Ingelesaldia

Manchester United eta Tottenham taldeetako milaka zale bildu dira Bilbon Europa ligako finala ikusteko. Festa giroa nagusitu den arren, herritarrak kexu azaldu dira kale asko itxi dituztelako, bai eta gune batzuk zeharo maskulinizatu direlako ere.

Europako Ligako finala ikustera etorritako zaleak, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Europa ligako finala ikustera etorritako zale batzuk, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko maiatzaren 21a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Festa giroko oskola eta kutsu belikoko mamia izan du Bilbok. Elkarren aurkako etsaitasunaren logikaren arabera antolatu ohi dira kirol ekitaldi handietako taldeen zaleentzako guneak, eta Europa ligako finalarena ez da salbuespena izan. Etxebarria parkean jarri dute Manchester Unitedeko zaleentzako gunea, eta, aldiz, Ametzola parkean bildu dituzte Tottenhamekoak. Azkenik, San Mames futbol zelaira sartzeko bide eta ordutegi propioa ezarri diote haietako bakoitzari. Baina planoetako araztasuna bihurriagoa da kaleetan, eta, partida hasi aurrean, segurtasun planek iradoki baino nahasiagoa eta adeitsuagoa izan da giroa batzuen zein besteen artean. Areatzan, Zazpikaleetan eta Poza kale inguruan, eguerditik aurrera, elkarren ondoan eta, are, elkarrekin ere ibili dira Erresuma Batuko bi taldeetako zaleak. Hizkuntza ohiturak aldatzeko Euskaraldiaren kanpaina betean, gainera, arrakastatsua izan da esperimentua hirian, gazteleraren ordez ingelesa izan baita hizkuntza nagusia tabernetako bezeroen arteko solasaldietan. Bertakoen artean, prezio igoerek eta kale itxiek eragin dituzte kexarik gehienak, bai eta partidaren aitzakian hiriko gune batzuetan nagusitu den giro maskulinizatuak ere.

Tom Baucher Tottenhameko zalea aurrez ere egona zen Euskal Herrian, eta, oraingoan, bere taldearen koloreak jantzita izan da Areatzan. Sopelan (Bizkaia) egon zen irailean, eta orduko lo leku bera hartu du oraingoan ere. «Tipo beraren etxera etorri gara, eta orduko prezioan egin dugu tratua, baina entzun dugu zenbaitek 600 euro ere ordaindu behar izan dituela gau bakoitzeko». Bilborako konexio zuzena lortzea «mila eurotik gora» kostatzen zela kontatu du Baucherrek, eta, horregatik, Madrilen hartu dute lur lehenik, eta autobusez heldu dira gero Bilbora. Hemeretzi ordu inguruko bidaia, beraz, 90 minutuko partida bat ikusteko. Eta, agian, ospatzeko.

«Besteetan 100 euroren truke egin daiteke gaua, baina guk 3.000 euro inguru ordaindu behar izan ditugu bi gautarako bi gela eskuratzeko»

CAROLINE FRODSHAMTottenhameko zalea

Manchesterreko kamiseta jantzita pasatu du eguna Caroline Frodsham zaleak. Bikotekidearekin eta semearekin egin du Bilborako bidaia, eta, kontatu duenez, hotela lortzea izan da zailena. «Besteetan 100 euroren truke egin daiteke gaua, baina guk 3.000 euro inguru ordaindu behar izan ditugu bi gautarako bi gela eskuratzeko, eta hori kontuan izanik erreserba finalerdietan egin genuela, Athletici lehen gola sartu genionean». Jatekoaren eta edatekoaren prezioak garestitu direnik ez du igarri, eta pozik azaldu da egin dioten harrerarekin. «Dudarik gabe, itzuli egingo gara».

Gune «maskulinizatuak»

«Gu izan gintezkeen». Tottenham eta Manchester United taldeen kamisetekin batera, hamaika izan dira Bilbon Athleticen kamiseta janztea erabaki duten herritarrak. Eta, finalerdietan sailkatzeko aukera galdu zutenetik asteak joan diren arren, dolu puntu bat ere bazuten haietako askoren hitzek. Pena horrekin baina pozik mintzatu da Iraia Garcia bilbotarra. «Areatzan antolatu duten animazioarekin eta hirian orokorrean izan den giroarekin oso pozik gaude».

Bilboko Plaza Barria izan da futbol zaleen topagune nagusietako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko Plaza Barria izan da futbolzaleen topagune nagusietako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Futbolarekin lotutako hamaika jolas eta denbora-pasa prestatu ditu antolakuntzak egunotan Areatzan. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez eman dituzte bozgorailuetatik azalpenak eta abisuak, eta lasaia izan da giroa. Handik metro gutxira, Bilboko Plaza Barrian egon da animazio gehien. Ordea, babesle ofizialen eta programa ofizialen ordenaz bestelakoa izan da argazkia.

Jendetza izan da plazan eguerdian. Gizonezkoak nagusiki. Eta, bertan, futbol baloi bat ahalik eta altuena jaurtitzen aritu dira, jolasarekin plaza osoa hartuz, eta oihuka ospatu dute baloia lurrera erori aurretik berriz airera egindako jaurtiketa bakoitza. Plazako etxeen aurka ere jo du baloiak tarteka, eta plazako jendea barrez lehertu da baloiak lagunekin hizketan ari zen gizon baten burua bete-betean jo duenean. Eta, hain zuzen ere, Plaza Barriko irudiak txertatu dituzte Pikara Magazine aldizkariko kideek sare sozialetan, gizonezkoen futbol partiden ondorioz esparru publikoa «maskulinizatu» eta «alkoholizatu» egiten dela salatzeko, eta hura baliatzeko moduei buruz gogoeta egiteko deia egin dute.

«Goizeko bederatziak eta bost minutuan, beteta geneukan terraza, eta kafeak eta garagardoak eskatu dizkigute, biak aldi berean»

REBECA SAINZOstalaria

Egindako salmentekin pozik azaldu da Rebeca Sainz Plaza Barriko Victor jatetxeko jabea. «Ordu gutxian lan handia izan dugu», azaldu du. Biltegi bati esker lortu dute finalak erakarritako milaka zaleen beharrei aurre egitea, eta, Sainzek onartu duenez, eskari bat gailendu da gainerako guztien gainetik: «Zerbeza, zerbeza, zerbeza». «Goizeko bederatzietan ireki dugu taberna, eta bederatziak eta bost minutuan beteta geneukan terraza. Kafeak eta garagardoak, biak eskatu dizkigute aldi berean, eta aldi berean biak ateratzen aritu behar izan dugu».

Kale itxierak

Kale itxierak izan dira kexarako beste motibo bat. Haserre azaldu da Iñigo Junquera, esaterako. Sabino Arana kalean dagoen FisioClinics Bilbao klinikako arduraduna da, eta, egunotan, oinezkoek ere debekatua izan dute bertara sartzea. «Gainerako guztiek bezala, prentsan jakin genuen neurri horien berri». Hamabost langile aritzen dira bertan egunero, eta kontsulta bertan behera utzi edo egunez aldatu behar izan diete ehun paziente ingururi. «Ez digute kontsultarik egin, ez digute inolako alternatibarik eman, eta ez da osasun zentroentzako salbuespenik aurreikusi».

«Hiri batek ezin ditu herritarrak osasun arretarik gabe utzi kirol ekitaldi baten ondorioz»

IÑIGO JUNQUERAKlinika bateko arduraduna

Itxierak kalte ekonomiko eta profesionalak eragin dizkiela esan du Junquerak. Kexu azaldu da klinikak berak egin beharko dielako aurre galera horiei eta, salatu duenez, erabaki guztiak «inolako begirunerik gabe» hartu dituztelako. Horrez gainera, paziente batzuen artean «asistentzia arazo larriak» ere sortu dituela salatu du. «Hiri batek ezin ditu herritarrak osasun arretarik gabe utzi kirol ekitaldi baten ondorioz».

Baikorrago mintzatu da Pilar Lopez de Gauna. «Ekitaldi garrantzitsua da, eta hiriari on egingo dio». Iparragirre kalean bizi da, eta han lasaiak izan dira azken egunak ere. «Guk ez dugu zarata handirik igarri, eta esango nuke, orokorrean, oso giro ona dagoela».

Eta berriz dolu puntu bat. Finala Bilbon izatea ez baita bilbotarrak finalean izatearen pareko. Artean oraindik galtzaile eta irabazlerik gabe, Athleticen denda ofizialean denetatik begiratzen aritu dira Zohaio Farork eta Rachel Tidanm Tottenham taldeko zaleak, baina esku hutsik atera dira gero, tarte baten ostean. «Ezagutzen genuen taldea, noski», onartu dute, «baina ez dugu ezer erosi, ez. Irabaziz gero, orduan bai, orduan erosiko dugu bufanda bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.