Arrauna

Inoiz baino estuago dago

Kontxako Banderako lehen igandeak egoera ikusgarria utzi du biharko. Lau ontziren artean dago emakumeen bandera, eta bosten artean gizonena. Eguraldiak zeresana emango du.

Iragan igandeko nesken bigarren txandako lau ontziak, estropada abiatu berritan. GORKA RUBIO / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Gutxitan ikusi da horren lehia estua Kontxako Banderan. Emakumezkoetan zein gizonezkoetan oso estropada onak ikusi ziren iragan igandean, eta parekotasun handia egon zen. Emakumezkoen estropadan lau ontzi daude bost segundoko tarte batean, eta gizonezkoetan, bost zazpi segundokoan.

Disfrutatzeko moduko igandea izango dute zaleek. Arraunlariek, baina, kirioak dantzan izango dituzte. Irati Larrañagak (Tolosa, Gipuzkoa, 1991) ondo daki zer den hori. Urte asko eman ditu gorengo mailan, eta badaki zer den Kontxako Bandera irabaztea: San Juanekin egin zuen. Horrelako egoera bati aurre egiten «jakin» egin behar dela dio, eta esperientziak «asko laguntzen» duela.

Kontxan inoiz ikusigabeko lehia ikusi zen aurreko igandean emakumezkoetan. Oriok aise irabazi zuen lehen txanda, baina laugarren izan zen sailkapenean. Bigarren txandan parekotasun handia egon zen, eta, ezustean, Tolosaldeak eraman zuen garaipena. Arraun Lagunak baino hemezortzi ehunen bizkorrago izan zen. Donostiarra bi segundora iritsi zen. Igandeari begira lehia oso irekia dago, inoiz baino estuago.

Larrañagak argi dauka horrelako aldeekin «edozer» gerta daitekeela: «Tolosaldeak dauka lehen postua, baina hemezortzi ehunen ez da ezer. Edozer gerta daiteke. Itsasoko baldintzek zein kale zozketak eragina izango dute, aldeak hain txikiak izanda. Estropada biribil bat egiten duenak bandera irabazteko aukera asko izango ditu».

Ezustean gailendu zen Tolosaldea. Ramon Erostarbe taldeko entrenatzaileak askotan aipatu du arraunlariek «gehiago sinetsi» behar zutela haien aukeretan. Lan bikaina egin dute uda osoan, eta ohorezko txandako beste hiru ontzietatik oso gertu aritu da. Oso talde gaztea da. Larrañagaren esanetan, Euskotren ligan «sendotzen ari den taldea» da, eta arraunlariak «elkarrekin» ari dira hazten. Presiorik gabe iritsi ziren Kontxara, lanak eginda zituzten irudipenarekin, eta espero ez zutenean iritsi zen garaipena.

Aste hau, baina, ez zen erraza izango arraunlarientzat. «Inoiz ligan banderarik irabazi gabe Kontxako hautagai nagusia izatera pasatzea oso jauzi handia da. Zuk inoiz irabazi ez duzunean, eta ezustean horrelako egoera batean zaudenean, ilusio handia izan dezakezu, baina presioa bikoiztu egiten da. Aurreko igandean presiorik eta beldurrik gabe atera ziren, baina emaitzak seguruenik eragina izango zuen aste osoan. Jakin egin behar da egoten, eta hori esperientziak ematen dizu».

Beste talde batzuek «heldutasun gehiago» daukatela iritzi dio arraunlari ohiak, eta iragan igandeak utzi zuen egoera «hobeto» kudeatu dezaketela uste du. Dena den, batak edo besteak irabazi, emakumezkoen arrauna da denboraldi honetako irabazlerik nabarmenena. Maila handiko ohorezko txanda bat izan da asteburuero Euskotren ligan, eta zaila izan da asteburuero garailea asmatzen. «Albiste pozgarria» dela dio Larrañagak: «Orain arte, urtero talde bat besteen gainetik egon da, edo bi traineruren artean egon da lehia. Orain, ordea, parekotasuna ikusi da. Ikuskizun hori izugarria da, eta hor egon garenentzako oso pozgarria da. Bide horretatik jarraitzea albiste ona litzateke».

Bost ontzi zazpi segundoan

Emakumezkoetan ikuskizuna bermatuta badago, zer esanik ez gizonezkoetan. Bost ontzi daude zazpi segundoko tarte batean. Hortaz, horietako batek kontsolazio txandan aritu beharko du. Zierbena izango da talde hori, baina gutxi izango du kontsolaziotik. Txanden arteko edozein aldaketa txikik banderarekin amesteko aukera emango baitio. Hori azpimarratu du Larrañagak ere: «Denen ahotan dago Zierbena. Kontxan askotan ikusi da aldaketa txanda batetik bestera, eta aurreko igandean ere izan zen haize aldaketa nabarmena. Segundo gutxiren aldea da, eta kaleen edo txanden arteko desberdintasun txikiena erabakigarria izan daiteke».

Estropada eremuaren berezitasunak nabarmendu ditu. Kontxako Badia estropada eremu «berezia» dela aitortu du. «Beti egoten da kaleen artean desberdintasun pixka bat, eta korrontea tartean bada, are gehiago. Kanpotik ez da ikusten, baina estropada aurrera doan heinean, nabarmena izaten da. Aurreko igandean argi ikusi zen joatekoan lehen bi kaleak hobeak zirela, eta itzultzekoan gehiago laguntzen zutela beste bi kaleek».

Sailkapenean denak elkarren ondoan badaude ere, lehen sailkatua oso indartsu ikusten du Larrañagak. «Urdaibaik bandera asko lortu ditu, eta gauzak ondo egin dituenetan erakutsi du gainerakoak baino koskatxo bat gainetik dagoela. Talde irabazle bat da, eta horrelako talde batek badauzka nahikoa tresna eta esperientzia egoera txarrei aurre egiteko». Faboritoak faborito, igandean arraunean egin beharko dute denek, eta bakarrak lortuko du urteko banderarik bereziena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.