Imanol Erbitik (1983, Iruñea) irabazi du gaur arratsaldean Espainiako Vueltako hemezortzigarren etapa: Valladolid-Las Rozas (167,4 kilometro). Beste hamasei gizonekin egin du ihes helmugarako 110 kilometro falta zirela, eta bukaeran haietako hirurekin geratu da aurrean. Nicolas Rocheri nagusitu zaio esprintean. Beste euskal ziklista bat izan da hirugarren: David Herrero. Vasil Kirienka iritsi da laugarren.
2005ean egin zuen debuta Erbitik profesionaletan, Illes Balears taldearekin, eta 2007tik Caisse d'Epargnen dago. Gaur arte ez zeukan garaipenik. Vuelta honetan euskal txirrindulari batek irabazitako lehen etapa izan da gaurkoa.
Aipatutako laurez gain, Iñigo Landaluze, Alan Perez eta Vicente Garcia Acosta euskal ziklistak, Iñigo Cuesta, Karsten Kroons, Renaud Dion, Cyril Lemoine, Jelle Vanendert, Enrico Franzoi, Juan Antonio Fecha, Greg Van Avermaet, Andri Grivko eta Paolo Bettini ere izan dira eguneko ihesaldian. Zortzi minutu eta hamar segundoko aldea eduki dute gehienez, 58. kilometro falta zirela.
Tropela 7.28ra sartu da Las Rozasko helmugan.
Alberto Contadorrek (Astana) segitzen du itzuliko lider. Bigarren tokian Levi Leipheimer haren taldekidea dago (1.17 segundora), Carlos Sastre hirugarren (3.41era), Ezequiel Mosquera laugarren (4.35era), Robert Gesink bosgarren (5.49ra).
Bihar korrituko dute itzuliko hemeretzigarren etapa: Las Rozas-Segovia (145,5 kilometro). Lehen mailako bi mendate izango dituzte, 45. eta 89. kilometroetan.
Igandean bukatuko da Vuelta, Madrilen. Larunbatean 17,1 kilometroko krono-igoera izango dute.
Txirrindularitza
Imanol Erbitik irabazi du Vueltako etapa
Profesionaletako lehen garaipena du Iruñeko txirrindulariak. Beste hamasei lagunekin ihesaldian parte hartu du, eta bukaeran hirukote bati esprintean nagusitu zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu