Xabi Fernandez. Estropadalaria

«Ilusiorik gabe, infernua izan daiteke bizimodua ontzian»

Bosgarren aldiz ari da munduari bira ematen, laugarrenez Volvo Ocean estropadan, eta, beste behin, Iker Martinez laguna du ondoan, oraingoan 'Mapfre' ontzian. Luze mintzatu da ontziko egunerokoaz.

FRANCISCO VIGNALE.
Julen Etxeberria.
2014ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Hamar egun daramatzate Xabi Fernandezek eta haren taldekideek Lurmutur Hirian (Hegoafrika). Han bukatu da Volvo Ocean estropadako lehen etapa, eta han hasiko da bihar bigarrena, Abu Dhabin amaituko dena. Xabi Fernandez eta Iker Martinezen Mapfre ontzia azkena da sailkapenean —zazpi ontzi ari dira—. Beraz, ezin pozik egon. Fernandez, halere, ez dago oso kezkatuta. «Hau hasi besterik ez da egin. Oso-oso luzea da estropada hau».

Laugarrenez ari zara Volvo Ocean estropadan. Bertan aritu zara inon baino gehiagotan. Zerbait izan behar du berezi nahitaez.

Olinpiar Jokoak eta Amerika kopa lehia hutsa dira; emaitzak bakarrik axola du, segundo ziztrin batek izugarrizko garrantzia du. Bartzelona World Race eta Vendee Globe, berriz, abentura dira guztiaren gainetik; horietan bukatzea bakarrik saria da. Bada, Volvo Ocean probak bietatik du, lehiatik eta abenturatik. Eta horrek egiten du berezi eta erakargarri. Horregatik gaude hemen.

Gauza asko aldatu dira 2005ean estropada honetan estreinakoz aritu zinen aldi hartatik?

Ni neu dezente aldatu naiz; ia hamar urte pasatu dira. Orduan 28 urte nituen, eta orain 38. Orain askoz eskarmentu gehiago dut.

Asko aldatu da estropada?

Bai, aldatu da, dezente. Ibilbidea aldatu dute, etapa gehiago jokatzen dira orain, eta aurkariak ere lehen baino prestatuago daude. Gogorragoa da.

Aurten, estreinakoz, ontzi guztiek diseinu bera dute.

Bai, eta hori da aldaketarik garrantzitsuena. Krisiak behartutako erabakia izan da, kostuak gutxitzeko. Erabaki ona izan da. Horri esker ari gara zazpi ontzi lehiatzen, azken ekitaldietan baino gehiago.

Zaintzako nagusia. Hori da zure kargua ontzian. Zein da zure egitekoa?

Portuan izan ezik, ontzia ez dago inoiz geldirik, ez gauez ez egunez. Beraz, eguneko 24 orduetan dago lanen bat egiteko. Eta hori, noski, ondo antolatu beharra dago, zaintza sistema batekin. Bi txanda daude, eta ni naiz horietako baten arduraduna. Ontzia beti bete-betean doala ziurtatu behar dut, eta hori hala izan dadin etengabeko komunikazioa izan behar dut Ikerrekin [Iker Martinez donostiarra da ontziko patroia] eta beste txandako kideekin.

Zertan datza txanden sistema?

Ontzian zortzi lagun gara, baina sei aritzen gara txandaka. Iker eta nabigatzailea txandetatik kanpo daude [Michel Desjoyeaux bretainiarra izan da nabigatzailea lehen etapan, eta haren herrikide Jean-Luc Neliasek ordezkatuko du bigarrengoan]. Txandak lau ordukoak dira. Lau ordu egiten ditugu ontziaren bizkarrean eta lau ontziaren barruan, babesean. Eta horrela gelditu gabe, egunak joan eta egunak etorri. Hori da egunerokoa. Lehorretik itzulitakoan kosta egiten da martxa hartzen; bizpahiru egun behar izaten dira egokitzeko, baina, behin egokituta, nahiko ondo eramaten da.

Zuri entzunda erraza dirudi; baina oso gogorra da.

Tira, denetarik dago. Egun onak daude, non lasai egon zaitezkeen, ontziarekin lehian, hari ahal den etekinik handiena ateratzen. Baina, noski, badira beste egun batzuk ere, non ezin duzun egun osoan atsedenik hartu. Egun horietan txanden sistema hankaz gora geratzen da, eta hamabi ordu egiten ditugu jarraian ontziaren bizkarrean jo eta su. Egun horietan neke handia pilatzen da, baina, gero, egun pare bat lasai izanda indarberritzen gara. Egun batean jo eta su, beste batean lasai; saltoka, hala ibiltzen gara. Zorionez, lehen etapa honetan ez gara aritu baldintza oso txarretan; ez diegu aurre egin behar izan ekaitz gogorrei. Baina etorriko dira, lasai.

Ia ez zarete oinez ibiltzen. Horrek ere ez dizue onik egiten?

Hori da agian okerrena. Pentsa ezazu, hilabete oso bat ia pausorik eman gabe. Hankek asko sufritzen dute; atrofiatu egiten zaizkizu. Pisua ere galtzen duzu, eta giharra ere bai, eta nekea pilatzen zoaz, eta atseden hartzeko tarte gutxi duzu. Ariketa asko egiten duzu, baina denak indar ariketak dira: pisuak altxatu, eta hara eta hona eraman. Eta horrek asko ahultzen zaitu. Nire kasuan, gainera, adinean aurrera noa, eta gehiago kostatzen da.

Zer moduz jaten duzue ontzian?

Ondo esan beharko. Ontzian daramagun janaria lehorra da, gero guk berotzen baitugu ur beroarekin. Egunean zazpi aldiz jaten dugu. Hiru otordu garrantzitsu egiten ditugu: gosaria, bazkaria eta afaria. Ordu artean, berriz, barra energetikoak eta proteinak jaten ditugu. Ezin gara kexatu.

Pisu asko galtzen duzue?

Lehen etapan, batez beste bospasei kilo galdu genituen. Denetarik dago, asko galtzen dutenak eta gutxi galtzen dutenak. Bigarren etapan ziur kilo gehiago galduko ditugula, luzeagoa baita.

Eta lo? Egiten duzue lo?

Ahal dugunean. Egun lasaietan ondo egiten dugu lo, baina egun nahasietan oso gutxi. Gainera, askotan kanpora joateko arroparekin egiten dugu lo, ez baitakizu noiz gerta daitekeen zerbait. Logura eta nekea, hori da okerrena ontziaren egunerokoan.

Luxu gutxi duzue ontzian. Adibidez, zer zeneraman motxilan ontzira sartutakoan?

Hiruzpalau elastiko, asteko bat; betiere, ez bazara bustitzen. Arropa termikoa ere eramaten dugu: polar bat eta jaka bat. Eta kito.

Hori entzunda, esanahia galtzen du belaz egin ohi den definizioak, hots, aberaskumeen kirola dela.

Aspaldi daramagu zama hori gainean. Nik esan dezakedana da bai olinpiar belan, bai ozeanoen artekoan luxu gutxi ezagutu dudala. Zorionez, pixkana-pixkana, eta kazetariek barrutik egiten ari diren lanari esker, jendea ikusten ari da irudi okerra dutela belaz.

Zein ezaugarri izan behar ditu halako estropada batean aritzen denak?

Goi mailako estropada bat da hau, eta ondo prestatuta egon beharra dago. Baina guztiaren gainetik, sufritzen jakin beharra dago, eta langile nekaezina izan. Gustura ez bazaude, ontzi bat da egon zaitezkeen tokirik okerrena. Esperientziak ere garrantzi handia du, baina ez da erraza eskarmentua hartzea, zaila baita mundu honetan sartzea. Gu, zorionez, sartu ginen, eta hemen jarraitzen dugu. Baina mundu zaila da hau. Gazte gutxi dabil hemen.

Zortzi lagun ontzi batean. Toki txarra da ezinikusiak izateko.

Ontzi txikia da, eta zortzi lagun gaude. Ordu asko dira, eta uneak denetarik, onak zein txarrak. Une onetan oso erraza da denak ondo eramatea, baina une txarretan ere batasun horri eutsi behar zaio, eta, horretarako, pazientzia izan beharra dago, eta lasai jokatu, eta agintzen dizutena bete. Badaude momentuak non ez zauden ados hartzen diren erabakiekin, baina erabaki horiek ezin dira eztabaidatu. Ez dago horretarako astirik. Ontzian nagusi bat dago, patroia, eta hark agintzen duena bete beharra dago. Kito. Jende lasaia eta elkarrekin bizitzeko erraza da ontzian behar dena. Ordu asko baitira elkarrekin, denetariko egoerei aurre egiten. Jende beroak, erraz sutzen denak ez dauka tokirik hemen.

Badago gustatzen ez zaizun lanik ontzian?

Noizean behin tokatzen da uretan sartzea zikinkeriaren bat kentzeko, eta hori egin behar izateak ez dit grazia handirik egiten. Baina okerrena pisua eramatea da. Eta, zoritxarrez, makina bat aldiz egin behar dugu lan hori. Maniobra bakoitzeko ia bi tonako pisua eraman behar dugu alde batetik bestera, eta lan hori oso nekeza da.

Ontzian zer dira gehiago une onak ala txarrak?

Onak txarrak baino askoz gehiago dira, bestela izan ziur ez ginatekeela itzuliko.

Nola gozatzen da ontzi batean?

Bada, ontzia azkar doala ikusita. Une horiek oso politak dira.

«Ederra da sufritzea». Iker Martinezek esana da.

Emaitzaren araberakoa da hori. Sufritu ondoren emaitza ona denean polita da dena, baina, alderantziz, emaitza txarra denean ez da dena horren polita. Kirolari guztioi gustatzen zaigu neurri batean sufritzea. Prestatuta baldin bazaude, polita da sufritzea.

«Ontzikoa da bizimodurik onena. Bizimodu sinplea da». Hori Knut Frostad Volvo Ocean probako arduradunak esana da.

Berak badaezpada utzi zion estropada honetan lehiatzeari [barrez]. Baina bai, sinplea da bizimodua ontzi batean. Lehorrera iritsitakoan jabetzen gara horretaz. Iritsi ezinda ibiltzen gara askotan: Interneten hamaika kontu begiratu, hamaika bilera egin... Ontzian, ordea, kezka gutxiago ditugu. Jan, lo eta lan asko egin. Hori da egunerokoa. Sinplea da, bai.

Zer sentitzen da gauez, ozeano baten erdian?

Sentsazio ederra da mapa batean ikustea nola zauden itsasoaren erdi-erdian, bakarrik. Errespetu pixka bat ere ematen du, itsasoari beti zor baitzaio errespetua. Badaude egoerak konturatzen zarena zein txikia den ontzia eta zein handia itsasoa. Oso-oso txiki ikusten duzu zeure burua. Baina pribilegio bat ere bada halako sentsazioak izatea.

Inoiz pasatu duzu benetako beldurra ontzi batean?

Ez, baina oso une txarrak bizi izan ditut. Baina gero ahaztu egiten dituzu. Badakit arriskua egon badagoela, baina horrekin bizi beharra daukat.

Zuetaz esaten da itsasoan zaudetenean lehorrean egoteko irrikaz egon ohi zaretela, eta alderantziz.

Hala da, bai. Itsasoan gaudenean, estropadako tentsioa dela eta, desiratzen egoten gara lehorrera iristeko. Eta, gero, estropada bukatu eta denbora bat pasatuta, berriro izaten dugu gogoa itsasora itzultzeko. Horregatik bueltatzen gara beti.

Zein nahiago duzu, olinpiar bela ala ozeanoen artekoa?

Zorionez, belan, beste kirol batzuekin alderatuta, ibilbide luzea egin daiteke. Belan hiru diziplina daude: olinpiar bela, ozeanoen artekoa eta Amerika kopa. Ikerrek eta biok zortea izan dugu hiruretan aritzeko. Zein gustatzen zaidan gehien? Garai kontua da. Gazteak ginenean, Iker eta bion helburu bakarra zen Olinpiar Jokoetan domina bat irabaztea. Hori lortutakoan hasi ginen beste gauzak probatzen. Guri gertatzen zaiguna da toki batean gaudenean beste batean egon nahi dugula. Konformaezinak gara.

Badago erretiratzeko adina belan?

Ez da adin kontua. Bakoitzak du bere muga. Estropada honetan badaude gu baino helduagoak direnak. Sasoiko daude, eta ilusioari eta gogoari eusten diote. Kirol honetan ilusio falta izan ohi da erretiratzen zaituena. Ilusiorik gabe, infernua izan daiteke bizimodua ontzian. Ilusioari eusten diodan bitartean jarraituko dut, eta gero, bada, hasiko naiz lan txarren batean. Halere, gaur-gaurkoz urrun ikusten dut erretiroa.

Olinpiar bela baztertua duzue Ikerrek eta zuk?

Ez, baina orain honetan ari gara buru-belarri. Ezin duguna da berriro gauza pila bat egin aldi berean. Zail ikusten dut berriro Olinpiar Jokoetan aritzea.

Etxean gertuago nahi zaituzte?

Noski, eta niretzat gero eta gogorragoa da dena. Umerik ez genuen lehen, eta errazagoa zen dena, baina orain bi seme-alaba ditugu, eta koskortzen hasiak dira, eta, eskatu gabe, konturatzen zara beharra dutela. Orain, adibidez, ez ditut ikusiko hiru hilabetean, eta gogorra egiten da, haientzat batez ere. Guk hemen ia ez dugu denborarik horretan pentsatzeko, baina haiek bai, haiek nabaritzen dute falta gehien.

Interneti esker, etxekoekin harreman handiagoa duzue orain.

Bai, batez ere talde guztiok dugulako kazetari bat ontzian. Hark egunero ematen du gure egoeraren berri, eta etxekoek asko eskertzen dute. Gertuago sentitzen gaituzte. Seme helduenak, adibidez, adi-adi jarraitzen du estropada Internetez. Helbide elektronikoa ere badugu, zerbait pasako balitz. Baina berri onena da berririk ez egotea. Etxekoak kexaka ditut sarri, gutxi idazten diedalako, baina lanean ari ez naizenean lo egitea besterik ez dut buruan.

Seme-alabak hasi dira jada belan?

Udan, ikastaro bat egin zuten Allozko urtegian, Nafarroan. Gustatzen zaie, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.