Inoiz ikusi gabeko finala

Usurbilgo Pagazpek eta Tolosak jokatuko dute Berria Txapelketako finala, datorren igandean, Hernaniko pilotalekuan

Goian, Galarraga Pagazpeko kadete aurrelaria; behean, Goikoetxea Tolosako kadete aurrelaria. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Usurbilgo Pagazpek edo Tolosak: bi talde horietako batek irabaziko du XIV. Berria Txapelketa datorren igandean, Hernanin (Gipuzkoa). Usurbildarrek Azpeitiko Ilunpe kanporatu zuten finalerdietan joan den asteburuan, eta tolosarrek, Doneztebeko Erreka. Hain zuzen, Ilunpek eta Errekak jokatu zuten iaz finala, eta Nafarroako taldea nagusitu zen.

USURBILEN

Pagazpe 2Ilunpe 1

Igande goizez, Pagazpek Usurbilen bertan hartu zuen Ilunperen bisita, eta etxean jokatzeari etekina atera zioten garaileek. Hori bai, jaialdia ez zuten nahi bezala hasi, kadeteen arteko puntuak Azpeitirako bidea hartu baitzuen. Hobeto ekin zioten lehiari Pagazpeko Galarragak eta Iruretagoienak, eta 7-6 ere aurreratu ziren. Ordea, hortik aurrera Alberdi II.a eta Unanue gehiago izan ziren. Aurrelariak hartu zuen agintea, eta defentsako sendotasuna eta erasoko distira baliatuta, 15-22 nagusitu ziren.

Jaialdiko bigarren partida nagusien artekoa izan zen, hala adostu baitzuten bi partaideek. Santxo eta Gorrotxategi izan ziren Pagazpeko ordezkariak, eta 22-12 garaitu zituzten Iriarte eta Murgiondo Ilunpekoak. Azken horrek ohi baino huts gehiago egin zuen, eta etxekoak aise nagusitu ziren. Santxo izan zen laukoteko onena.

Gauzak hala, gazteen arteko partidak erabakiko zuen guztia. Exposito eta Aranguren usurbildarrak faborito ziren Alberdi I.a eta Egigurenen aldean, baina lau pilotariak onak izaki, lehia estua espero zen. Hasiera gogorra izan zuen partidak; azpeitiarrak 5-6 ere aurreratu ziren, baina ezinean aritu ziren gero. Arangurenek agintea eta Expositoren abiadura baliatuta, 22-12 irabazi zuten etxekoek.

TOLOSAN

Tolosa 2Erreka 1

Emozio gutxiago izan zuen Tolosaren eta Errekaren artekoak. Nafarrak iazko txapeldunak izaki, pentsatzekoa zen finalerako sailkapena gertu izan zezaketela, baina ezer gutxi egin ahal izan zuten gipuzkoarren aurka. Kadeteen mailan, Goikoetxea eta Etxeberria tolosarrek 22-4 menderatu zituzten Agirre eta Loiarte Errekakoak. Justu kontrakoa gertatu zen gazteen arteko lehian. Salaberria eta Mariezkurrena nafarrek 5-22 menderatu zituzten Zalakain eta Auzmendi.

Hala, nagusien baitan geratu zen kanporaketa, baina kolorerik ez zen izan. Labaka eta Telletxea tolosarrek 22-4 irabazi zieten Onsalori eta Gorritiri. Ohiko mailatik urrun aritu ziren nafarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.