Iker Irribarria eta Beñat Rezusta binakako txapelketa irabazteko faboritoen artean daude. Kolpe biziena duen bikotea osatzen dute, eta partida askotan aginduko dute piloteoan. Indar horri, gainera, bote handiko pilotak gehitzen bazaizkio, eta Labrit pilotalekuko frontis bizia, konbinazio ia garaiezina osatzen da. Hori guztia nahastu zen atzo, eta horregatik irabazi zieten 22-10 Joseba Ezkurdia eta David Merinori.
Partida oso motza izan zen: 40 minutu eta 271 pilotakada. Labritera bildu ziren zaleak pilota gose gelditu ziren. Oreka, gainera, hasi eta berehala hautsi zen, irabazleak 8-1 eta 11-4 aurreratu baitziren. Alde handia zegoen piloteoan. Irribarria eta Rezustak Ezkurdia ondo saihestu zuten, eta Merino ernegatu. Tanto asko egin zituzten atzean, eta sotamano bakoitza errebotera sartzen zen. Hori gutxi ez balitz, Merinok ezker eskuko minez bukatu zuen.
Aginte horri esker, Irribarriak errematerako nahi beste aukera izan zituen, eta 11 tanto egin zituen jokoan. Rezusta ere nahierara aritu zen, eta lau tanto egin zituen. Galtzaileen tanto gehienak ere haiek egin zituzten, sei huts egin baitzituzten guztira. Ezkurdiak amaieran atondu zuen emaitza (15-6, 20-8 eta 22-10).Partidaren ostean lau pilotariek onartu zuten pilotak biziegiak zirela.
Bestalde, txapelketako bigarren jardunaldiko azken partida gaur jokatuko da, Lekeition. Urrutikoetxea-Beroiz eta Bengoetxea VI.a-Larunbe ligaxkako lehen puntua lortzen saiatuko dira.
Indarraren legea da
Irribarriak eta Rezustak une oro agindu dute piloteoan, eta merezita lortu dute bigarren puntua (22-10). Bote handiko pilotek lagundu egin diete

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu