Indar Gorriren inguruko 21 pertsona epaituko dituzte

Erredakzioa
Iruñea
2017ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak uste du zantzuak daudela Indar Gorri Osasunaren zale taldearen inguruko 21 kide epaitzeko. «Gaizkile talde bat» osatzea leporatzen die. Halere, epaileak autoan dioenez, Indar Gorriko kide izatea ez da delitu. Are gehiago, uste du zale taldearen izen eta baliabide ekonomikoez baliatzen zirela epaituak, baina Indar Gorritik kanpo, «elite talde bat balitz bezala».

Ikerketa hasi zuenean, 32 pertsona inputatu zituen, baina 21 epaitzeko zantzuak aurkitu ditu bakarrik. Autoaren arabera, pertsona horiek beste hiri batzuetara bidaiatzen zuten «lesio delituak eragiteko» eta «beste talde batzuetako muturreko zale taldeekin borroka bortitzak izateko». Epaileak dioenez, delitu horien helburua Espainiako Ligako beste zale talde batzuen artean estatus jakin bat lortzea zen.

Indar Gorrirekin zuten harremanaren inguruan, epaituak zale taldean kamuflatzen direla dio, horrela «Indar Gorriren eta zale taldeko kideen babesa lortzeko» eta Osasunak zale taldeari ematen dizkion «onurez» eta Indar Gorriko beste kideetaz «baliatzeko». Epaileak zehaztu duenez, beste kide horiek kirol animaziorako bidaiatzen zuten bakarrik Indar Gorrirekin. Epaileak, besteak beste, poliziaren ikerketak, akusatuen sakelako telefonoen kokapena, kontrolatutako telefono deiak eta halako frogak ditu.

Athletic-Bartzelona, gaur

Bestalde, Athleticek gaur jokatuko du Lehen Mailako 26. jardunaldiko partida, etxean, Bartzelonaren aurka (18:30, Gol). Kataluniako taldeak Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoa jokatu zuen joan den larunbatean,PSGren aurka —1-3 galdu zuen—, eta, horren ondorioz, gaur jokatuko dute atzeratutako partida. Zuri-gorriek, hain zuzen, hori baliatu nahi dute: Bartzelonako jokalarien nekea.

Realean, berriz, Itxaso Uriarte erdilari gasteiztarrak beste bi urterako luzatu du kontratua talde txuri-urdinarekin, 2019ko ekainaren 30era arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.