Txirrindularitza. Italiako Giroa

Ilusioarekin neurtzen da gaztetasuna

Luca Paolini 36 urteko italiarrak irabazi du Giroko hirugarren etapa, amaiera eroan erasoa jota, eta lider jarri da KatuxakoaLehen taldetxoan helmugaratu da Beñat Intxausti, eta laugarren postuan da jada

Ilusioarekin neurtzen da gaztetasuna.
unai zubeldia
2013ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez begiratu jaiotegunari; ez ekarri gogora debuta egin zuen urtean Johan Museeuw edo Andrea Tafi taldekide zituela Mapein; ez nekatu burua urtean, gutxi-asko, 30.000 kilometro eginda eta hamahiru denboraldi maila gorenean igarota, profesionaletan, dagoeneko, 390.000 kilometro inguru egingo zituela pentsatuz. Ez hasi kontu horiei bueltaka, Italiako Giroan ilusioarekin neurtzen delako gaztetasuna. 32 urteko gazte batek lehertu zuen etapa azken ordubetean: Ryder Hesjedalek (Garmin). Eta 36 urteko beste hasiberri batek eman zuen errematea: Luca Paolinik (Katuxa). Eta, neurri batean, hasiberria da, estreinako Giroa duelako italiarrak. Eromen orokorrean, helmugara iristeko zazpi kilometro eskas falta zirela jo zuen erasoa Katuxakoak, eta bakar-bakarrik helmugaratu zen, hamasei segundoren aldearekin. Etapa eta lidergoa harentzat.

Giroko liburuari begiratua botata, nekez pentsa zitekeen hirugarren etapak triskantza eragingo zuenik. Gorabeheratsua zen amaiera, bai, baina Girora joaten diren txirrindularien filosofiak bihurtzen du berezi Italiako lasterketa. Hesjedal eta Astana (Vincenzo Nibali buru zela) ero-ero erasoka zirela, txiki-txiki eginda geratu zen tropela Sella di Catona hirugarren mailako mendatean. Gora. Eta behera. Skyri nahi duen erritmoa jartzen utziz gero, lotuta joango da Giroa, eta Bradley Wiggins edozein bihurgunetan jota uzteko helburuarekin ekin diote probari Garminek eta Astanak.

Lehen kilometroetako joera ikusita, ohiko etapa laua izango zela espero zen. Lehen metroa egiterako jo zuen erasoa Manuele Boarok (Saxo), eta haren gurpilari pega-pega eginda joan ziren Fabio Taborre (Vini), Willem Wauters (Vacansoleil), Jarlinson Pantano (Colnago), Dirk Bellemakers (Lotto), Jackson Rodriguez (Androni) eta Bert De Backer (Argos). Zazpi minututik gorako aldea ere izan zuten, baina aurrean bezala nabaritu zen atzean borrokarako grina zegoela. Taborrek bakarkako lanari ekin zion ihesaldian, erasoa jota; eta Astana, Garmin eta Katuxa erritmoa bizitzen hasi ziren, zerbaiten seinale.

Lotto lanean, baina alferrik

Nahasmena zegoen tropelean. Kontrolpean zegoen ihesaldia eta esprinta buruan, Mark Cavendishentzat lanean hasi zen Omega. Baina inguruan zebiltzan Katuxa, Astana eta Garmin ere, xaxatzeko gogoz. Bigarren mailako mendateak ito zuen Cavendish, eta berriz bat egitea lortu bazuen ere, berehala hasi zen erasoka Hesjedal. Txalogarria izan zen kanadarraren jarrera. Nibali gurpilean zuela, hiruzpalau eraso jo zituen, eta tentsioa sortu zuen tropelean. Faborito gehienak elkarrekin helmugaratu ziren azkenean, baina intentzio handiarekin ekin diote Giroari Hesjedalek eta Nibalik. 36 segundo galdu zituen Sergio Luis Henaok (Sky), 50 Carlos Alberto Betancurrek eta Domenico Pozzovivok (Ag2r), eta minutua Michele Scarponik (Lampre). Laugarren dago Beñat Intxausti (Movistar), 26 segundora.

Bigarren erakustaldia du Paolinik sasoi honetan, otsailean dotore irabazi zuelako Omloop Het Nieuwsblad klasikoa. Dena den, maglia arrosari eusteko etapa gogorra izango du gaur italiarrak, beroketa lana besterik ez zelako izan atzokoa. Luzea da gaurko etapa, 244 kilometrokoa, eta gorabeheratsua da amaiera. Vibo Valentia hirugarren mailakoa eta Croce Ferrata bigarren mailakoa igo beharko dituzte azken 40 kilometroetan sartuta. Eta zazpi kilometro eskas besterik ez daude azken mendatetik helmugara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.