Domina irabazteko itxaropena bazuten, baina ezin izan dute. Iñigo Peña eta Paco Cubelos seigarren izan dira K2 1.000 metroko proban. Ohi bezala, gainerakoen atzetik abiatu dira, bukaeran estutzeko asmoz. Aurrekoek atera dieten aldea handia izan da, bi segundotik gorakoa hasieran, eta hiru segundo ingurukoa 250 metroren faltan. Azken esprinta izan da haien itxaropena, besteen indarrak agortzen direnean Peñak eta Cubelosek abiadura bizkortzeko gaitasuna baitute, baina Tokion ez dute lortu. Gerturatu dira aurrekoen multzora, baina hasieran galdutako aldea handiegia izan da. Australia izan da aurrena, Alemania faboritoa bigarren eta Txekiar Errepublika hirugarren. Iñigo Peña bosgarren izan zen Rioko Olinpiar Jokoetan.
Finalerdian laugarren izan dira. Bazirudien indar pixka bat gorde dutela finalerako, eta kontrolatuz joan direla. Bi ordu eta erdi geroago, finalean, bost ontzi izan dituzte aurretik.
Ohiko estrategia erabili dute Iñigo Peñak eta Paco Cubelosek: atzetik aurrera egitea. Piraguek elkarrekin lehiatzen dute estropadetan, baina erlojuaren kontrako ahaleginak izaten dira praktikan. Piragua bakoitzak erabakitzen du mila metroko distantzian indarrak nola banatu, noiz joan azkarrago, noiz polikiago. Peñaren eta Cubelosen kasuan, hasiera bizkorra egiten dute, gero erritmo sendo eta egonkor bat hartu, 500 metroren bueltan azkartzen hasi eta azkeneko 200 metroetan esprinta jo. Ez dute estrategia aldatzen ondoko piraguen arabera.
Irten eta berehala minutuko 160 palakadako erritmora iristen dira; lehen 500 metroetan 105-107ra jaisten dute; 500 metroak pasatu eta gero, 110-112ra igotzen dute; eta azken 200 metroetan 120-122 inguruan ibiltzen dira. Segundoko bi palakadaren bueltan ia estropada guztian.
Peña eta Cubelos aspalditik daude Japonian. Ohituta daude bertako berora eta hezetasunera. Horrek ez du esan nahi eragiten ez dienik. Peña gustura zegoen, sasoi onean iritsi direlako Tokiora. Hala zioen Tokion bertan: "Oso entrenamendu onak egin ditugu azken bizpahiru hilabeteetan; ondo sentitu gara. Oso gorputzaldi ona dugu; sasoirik onenean iritsiko gara".
2017an osatu zuten K2 1.000 ontzia. Iñigo Peñak K4 1.000 metroan lehiatzen zuen, baina ontzi mota hori kendu egin zuten Olinpiar Jokoetatik (K4 1.000 metrokoa jarri zuten). Peñak distantzia berean jarraitu nahi zuen, distantzia horretan espezialista dela dio, eta bikotekidea topatu zuen: Paco Cubelos urte askotan K1ean lehiatutakoa. Hasiera-hasieratik moldatu ziren oso ondo: lehen urtean distantziako munduko marka hobetu zuten, baita Munduko Kopako zenbait proba irabazi ere. Munduko txapeldunorde izan dira 2018an eta 2019an, bietan alemaniarren atzetik.