Aurpegi tristeak ziren nagusi herenegun arratsaldean Illunben. Valentzian gutxik espero zuten astindua jaso zuen taldeak, eta taldearen inguruan zegoen baikortasuna ezkortasun handi bilakatu zen aitaren batean. Valentziak hankapean ibili zuelako Lagun Aro, eta hori gertatzen den lehen aldia delako. Beste inork ez dio eman 20 puntuko jipoirik Donostiako taldeari, eta hortik atsekabe keinu nabariak. Sito Alonso azkar hasi zen egoerari buelta ematen, eta atarikoan oso mezu garbiak helarazi nahi izan zituen.
Lehena, ez duela ezer aldatuko: «Zortzi hilabete daramatzagu jokatzeko modu bat egiten. Orain alferrikakoa da aldaketak egiten hastea». Jokalariengan fede itsua daukala ere gogoratu zuen entrenatzaileak. «Gertatzen dena gertatzen dela ere, berdin pentsatuko dut. Jokalari talde honi diodan errespetua hain da handia, ezerk ez baitit iritzi hori aldaraziko. Ezta igandean beste astindu bat jasota ere».
Konfiantza mezu zuzena, zalantzarik gabe. Jokalariei esateko modu bat aukera dagoen bitartean ezin dela etsi. Eraginkorra izango ote den edo ez, eguerdian ikusiko da. Lehen norgehiagokaren analisian ere, urak bere erroetara eramaten saiatu zen Alonso: «Lehen zati txukuna egin genuen. Eurek asko asmatu zuten hirukoetan, baina kasu batean edo bitan izan ezik, gure defentsa ona izan zen. Ondoren, kantxan Raul Neto zegoela, gure minutu onenak jokatu genituen, baina hirugarren laurdenean hondoratu egin ginen. Guk hiruzpalau jokaldi erraz huts egin genituen, libratutako jaurtiketak, eta, beraiek errebotea irabazi, eta trantsizio joko azkarrean 12 puntu sartu zizkiguten hiru minutuan. Hor bukatu zen partida».
Luze joaten diren erreboteetan eta trantsizio jokoan jarri zuen arreta Alonsok: «Alor horietan hobetu behar dugu, min handia egiten ditugulako». De Colo eta Caner-Medleyren jardunaz, hitz gutxi: «Gure talde egitura ikusita, bikote hori zaintzeko zailtasunak ditugu. Ia bi metro ditu De Colok, eta blokeo zuzenean oso ona da. Bai jaurtiketak egiteko, bai barneraketak egiteko. Gure aurka partida bikainak jokatzen ditu beti, eta garbi dago zerbait egin behar dugula. Caner-Medleyren inguruan, Panko baino apur bat indartsuagoa da, azkarra, eta sasoi bikainean dago».
Zaleen demari dagokionez, garaipena poltsikoan dauka Lagun Arok. 9.000 lagun pasa espero dira Illunben, gehienak urdinez jantzita, marea urdina irudikatzeko. Ez dute oporrik hartu nahi, oraindik.
LAGUN ARO-VALENTZIA
Txapelketa. ACB ligako final-laurdenetako bigarren partida.
Lagun Aro GBC. Salgado, Neto, Lasa, Papamakarios, Baron, Vidal, Panko, Lorant, Korolev, Ogide, Doblas eta Betts.
Valentzia. Markovic, San Miguel, De Colo, Martinez, Abia, Kuksiks, Dean, Newley, Claver, Ogilvy eta Faverani.
Lekua. Donostia 2016 Arena (11.000 ikusle).
Ordua. 12:30 (Orange Arena).
Saskibaloia. ACB ligako final-laurdenak
Illunbeko marea urdinak ez du oporrik hartu nahi oraindik
«1-0 galdu dugu, ez 22 puntugatik», esan du Sito Alonsok; irabazi edo etxera, Lagun Arok ez du beste aukerarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu