Jon Juaristik edo Xanti Aizpuruak. Bietako bat soilik izango du Kutxa Torneoa jokatzeko aukera. Aukera preziatua. Txapelketaren atarikoan onenak izan diren biek bihar neurtuko dituzte indarrak, Galarretan, eta irabazleak erremonteko bost izar handienekin lehiatzeko aukera izango du. Ezkurra, Zeberio II.a, San Miguel, Urriza eta Urrutia —Mexikotik itzuliko da torneoan aritzeko— izen baten zain daude datorren abuztuaren 1ean egingo den zozketarako; saria, beraz, paregabea da. Baina, horretarako, azken pausoa falta zaie Juaristiri zein Aizpurua II.ari. Lehenak ofizioa sobera du, eta bigarrenak, ilusioa. Bakoitzak, bada, berea baliatu beharko du helburua lortzeko.
Faboritoa Juaristi da. Nahiko garbi, gainera. Iaz, atarikoaren lehen kanporaketan hartu zuen etxerako bidea, baina, gainontzean, beti egon izan da onenen artean. Zazpi aldiz jokatu du Kutxa Torneoa, eta bertara iristeko gainditu beharreko kosketan ibiltzea zer den ongi daki. «Ez da erraza izaten halako partida garrantzitsuak jokatzea. Soilik 30 tantotan erabakitzen da sei onenekin aritu edo ez, eta urduritasunari aurre egin behar izaten zaio. Dena den, lasai nago, eta konfiantzaz beterik», adierazi zuen pilotari zarauztarrak herenegun, pilota hautaketa amaitu berritan. Jaialdietako norgehiagoka nagusiak ere maiz jokatzen ditu, eta hori mesederako izango du.
Akaso, nerbioak gehiago igarruko ditu Aizpurua II.ak, sekula ez baita halako aukera baten atarian egon. «Oso pozik nago orain arte egin dudan lanarekin. Txapelketari ekin nionean ez nuen uste hain urrun iritsiko nintzenik, eta bihar galduko banu ere, ez nuke disgustu ikaragarririk hartuko». Hori bai, behin finalera iritsita, inork ez du hutsik egin nahi izaten. Gainera, presiorik gabe jokatzea lagungarri izaten da, aurrez partida batean baino gehiagotan arituta egotea izaten den bezalaxe.
Eta tolosarrak ez dauka aitzakiarik horri dagokionez. Izan ere, lau aurkari gainditu behar izan ditu finalera sailkatzeko: Oñatz, Ion, Agirrezabala eta Matxin III.a. Bi tantoren aldearekin irabazi zuen lehenpartida, eta bakar batez bigarrena. Beraz, lehia estuari aurre egiteko prest dago Aizpurua II.a. Dena den, neurketa gogorra bada bere kalterako litzatekeela uste du. «Juaristi erremontista indartsua da, tantoa gogortzen dakiena, eta nik lehenbailen amaitu beharko dut tantoa irabazteko».
Sakea da armarik garrantzitsuena. Pilotakada bakarraren bidez tanto egiteak asko balio du, eta finaletan gehiago. «Aurrean ongi moldatzen naiz tantoa bukatzen, baina sakearekin asmatzen badut, aukerak izango ditut ezustea emateko. Gainontzean, zaila izango da». Aizpurua II.a atzelaria da, eta ohituta dago sakeak egitera. Ez, ordea, Juaristi, aurrelaria izaki. «Sakearekin ez naiz fin ibili orain arte, eta hobetu beharko dut finalean. Nik piloteoan abantaila daukadan moduan, Aizpurua II.ak sakean dauka». Juaristik Endika eta Etxeberria IV.a kanporatu ditu biharko partida jokatu ahal izateko.
Biak helduko dira sasoi onean, biak indartsu, eta Juaristik badu konfiantzarik bere buruarekin. «Oso indartsu sentitzen naiz. Gustura jokatzen ditut buruz buruko partidak, terreno egokia da niretzat, eta, beste behin, Kutxa Torneoa jokatzeko ahaleginak egingo ditut».
Juaristik zein Aizpurua II.ak atzo jokatu zuten binaka finalaren aurreko azken partida, neurketa banatan. Zarauztarrak ez zuen kale egin, eta erraz irabazi zuen. Tolosarrak, aldiz, galdu egin zuen.
Ilusioa ofizioaren aurka
Jon Juaristik eta Xanti Aizpuruak Kutxa Torneoko atarikoaren finala jokatuko dute bihar, Galarretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu