Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Infernuan gora irautea lortu du Geniezek

Eguneko ihesaldia helmugaraino eramanda, Alexandre Geniez gailendu da Mirador de Ezaron. Faboritoen artean, Quintana, Froome eta Chaves izan dira indartsuenak

Alexandre Geniez atzoko garailea, Mirador de Ezaroko aldapa gogorretan gora. JAVIER LIZON / EFE.
2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Itzuli handietan, egon ohi dira tropelak atseden hartzeko baliatzen dituen etapak, eta horiek dira ihesaldientzako aproposenak. Horrelakoak, ordea, lasterketa nahiko aurreratua dagoenean iristen dira, baina Espainiako Vueltako hirugarren etapan gailendu zitzaion ihesaldia tropelari atzo. Alexandre Geniez (FDJ) izan zen garailea Mirador de Ezaroko infernuan, eta bizirik iraun zuen faboritoek amaieran emandako joaren aurrean. Ruben Fernandez (Movistar) da lider berria; bi besoak altxatuta helmugaratu zen, irabazle zelakoan, baina, behintzat, azkenean eduki zuen zer ospatu. Faboritoen artean, Alejandro Valverde (Movistar), Chris Froome (Sky) eta Esteban Chaves (Orica) 26 segundora heldu ziren, eta Nairo Quintana (Movistar), 32ra. Igor Anton (D. Data) izan zen euskal ziklistarik onena, zazpigarren, eta Alberto Contadorrek (Tinkoff) 54 segundo galdu zituen helmugan.

Lasterketa azkar abiatu zen, eta 14. kilometrora iristerako egin zen zazpi txirrindulariko ihesaldia: Geniez garaileaz gain, Pieter Serry (Etixx), Rudiger Selis (Bora), Gatis Smukulis (Astana), Simon Pellaud (IAM), Jerome Cousin (Cofidis) eta David Arroyo (Caja Rural) izan ziren bertan. Tropela lasai antzean zihoan, lasaiegi, agian, eta Pellaudek ia zazpi minutuko abantailarekin igaro zuen hirugarren mailako mendatea, helmugatik 60 kilometro ingurura. Bazirudien Skyk ez ziola liderraren elastikoari eutsi nahi, goizegi lortu izan balu bezala. Bigarren mailako Alto das Paxareirasko igoeran, ordea, Geniez eta Serry batu zitzaizkion ordura arte lider zen Pellaudi. Orduan hasi zen Sky indartsuago tiraka, eta tropel erdiak ezin izan zion erritmoari jarraitu — Tejay Van Garderenek (BMC), haien artean—. Aurrez, Warren Barguil (Giant) erretiratu egin zen, gaixoaldiak jota.

Diferentziak beherako joera hartu zuen pixkanaka, eta, bigarren mailako gainean, 3.30 ingurura jaitsi zuen tropelak aldea. Horrez gain, Mirador de Ezaroko aldapa hasi aurretik kokapena oso garrantzitsua da, eta hori lortzekotan Skyren, Movistarren eta Jumboren joak bi minututik behera utzi zuen diferentzia, aldapa hasterako. Jo horretan, Miguel Angel Lopez (Astana) erori egin zen, zortzi kilometroren faltan, eta kolonbiar gazteak sailkapen nagusirako aukerak galdu ditu.

Mirador de Ezaroko tarte gogorretan Geniezek bi iheskideak atzean uzten zituen bitartean, Movistar izan zen protagonista faboritoen artean. Fernandez gogor hasi zen tiraka, eta Valverdek, Quintanak eta Chavesek soilik iraun zuten haren erritmoan. Indartsuena zela erakutsi zuen, eta metro batzuk hartuta helmugaratu zen. Froome laster geratu zen, baina, atzetik aurrerako igoera bikaina eginda, onenen parera heltzea lortu zuen, harentzat egokia ez den igoeran. Anton ere bikain aritu zen, eta Quintanarekin batera helmugaratu. Atzetik, Samuel Sanchez (BMC) eta Contador iritsi ziren, eta Madrilgo txirrindulariak nahikoa zalantza utzi zituen —liderrarengandik 1.31 minutura dago sailkapen nagusian—.

Jakina da itzuli handiak ez direla lehen astean irabazten, baina galdu, ordea, bai. Steven Kruijskwick (Jumbo) izan zen faboritoetatik kaltetuena. Ez zuen igoera ona egin, eta 53. amaitu zuen, garailearengandik 2.02ra. Sailkapen nagusian 2.14ra dago orain.

Gaur ere, gorantz

Galizian izango da Vuelta gaur ere, Betanzos eta San Andres de Teixido artean. 163.5 kilometroko etapa izango dute txirrindulariek, eta amaiera, bigarren mailako Alto Mirador de Veixian. 11.2 kilometroko mendate luzea da: lehen zatia gogorra da, atsedengune bat du gero, eta, amaieran, berriz ere, pendiz gogorrak ditu. Ez da erabakigarria izango, baina, atzokoa ikusita, ziur ikuskizuna egongo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.