Indautxuko aztia

Atzeko atetik, urkamendira bidean utzi zuen Txus Bidorretak Bilbo Basket, baina esne-mamitan dabil orain Alacanten. Bikain ari da bere taldean, baliabide gutxirekin, eta entrenatzaile ona dela berretsi du.

Andoni Urbistondo.
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Bi urte bete dira orain gutxi. 2010eko urtarrilaren 10a zen. Txus Bidorretak (Bilbo, 1966) dimisioa ematea erabaki zuen Bilbo Basketeko ugazabekin hala adostuta, «taldeari kalte ez egiteko». Emaitza txarren bolada batean murgilduta, Valladoliden galdu eta entrenatzailearen eta klubaren bideak banatu egin ziren. Betiko ezin esan, baina luzerako, bai. Bidorreta atzeko atetik atera zen, protestarik egin gabe, Casillatik urkamendira joango balitz bezala. Berak jan zuen erru guztia, eta libre geratu hainbat jokalariren zabarkeria eta jarrera txarra. Klubeko parte sentitzen zen Indautxukoa, arrakastaz betetako ia hamarkada bat eman ostean, eta, elegante, zintzo jokatu nahi izan zuen agurrean. Haserre, ezin kabituta, baina amorru hori berarentzat gordeta.

Sutan zeuden prentsa orrietako iruzkinak. Epelak esan zituen jendeak Bidorretaren aurka, baina taldea utzi eta martxa egin, biak bat, astebete eskasean AEBetan baitzen, NBAko New York Knicks taldearekin ikasten. Bilbo Basketek bidea zuzentzea lortu zuen, eta ACB ligari eutsi, Fotis Katsikarisen eskutik. Bidorreta poztu egin zen, Denverren George Karl entrenatzailearekin zegoela. Baina Bilbo bigarren maila batean zegoen berarentzat ordurako.

Trebatzen jarraitu zuen, han eta hemen, Alacant entrenatzeko aukera iritsi zitzaionean. 2010eko azaroaren 23a zen. Udan eskaintza franko izan omen zituen, Lagun Arorena tartean, baina Mediterraneora eraman zuen patuak. Krisi larrian zegoen taldea zulotik ateratzeko fitxatu zuten, baina baldintza gaizto batekin. Sosik ez zuen izango taldea indartzeko.

Taldea indartzeko, eta ostera jakin zenez, hilero soldatak kobratzeko ere ez. Baina eutsi egin zion Bidorretak, eta Alacant ACB mailan mantendu. Hori bai, etorkizun beltzarekin. Taldeko ugazabek «bale» esan eta airean geratu zelako proiektua. Bidorretak eskaintza asko jaso zituen, Donostiakoa tartean, baina muzin egin eta itxarotea erabaki zuen. Uztailaren 19an kudeatzaile talde berri batek Alacant bereganatu eta Indautxukoari aginte-makila eman zion arte.

Berandu zen. Taldeak ekainean eta uztailean hasten dira osatzen, ez uztaila bukaeran edo abuztuan, baina orduak sartu zituen Bidorretak bulegoan, eta ligako aurrekontu apalenetakoarekin ligako lau onenen pare jarri du Alacant.

Maisua estrategian

Kyle Singler fitxatu zuten NBAko lock-out-a baliatuz, errendimendu bikaina eman duen hegalekoa. Saldu egin zuten gero jokalaria, eta Andy Rautins fitxatu. Bidorretak begi berezia du jokalariekin, baina batez ere haiek motibatzeko. Dohain berezirik gabeko jokalariak erabakigarri bihurtzen ditu. Kaloian Ivanov, horren adibide, ligako onenetakoa baita orain. Zer esan Pedro Llompart joko antolatzailea, Ben Dewar, Mohammed Kone eta Ty Ellisi buruz. Izar bilakatu dira, ditu, Bidorretak, izar izan gabe, eta meritu handia dauka horrek.

Alacantek Kopa jokatuko du, eta Bidorretak antzeko galdera erantzun du azken astetan. «Noiz gidatuko duzu talde handi bat?». Haren erantzuna: «Talde handi batean nago orain». Bidorreta lore piloa jasotzen ari da, eta gauzak ondo, aurki izango du talde handi bat gidatzeko aukera. Bilbo Basket pentsatu gabeko tokira eraman zuelako. Eta gauza berbera egin duelako Alacantekin. Bitik bi.

Bidorretak, gainera, saskibaloian asko estimatzen den ezaugarria du: estrategia. Ezagunak dira Baskoniari eta Dusko Ivanovici sarri emandako lezio taktikoak. Antzera mintzatu da Marcelinho Huertas ere. Etzi, lehen aldiz itzuliko da Bilbora, eta hazita datorren taldearen gidari. Ibil dadila erne Katsikaris, Bidorretak Miribillatik ate handitik irteteko asmoa izango baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.