Eurokopako finalerako sailkatu da Ingalaterra, baina uste baino gehiago kostata. Zail jarri dio kanporaketa Italiak, oso zail. Asko amore emanda zeudela berdindu du finalerdia egungo txapeldunak, partidako azken jokaldian: 96. minutuan. Luzapenean, berriz, gehienak burua penaltietan zutela sartu du gola. Hamaika metroetatik sartu du, 119. minutuan. Atezainak geratu egin du Kellyren jaurtiketa, baina aurrelariak ez du hutsik egin aldaratzean. Emango du zeresana penalti horrek, dudazkoa izan baita. Dena den, 1-2 irabazita, Ingalaterrak jokatuko du finala igandean; Espainiaren edo Alemaniaren aurka neurtuko ditu indarrak azken lehia erabakigarrian. Bihar, asteazkenean, jokatuko dute beste finalerdia.
Teorian Ingalaterra zen finalerako sailkatzeko faboritoa, baina italiarrak ezustekoa emateko gogoz zelairatu dira, eta gertu izan dute balentria.
Egungo txapeldunak izan du jokoaren ekimena lehen minutuetan, eta hasieratik saiatu da aurkariari kilimak egiten. Gehienbat, ezker hegaletik jo du erasora. Atzelarien bizkarra bilatzen saiatu da, eta, gero, handik erdiraketa egiten. Horrelaxe sortu du neurketako lehen aukera, hamargarren minutuan. Lauren Jamesen errematea, baina, atezainaren eskuetara joan da, indar handirik gabe bota baitu. Hogeigarren minutua bete aurretik ere gertu izan du gola. Area barruan buelta erdia emanda egin du jaurtiketa Russok, eta baloia gutxigatik joan da kanpora.
Kontrara, defentsako lanean jarri du arreta batez ere Italiak, atzean kokatuta. Erasorako, berriz, joko zuzena egin du; jokalariek bi aldiz pentsatu gabe egin dute zelaian aurrera. Balio izan die, Italiak eman baitu lehen kolpea, 33. minutuan, eskuin hegaletik jokaldi on bat eginda. Bat-bikoa egin dute Cantorek eta Carusok, aurrelariaren erdiraketa ezin izan du urrundu Bronzek, eta Bonanseari iritsi zaio baloia. Hark, gogor jo, eta sarean sartu du.
Azkar erantzuten saiatu da Ingalaterra. Handik bost minutura aukera garbi bat izan du, baina Italiako atezainak geratu egin du Jamesen jaurtiketa. Ez du asmatu, eta ez da gehiago aldatu markagailua lehen zatian.
Atsedenaldian aldaketa egin du Ingalaterrak; Mead aurrelaria zelairatu du Jamesen ordez. Hala, hautsiago hasi da bigarren zatia. Ingalaterrak zerbait egin eta aldatu behar zuen, halabeharrez. Saiatu da aurkariari min egiten, handik eta hemendik, kanpotik eta barrutik. Italia ez da kikildu, baina sufritzea tokatu zaio; ez zuen erronka makala.
Minutuak aurrera egin ahala, finalerdia maldan gora jarri zaio Ingalaterrari. Sarina Wiegmanek Kelly zelairatu du azken txanparako, baita Michelle Agyemang eta Agnes Beever-Jones ere. Kale edo bale, erasora jo du.
Italiarrek bigarrena sartzeko aukera garbia ere izan dute, 85. minutuan. Ingalaterrako atezainari ihes egin dio baloiak, eta Severinik, area txiki barruan, ez du asmatu; atezainaren gorputzera bota du. Akordatuko da abagune horrekin.
Izan ere, 96. minutuan, dagoeneko asko etsita zeudenean, neurketa berdindu du Agyemangek. Atezainak urrundu egin du eskuin hegaletik egindako erdiraketa gaiztoa, baina Agyemangek jaso du aldaratzea, eta ez du huts egin.

Luzapenean ere, azken unean
Epaileak txistua jo arte, edozer gertatu daiteke, eta horixe erakutsi du beste behin Ingalaterrak. Final-laurdenetan ere, azken minutuetan bi gol sartuta berdindu zuen partida, eta gero penaltietan kanporatu zuen Suitza.
Oraingo honetan, luzapenean eman du azken kolpea. Bi selekzioak kasik penaltietan pentsatzen ari zirela, Agyemangek langara bota du baloia, eta, hurrengo jokaldian, 117. minutuan, penaltia adierazi du epaileak Ingalaterraren alde; zalantzazkoa izan da, baina ez dute jokaldia berrikusi. Atezainak geratu egin du penaltia, baina aldaratzean gola sartu du Kellyk.
Finalean, Espainia edo Alemania izango du aurkari Ingalaterrak. Parekoak badaki: emaitza edozein dela ere, bukaerara arte borrokatu beharko du.