Basque Ultra Trail Seriesen parte hartzen ari diren hainbat korrikalariren iritzia .
1 Zergatik aukeratu zenuen zirkuitu osoa egitea?
2 Lehen lasterketa uste bezain ondo atera al zitzaizun?
3 Zer espero duzu bigarren lasterketan?
4 Zein da zirkuituaren ezaugarri erakargarriena?
5 Zein da lau lasterketetatik politena? Zergatik?
Imanol Aleson Azkoitia, Gipuzkoa, 1972
1 Euskal Herriko lau hiriburuak lotzeak duen xarmagatik eta ultra distantzian otsailetik urrira bitartean sasoiari eustea erraza ez denez, erronka gisa hartu dut osoa egitea.
2 Ez, espero baino okerrago. Otsaila zen, eta urteko lehenengo lasterketa. Ez nekien gorputzak nola erantzungo zidan, eta, txakalaldi bat pasatu nuenez, uste baino makalago egin nuen.
3 Gauza bera dut buruan: aurrena, bukatzea, eta, bigarrena, kilometroak eta gorabehera ikusita, aurreikusitako denboran egitea.
4 Lau lasterketak etxetik gertu egiteko aukera eta tokiko mendien eta inguruen edertasunaz gozatzea.
5 Laugarrena, Donostia-Bilbo, izango dela uste dut. Batez ere ia egunero entrenatzen naizen lekuetatik, Erlotik eta Izarraiztik, pasatuko delako.
Mikel Leal Irun, Gipuzkoa, 1972
1 Zirkuitu berria zen, etxean, eta istorio oso ona zuen atzean. Gure mendiak ezagutzeko modu bat da, benetan erronka oso handia.
2 Ez. Gorbeiara arte oso ondo nindoan, baina arazo bat izan nuen gel batekin, eta ia bost ordutan ez nuen ezer jan; baina buelta eman, eta iritsi nintzen.
3 Zirkuitu osoa egitea da helburu nagusia. Bigarren lasterketa 20 orduan baino gutxiagoan egin nahi dut. Horretarako, oso ondo egin beharko ditut lehen 83 kilometroak, eta indarrak gorde. Beriaingo igoera oso gogorra izango da.
4 Aukera paregabea da: aurrena, euskalduna naizelako, erronka pertsonal gisa ikusten dut; bigarrena, Euskal Herria ezagutzeko aukera ederra da
5 Hirugarrena. Iruñea eta Donostia arteko zati asko ezagutzen ditut. Tokiko basoak ikaragarriak dira eta etxe ondoan amaitzen da.
Nerea Martinez Iruñea, 1972
1 Asko gustatu zitzaidan ideia: Euskal Herriari itzulia emateko aukera eta, aldi berean, Euskadi eta Nafarroa elkartzeko aukera polita. Lauretatik bat ere ez egiteak ez luke zentzurik izango niretzat.
2 Zalantza askorekin joan nintzen. Aspaldi ez nuen ultra bategiten, eta, horrelakoetan, zalantzak sortzen dira, ea gorputza erantzuteko gai izango den ala ez. Gustura amaitu nuen, nire gorputzaldia ikusita. Ez zait gustatzen sailkapenarekin eta denborarekin itsutzea.
3 Ibilbidearekin gozatzea eta nire jaioterrira iristearekin amesten dut.
4 Lasterketa guztiak osatzea eta jaio nintzen herritik igarotzea.
5 Egin aurretik, zaila da jakitea. Badirudi bigarrena eta hirugarrena izango direla politenak, baina hitz egin aurretik lasterketak osatu behar dira.
Eñaut Sorarrain Alkiza, Gipuzkoa, 1981
1 Ultretako korrikalaria izanda, berehala tentatu ninduen: gustuko distantziak ziren, eta, gainera, Euskal Herrian. Aurtengo erronka gisa, zirkuitu guztia egitea erabaki nuen.
2 Lehen lasterketaren data kontuan hartuta, nahiko sasoi onean iritsi nintzen, baina lasterketa egunean, katarro bat zela medio, oso gaizki atera zitzaidan.
3 Gauzak hobeto ateratzea eta lasterketaz gozatzea. Motibatuta sentitzen naiz, eta gustura nago nire sasoiarekin.
4 Euskal Herrian neurri horretako zirkuitu bat egitea oso tentagarria da erronka gisa, eta ni erronkazalea naiz.
5 Zalantza dut: Iruñea-Donostia agian, etxetik gertuena delako; baina ibilbideari dagokionez, politena Donostia-Bilbo izango da, nahiz eta oraindik ez daukagun ibilbiderik.
INKESTA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu