Uxue Bilbo Basket 81. Obradoiro 70

Indarrean dira berriro

Uxue Bilbo Basketek legez menderatu du Obradoiro; 20 puntuko errentak ere izan ditu bigarren laurdenean

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko abenduaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uxue Bilbo Basket. Zisis (5), Vasileiadis (14), Mumbru (5), Hervelle (15) eta Hamilton (8) —hasierako bostekoa—; Raul Lopez (8), Pilepic, Roger Grimau, Rakovic (12) eta Moerman (14).

Obradoiro. Andres Rodriguez (16), Pumprla (12), Corbacho (12), Kendall (6) eta Junyent (14) —hasierako bostekoa—; Hummel (2), Bufford, Mejri, Rafa Luz eta Dewar (4).

Markagailua laurdenka. 21-19, 46-25 (atsedena), 66-54 eta 80-71.

Epailea. Arteaga, Jimenez Trujillo eta Munar. Kanporatuak: Obradoiroko Mehjri (38. min.)

Bestelakoak. 10.007 lagun Bizkaia Arenan.

Indarrean dira berriro bizkaitarrak. Uxue babeslearen estreinakoan, etxeko taldea legez nagusitu zen oso maila ona eman duen talde baten aurka. Bigarren laurdeneko defentsa izan zen erabakigarria, Obradoirok sei puntu bakarrik saskiratu ahal izan zituelako 10 minutuan. Beste faktore batzuk ere aintzat hartu beharrekoak dira. Uxueko pibotak nagusi izan zirela, aurrena, eta unean-unean bizkaitarrek asko asmatu zutela hirukoetan, Galiziakoen ahalegin oro antzu eginez.

Bilbo Basketek bazekien zer zeukan jokoan. Asko, Kopa bera, eta Kopa horretan zerrendaburu izateko erronka. Serio kantxaratu zen Katsikarisen taldea, baina Obradoiro ere bai. Hamilton egurrean hasi zen, baina Oriol Junyentek ere puntu politak sartu zituen kantxaren bestaldean. Santiagoko taldeak baloi mordo bat bereganatu zituen lehen laurdenean, bere zonan, scouting ona egin zuten seinale, eta 12-13 aurreratu ziren kontraeraso pare bati esker. Hervelle eta Vasileiadis ere ez zeuden lo, ordea. Belgikarrak sei puntu sartu zituen, eta greziarraren lehen hirukoak 19-16 aurreratu zuen bere taldea.

Bigarren hamar minutukoan erabaki zen dena, halere. Defentsan maila igo zuen Bilbo Basketek, Rakovic kantxaratuta, eta euren saskia itxi zuten. Obradoirok dozena bat jaurtiketa huts egin zituen: barruan, kanpoan... denetarik, eta ernegatu egin ziren, presaren presaz partida harrika bota arte. Sei puntu bakarrik saskiratu zituen Galiziako taldeak, eta aurkariak 21. Bereziki txukun, atzo, Adrien Moerman frantziarra. Kantxaratu eta hiru minutuko tartean 11 puntu sartu zituen hegalekoak: hiru hiruko, akatsik gabe, eta bi jaurtiketa libre. Errendimendu ikusgarria!

Lan erditan 46-25 zioen markagailuak, eta, ordurako, eskandaluzkoa zen etxekoen nagusitasuna: 63ko balorazioa Bilbo Basketentzat, eta 16 Obradoirorentzat. 4 eta 5 postuetan jokatzen duten jokalariak, nagusi: 15 Moerman, 14 Hervelle eta 13 Lamont Hamilton. Beste taldean, lehortea. Zenbaki negatiboak Kendall eta Salah Mejri tunisiarrarentzat.

Txakalalditxoa

Egina zegoen, baina 20 minutu jokatu behar ziren. Obradoiro partidan sartu baino, Bilbo Basketek galduko zuen, galtzekotan, eta urduritasun apur bat sortu zuten zaleengan. Aldageletatik bueltan lo kantxaratu zirelako bizkaitarrak, eta liga honetan, inork ez du barkatzen. 2-11ko partziala lortu zuten galiziarrek Andres Rodriguezen eskutik, eta partidan sartu ziren. Sartu esateko modua da, gehienez ere bederatzi puntura hurbildu zirelako norgehiagoka bukatzeko 12 minutu falta zirela.

Zorionez, garaiz esnarazi zituen bere mutilak Katsikarisek, eta Rakovicen gogortasunari eta Roger Grimauren eskarmentuari esker, Miribillak lasaitasuna berreskuratu zuen. Zisis ondo aritu zen gidaritzan, Raul Lopez bezala bere jaurtiketa bikainarekin, eta Vasileiadisek ere puntu garrantzitsuak lortu zituen lortu behar zirenean. 10 garaipenekin, eta taldea jokatzen ari den bezala jokatuta, ziurra da Uxue Bilbo Basketek Kopa jokatuko duela. Zerrendaburu izango den edo ez bizpahiru aste barru argituko da, baina izan edo ez, Bilbo Basket aurkari gaiztoa izango da Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.