atzean nindoala, ohikoa duen pedal kolpearekin zihoala ikusi nuen, eta horixe esan nion. Minak ahaztu zituela esan zidan, eta hobeto zegoela. Vueltaren ondoren entrenamendu gogorrak egin ditu, eta oso sasoi onean iritsiko da. Garai hauetan urte guztian baino gehiago entrenatzen da, eta duen talentua ere ikusgarria da.
Imanol Erbiti. Caisse d'Epargneko txirrindularia
«Ikusten ez den lanaren saria da»
Orain bost urte profesionaletan debuta egin zuenetik, bi etapa besterik ez ditu irabazi Imanol Erbitik, Espainiako Vueltan biak. Urteotako ezkutuko lanak, ordea, Munduko Txapelketaren atea ireki dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu