AUTOMOBILISMOA

Inor ez dago libre

Epsilon Euskadik igandean hasiko du 2005 sasoia. Munduko Serietan korritzeaz gain, Renaulten babesean sortu berri diren beste bi txapelketatan ere ariko da: Formula 2.000n eta Megane Sarian

jon ordonez garmendia
2005eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Munduko Serieak denboraldi berri baten atarian daude. Igandean hasiko da denboraldia Zolderren (Belgikan), eta han egongo da irteera hartzeko prest Epsilon Euskadi automobilismo taldea. Asteburu garrantzitsua du Azkoitiko taldeak; 2003. urtean sortu zenetik izan duen denboraldi garrantzitsuena hastear da. Munduko Serieek Renaulten babesa izango dute aurten (iaz Nissan zen babeslea), eta beste bi lasterketa gehituko ditu Frantziako auto etxeak: Formula Renault 2.000 eta Megane Saria.

Epsilon taldeak apustu handia egin du. Hiru txapelketatan ariko den talde bakarra izango da, eta hiruretan podiumera igotzea du helburu iaz Jean Christophe Ravier laugarren izan zen. Taldea goitik behera aldatu da. Iaz bi gidari zituen soilik, baina aurten sei edo zazpi izango ditu, eta horien inguruan 50 pertsona ariko dira lanean. Ravier Megane Sarira pasa da, eta Munduko Serieetan utzitako lekua, hainbat gidarirekin lehiatu ostean, Robert Kubicak hartu du.

Antonio Aristi euskal gidari bakarra

Euskal gidari bakarra izango du Epsilonek (iaz Ander Vilariñok taldea utzi zuenetik bat ere ez zuen); Antonio Aristi Megane Sarian lehiatuko da. «Txapelketa gogorra izango da. Irteeran 40 auto egongo gara, eta alboetan kolpe asko jasoko ditugu. Gainera, nazioarteko lasterketa bat da eta onenek parte hartuko dugu. Euskadira sari asko ekarriko ditugula ziur nago, eta zaleek ederki gozatuko dute», esan du urrestildarrak.

Bina gidari izango ditu Epsilonek txapelketa bakoitzean, baina Formula 2.000n beste auto bat dute beste gidari batzuekin probak egiteko txapelketa horren helburua Munduko Serieetarako gidariak trebatzea da. Hiru txapelketatan parte hartzeak ekarri dizkie jada lehen buruhausteak: Renaultek espero baino beranduago eman dizkie autoak talde guztiei, eta azkeen asteetan lan asko egin behar izan dute guztiek; Epsilonen kasuan, presa hirukoitza izan da. Joan Villadelprat taldeko presidentearen kezka hori da, igandean lasterketa hasten denerako taldea auto berrietara ondo egokituta egotea. Oso pozik dago, ordea, jaso dituztenFormula berriekin: «Munduko Serieetako aurtengo autoak iazkoak baino bi segundo azkarragoak dira».Denboraldi-aurrean lortutako emaitzak onak izan dira. Valentzian eta Le Mansen Porteiro eta Kubica gidari azkarrenen artean aritu ziren. Aristik eta Ravierrek aste honetan bertan egin dituzte Belgikako Spa zirkuituan azken lan saioak. Meganeak ostiralean atera ziren Azkoitiko pabiloietatik, eta lau formula autoak, aste honen hasieran.Denboraldiko zita nagusienak Monakokoa eta Bilbokoa izango dira. Monakon 1 Formulako lasterketaren aurretik jokatuko dira Munduko Serieak, eta gidariek begira izango dituzte 1 Formulan aritzeko aukera eman diezaieketen begiraleak. Bilbon, euskal zaleen aurrean, ondo aritzea ere garrantzitsutzat dute.Epsilon Euskadiren erronka handia da, eta ez kirol arlokoa soilik. Ingeniariak hezitzeko masterra sortu dute eta 21 ikasle dituzte jada. Gainera, 2008. urtean Le Manseko 24 orduetan korritzeko autoa egin nahi dute.

-

Munduko Serieak



 

Egutegia





Maiatzak 1: Zolder (Belgika).

Maiatzak 22: Monako (Monako).

Ekainak 5: Valentzia (Herrialde Katalanak).

Ekainak 10: Le Mans (Frantzia).

Uztailak 17: Bilbo (Euskal Herria).

Abuztuak 7: Oscherleben (Alemania).

Irailak 11: Donington (Ingalaterra).

Urriak 2: Estoril (Portugal).

Urriak 23: Monza (Italia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.