Lanpetuta dabil: ACBko batzarra, taldea, bere enpresa... baina tarte bat aurkitu du taldeari buruz hitz egiteko. 2009an BERRIAri emaniko elkarrizketa batean, Bilbo Basketeko presidente kargua utzi aurretik, berriz ere euskara ikasten hasteko asmoa zuela esan zuen Xabier Jon Davalillok (Bilbo, 1960), baina, azaldu duenez, oraindik ez du tarterik aurkitu: «Proiektu asko epe motzean, baina horietako bat da euskara ikastea». Galdera guztiak erantzun ditu, txapelik jarri gabe.
Zergatik itzuli zinen taldera?
Egungo kontseilariek taldea aurrera ateratzeko deitu ninduten, eta egoera hobetzeko gai naizela uste dudalako onartu nuen.
Gai berean, zergatik utzi zenuen kargua 2010ean?
Taldea gustatzen ez zitzaidan bide bat hartzen ari zen. Helburu batzuk ez zitzaizkidan gustatzen. Horiek aldatzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Gustura ez banago, eta gauzak nola egiten diren gustatzen ez bazait, bada onena albo batera egitea da.
Denborak arrazoia eman dizu?
Ez naiz iraganari buelta asko eman zalea. Iragana aztertu behar da, eta ondorioak atera.
Uda honetan lanpetua ibili zara.
Bai, katramila asko, zailtasun asko, familiak ere sufritu du... Ez da atsegina izan, ez.
Azken albisteak onak dira: Kirol Auzitegiak Bilbo Basketen aldeko epaia behin betikoa dela berretsi du eta konkurtso aurrekoa atzera bota duzue. Lasaiago?
Arnasa pixka bat hartzeko baino ez. Taldean sei milioi euroko zorra aurkitu genuen. Hori kudeatzea eta sasoi honetarako onartuak zeuden konpromisoei eustea... Ez zen erraza izan. Horri ACBko afera gehitu zitzaion, eta zaila behar zuena are gehiago zaildu zen.
Zor handia da.
Behin taldea hartuta, eta akzioak gure esku izanda, lehentasuna alfonbrak altxatzea izan zen. Datuakzehaztu eta egoera ikusi. Zorra sei milioikoa zen, eta sasoi honetako konpromisoak. Lehen aukera kreditu bat aurkitzea izan zen, hartzekodunei dena ordaintzeko. Iragan sasoi hasieran utzi zitzaion hartzekodunei ordaintzeari, eta asko sufritu zuten. Bermerik gabe, baina, ezin izan genuen kreditua lortu.
Beste aukera bat zen barneko finantzaketa bilatzea, eta hartzekodunekin negoziatzen hasi ginen. Zorraren erdia ez ordaintzea —jokalariek 1,1 milioi barkatu dituzte— eta beste erdia bost urtean ordaintzea eskaini genien. Gehienen erantzuna ona izan zen, baina guztiekin ez ginen ados jarri, eta soka tenkatu zuten. Halere, gehienekin bai, Konkurtso Legea saihesteko adina. Maiatz bukaeran ez zegoen zorrik, taldea desagertuz gero ez lukeelako inork kobratuko. Hartzekodun gehienek ulertu zuten, eta ahalegina egiteko prest agertu ziren kluba igotzen joan, eta zorra bost urtean ordaintzeko.
Kanpotik ikusita, eskaintzak argia dirudi: «Hau edo ezer ez».
Negoziazio batean ezin duzu hori esan, norbaitek «dena» eskatzen badu taldearen aurka jo dezakeelako epaitegian. Taldea bideragarria da; ondo kudeatuz gero, irabaziak sor ditzake eta apurka zorra kendu. %100 ez, baina zati bat bai. Ez zen dena edo ezer ez; baina jendeak ulertu behar zuen ahalegina egitea zela zerbait berreskuratzeko modu bakarra.
Norbaitek esango du langileei ordaindu gabe errazagoa dela.
Beste aukera Konkurtso Legea zen, zorraren %80 kendu eta beste %20 hamar urtean ordaindu, ACBko talde batzuek egin duten bezala. Gure ustez, maiatzean Konkurtso Legera jotzea taldea desagertzera kondenatzea zen. Horregatik jo genuen konkurtso aurrekora, negoziatzeko.
Errealista al da zorra bost urtean kentzea?
Aurrekontuaren %15 zorra ordaintzeko bideratzea da asmoa. Ez da erraza izango, baina konpromiso bat da.
Negoziazioen ondoren zorra 3,6 milioikoa da?
Bai. Guk 4 milioi euroko aurrekontua espero dugu urtero, eta, gutxienez, 800.000 euro zorra ordaintzeko bideratzea.
Nola iritsi da taldea honaino?
Erraza da: etxean bezala, ez duzuna gastatzen baduzu, zuloa egiten duzu, eta gero irentsi egiten zaitu.
Bai, baina Ogasunarekin zulo hori egin eta diru publikoa jaso duzunean, norbaitek beste alde batera begiratu duelako da.
Ez. Ogasuneko kontuak, adibidez, beti negoziatuak izan behar dituzu. Taldeak ordainketa hori babes kontratu batekin zuen ziurtatua, eta publizitate kontratu baten aurrerapenarekin kitatu zen. Ogasunarekin dugun zorra ez da handia, bere garaian ordaindu zelako.
Baina hain urrun iristen zarenerako...
Herri honetan jende asko dago antzera. Zor horretara iritsi zen, kontratu jakin batekin bermatua zegoelako, baina kontratu hori kendu egin zen —2012an Bizkaiko Aldundiak kirol babes guztiak bertan behera utzi zituen—, eta orduan dena erori egin zen.
Bilbo Basketek pribilegiatu itxura hartu du.
Babes kontratu asko zituen taldeak, eta horietako bat zen aldundiarena, beste talde batzuek dituzten bezala. Bilbo Basket negozioa sortzen duen jarduera bat da, zergak ordaintzen dituena eta lurraldearen irudi ona ematen duena. Nire ustez, horrek babes publikoa behar du; hori bai, ez dut uste babes publikoak aurrekontuaren zati handi bat hartu behar duenik.
Aldundiaren tratua ona izan da: babesle nagusi zenean bi milioi urtero, hiru urteko publizitate kontratua aurreratu zion...
1,9 milioiko akordioa zegoenean —Bizkaia Bilbo Basket izan zen 2009-10tik, 2011-12ra—, hura 10 edo 11 milioiko aurrekontuen zati bat zen. Publizitate kontratua aurreratu zen —2013ko apirilean— zor bat kitatzeko, aurreko kontratuarekin bermatua zegoena.
Gizartean zabaldua dagoen irudia da taldea salbatu egin dela.
Tira, zuk kontratu bat sinatua baduzu, eta egoera jakin batean kontratu hori eteten bada —Aldundiaren babesle nagusiaren kontratua—, horrek arazo batzuk sortzen dizkizu. Eta konponbidea bilatu zitzaion. Batzuek pentsatuko dutela: «Babestu egin da»? Bada, agian, bai: arazo bat sortu da, eta lagundu egin zaio.
Enpresa txiki batek, agian, ez zuen tratu bera jasoko.
Nik Ogasunari ordaindu behar badiot, eta ezin badut, haiekin negoziatu behar dut. Baina egoera oso antzekoa da. Kontua da une jakin batean aldundiarekin babes kontratu bat zegoela, aldundiak geldiarazi egin zuena, eta horrek taldeari arazoa sortu zion.
Asko xahutu da? 3.000 euroko alokairuak aipatu zenituzten...
Sei milioi euroko zorra bazegoen... zerbait egin da gaizki.
Taldea markatua gelditzearen beldur zara? Zorren taldea.
Estigma dugu gainean, mundu guztiak begiratzen duen taldea gara. Talde asko daude antzeko egoeran, baita okerragoetan ere.
Nolako harremana duzue ACB ligarekin?
Tira, zorra ordaintzeko epea handitu ez eta ligatik kanporatuak izan ondoren... Ez dago bere onenean, baina hobetu behar dugu.
Kirol epaitegiak oso bizkor eman zuen epaia. Hiru egun.
Bizkor hartu beharreko erabakia zen. Denbora gutxi genuen taldea hartu eta bideragarri egiteko erabakiak hartzeko. Atzeratuz gero, kaltea oso handia zatekeen.
Ez da ohikoa izaten.
Ez dakit kirol epaitegiaren epeak zenbat izaten diren, baina gure kasuan premiazko erabakia zen.
ACBri, baina, 18 talde komeni zaizkio, eta ondo gelditu da. Zorrotza izan dela esan dezake, eta behartuta onartu duela 18. talde hori. Beraz, denak pozik?
ACBk bi arrazoi plazaratzen zituen Bilbo Basket kanporatzeko, baina bakarra zen erreala: Soldata Funtsa ez itzultzea. Beste arau-haustea zen jokalariekin dugun zorra soldaten %15 baino gehiago dela. Baina neurriak dio zorraren %15 baino gehiago ezin duzula izan erreklamatua, eta guk erreklamatua genuena ez zen %15era iristen. Zor handiagoa genuen, baina ez zegoen erreklamatua. Talde askok dute zor handiagoa, baina jokalariek ez dute erreklamatzen. Zergatik? Badakitelako erreklamatzen badute euren taldeek ezingo dutela ACBn jokatu.
Babesle nagusia dago. Albistea dela esan beharko.
Albistea da azken denboraldiarekin alderatuta, eta duela bi urte zegoenak ez zuelako konplitu. Bilbo Basketek beti izan du babesle nagusia. Batzuetan ez dituzte bete adostutako urteak, baina beti bete izan dituzte konpromisoak, eta diru kopuru jakin bat ordaindu dute akordioa lehen baino goizago eten izan denean.
Wisekey etxeak kontratu ona sinatu zuen Bizkaiko Aldundiarekin. Aldundiak lagundu al du?
Zuzenean ez, nik dakidala. Dena den, enpresa batek, nik uste, egitasmo batean apustu indartsua egin nahi badu, aurretik kontsultak egingo ditu.
Eta aldundiari galdetu al zion?
Ez dakit. Baina nik, Wisekey banintz, galdetuko nuke ea ze kirol talde babestu behar dudan, zein jende dagoen, zenbat jende doan pabiloira... Nik uste dut informatuko zela, maila guztietan. Hori da nik dakidana, baina nik ez nuen parte hartu negoziazio horietan.
Zuen kontuak ikusita jauzi handia dago publizitatean: iragan sasoiko 950.000 euroetatik 2,1 milioi euroetara. Boikota egin al zitzaion Bilbo Basketi?
Iragan sasoiko zenbakietan ez zegoen babesle nagusirik, eta, izanez gero, %50 gehiago lor dezakezu. Baina nire ustez, kanpotik ikusita, Bilbo Basketek ez zuen irudi onik, zurrumurruak... eta hori, barneko egoera ekonomikoa jakin gabe. Kirol arloan Eurokopako finalera iritsi zen, eta ondo zihoan, baina inguruan ez zegoen giro onik.
Zer giro?
Kudeaketa arazoak zeuden, zorrak, eta jendeak hori komentatu egiten du bere inguruan. Eta gero, baloia saskian sartu arren, eta kirol egoera ona zenean, zurrumurrua zabaldu zen jendea ez zegoela gustura klubean, eta zorra handitzen zihoan. Hori guztia iragan sasoian aireratu zen, zorra ezin zelako ordaindu, eta denak eztanda egin zuen.
Zer-nolako harremana duzue Gorka Arrindarekin?
Argi utzi nahi dut hau. Arrinda taldearen akzio guztiak Bilbo Basketen kontseilarien esku daude. Depositu konpromiso bat dago, behar denean kolokatuz joateko, taldearen onerako. Arrinda taldeak ez du akziorik. Nik ez dut inolako harremanik eurekin. Eurak hartzekodunak dira, taldeak zorra duelako euren enpresekin, eta beste edozein hartzekodun bezala tratatuak dira.
Eta akzioak saltzen direnean? Dirua kluberako izango da edo arrindatarrei ordaintzeko?
Akzio guztiak euro baten truke jaso dituzte kontseilariek, ez zaie besterik ordainduko. Orain akzio horiek kolokatuko egingo ditugu, saldu, eta horren irabaziak taldea kapitalizatzeko izango dira. Oraindik ez ditugu salgai jarri taldeari balioa emateko lan egiten ari garelako, akzio horiek balio jakin bat izan dezaten.
Nola osatu duzue taldea? Berme eskaerarik ez zen faltako?
Ebazpenaren ondoren dena bizkor joan da. Sitok itxi duen taldea une horretan lortu nahi genuen taldea da. Lehenago itxi izan bagenu ezberdina litzateke? Ziur asko, bai. Guk bermerik ezin genuen eman, taldeak, orain, ez duelako bermeak emateko baliabiderik. Eta eskatu dizkigutenak ez daude, ezin genuelako. Txalotzekoa izan zen iragan sasoiko lau jokalarik gertatzen zena gertatzen zela geldituko zirela esatea.
Laurek kontratu onak dituzte.
Mundu guztiak estutu du gerrikoa. Egungo aurrekontukoak zenbaki errealak dira.
Egoera ekonomiko horretan, nola azaldu Sito Alonsok Bilbon bukatu izana?
Sitok azaldu du. Haren ustez, Donostiako aroa bukatua zen eta zerbait berria nahi zuen. Gure egitasmoa aurkeztu genion, gustatu zitzaion, eta gauza asko jasan ditu bukaerara arte.
Haren izena kudeatzaile berriak sartu baino lehenago agertu zen prentsan.
Lehenago? [harrituta] Ez dakit, negoziazioetan ez nengoen, baina izen asko irten ziren, ohiko esamesak. Nik berarekin izandako harremanak kontseilu taldean sartu ostekoak izan dira.
Zein da German Gabrielen egoera taldean?
Saiatzen ari gara ados jartzen, baina eman ezin genizkion berme batzuk eskatu zizkigun. Kontratua du indarrean, eta taldean dago. Entrenatzaileak nahi badu, joka dezake.
Roger Grimauren agur eskutitzak min eman zizun?
Bai. Negoziazioa luzatu bazen, berak eskatzen zituen adina berme emateko aukerarik ez zegoelako luzatu zen.
Xabier Jon Davalillo. Bilbo Basketeko presidentea
«Inor ez zaigu etorri bermerik eskatzera, ezin baikenuen eman»
Bilbo Basketen lema hartu duen batzordearen aurpegia da. Udan auzitara jo zuelako jarraitzen du taldeak ACB ligan, eta orain arlo ekonomikoa zuzentzea da lehentasuna. Epeka estali nahi du zuloa: «Urtero, 800.000 euro gutxienez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu