Errugbia

Iñigo Atorrasagastik koska bat egingo du behera

Epaile donostiarrak errugbiko maila gorenean arbitratzeari utzi dio, hamabost denboraldiz zeregin horretan aritu eta gero. Aurrerantzean ere zuzenduko ditu partidak, baina maila apalagoetan. «Ez da erabaki erraza izan», aitortu du.

Iñigo Atorrasagasti. ESPAINIAKO ERRUGBI EPAILEEN BATZORDEA
Iñigo Atorrasagasti, maila gorenean arbitratutako azken partidan. ESPAINIAKO ERRUGBI EPAILEEN BATZORDEA
inigo lasa fresneda
2025eko uztailaren 9a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatzaren 24an jo zuen txistua azkenekoz Iñigo Atorrasagastik errugbiaren maila gorenean (Donostia, 1981). Ez zen nolanahiko partida izan, final bat arbitratuz esan baitzuen agur: VRAC Quesos Entrepinares eta El Salvador taldeek jokatutako Espainiako Kopako finalean aritu zen epaile lanetan, Valladoliden (Espainia), 15.000 zale baino gehiagoren aurrean. Nazioartean eta Espainiako Ohorezko Mailan epaile izateari utziko dio, baina Euskal Herrian eta Euskal Herritik gertu lehiak zuzentzen jarraituko du.

Hamabost denboraldi egin ditu goi mailan, eta, besteak beste, Espainiako Ohorezko Mailan, Kopan eta nazioarteko hainbat txapelketatan aritu da. Ospea eta errespetua lortu du errugbian, eta, orain, beste etapa bati hasiera emango dio. Halere, oraindik ez du aldaketa handirik nabaritu. Uda garaia da, eta aurreko urteen antzerakoa izaten ari da aurtengoa ere: «Oraingoz, ez dut asko atzeman aldaketa, dena lehengo antzera dago. Denboraldia amaitu da, eta, gainerako sasoietan bezala, orain atseden hartzea tokatzen da. Pentsatzen dut irailean nabarituko dudala gehiago hutsunea, liga hasten denean».

Partida garrantzitsu eta final asko arbitratu ditu, baina, zalantzarik gabe,ondo iltzatuta gelditu zaio azken neurketa: «Emozioz beterikoa izan zen, oso polita. Familia osoa etorri zen partida ikustera. Azken urteotan nirekin aritu diren Euskal Herriko bi epaile izan nituen marrazain lanetan. Familiarteko zerbait izan dut, eta oso oroitzapen onak ditut partida hartaz».

Ipar Euskal Herrian eta Frantzian errugbia profesionala da. Hego Euskal Herrian eta Espainian, ordea, kirol amateurra da. Batzuetan zera gertatu ohi da: zerbait oso gustura egitea, baina horri uko egin behar izatea, lehentasunak beste batzuk baitira. Horixe gertatu zaio Atorrasagastiri. «Erabakia hartzea ez da erraza izan. Urte asko egin ditut, eta familia eta lana ere hor daude. Horiek bultzatu naute erabaki hau hartzera. Errugbia ez da profesionala, ez dugu musu truk lan egiten: zerbait ordaintzen digute, baina ezin zaitezke diru horrekin bizi. Familiarekin eta lanarekin uztartzea ez da erraza, eta zaila da erritmo horri luzaroan eustea», azaldu du.

«Errugbia ez da profesionala, eta ez da erraza familiarekin eta lanarekin uztartzea. Zaila da erritmo horri luzaroan eustea»

IÑIGO ATORRASAGASTIErrugbi epailea

Maila onean segitu arren, Espainiako Epaileen Batzordekoek ez dute jarraitzera behartu: «Nire erabakia ulertu dute. Lehenik, nagusiei esan nien. Gero, ikastaro bat izan genuen, eta han gainerako epaileei esan nien. Denek ulertu zuten. Azken finean, urte asko dira, bi seme-alaba dauzkat, eta erabaki ulergarria dela esan zidaten». Izan ere, jokalarientzat ez ezik, epaileentzat ere laurogei minutu baino gehiago irauten dute norgehiagokek: «Partida bat arbitratzea ez da bakarrik zelaian ikusten dena. Neurketa horren atzetik aste osoko lana dago: arbitratu duzun aurreko lehia aztertu, jokatzen duten bi taldeak aztertu, entrenatu… Gutxi gorabehera, astean hamar bat ordu emango ditugu horretan. Lana da».

Lagun asko egin ditu

500 norgehiagoka inguru arbitratu ditu maila gorenean, eta, zerbait nabarmentzekotan, zera nabarmendu nahi du: «Topikoa dirudi, baina bidean egin ditudan lagunak izango ditut gogoan. Mundu osoan ibili naiz, neurketa asko arbitratu ditut, eta lagun on asko egin. Azken partidaren ostean mezu pila bat jaso nituen, eta horrek sekulako ilusioa egin zidan». Errugbian, errespetu handia diote epaileari eta hark egiten duen lanari, eta hamabost denboraldiotan horixe sentitu du berak: «Azken urteotan beste kirol batzuetako zaleak etorri dira, eta hasieran pixka bat kostatzen zaie errugbira egokitzea, baina beste zaleek berehala eramaten dituzte onbidera. Gauza bera gertatzen zaie jokalariei. Gazteak pixka bat asaldatzen dira, baina kapitainek oso lan ona egiten dute haiekin».

Sasoi hauetan guztietan makina bat erabaki hartu behar izan ditu. Bat birala egin zen. Cisneros eta Bartzelona taldeen arteko Espainiako Ligako partida batean jokalari bat zigortu zuen aurkariari «haragi bola» deitzeagatik. Horrelako kontuek alde onak eta txarrak dituzte: «Alde batetik, pozik nago, errugbiaren balioak ondo irudikatzen dituelako nik hartutako erabaki hark, eta jendeak errugbiaz hitz egitea ona delako; baina, beste alde batetik, amorru pixka bat ematen dit hainbeste gauza egin ostean erabaki horregatik gogoratua izateak».

Atzetik epaile gazteen «segida ona» datorrela iritzi dio. Mezu zehatza eman die haiei: «Beti esaten diegu gazteei jokatzea oso garrantzitsua dela gero epaile ona izateko. Zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta gauza gehiago ikasten dituzu, eta, gero, arbitratzeko orduan praktikan jartzeko oso baliagarriak dira». Hura ere errugbian jokatzen hasi zen, baina lesio bat tarteko hasi zen epaile lanetan. Orain, koska bat beherago jaitsi, eta lasaixeago ibili nahi du inguruko Espainiako Ohorezko B Mailako eta Euskadiko Ligako partidak zuzentzen. Urrutira joan gabe, etxe ondoan arituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.