Insausti daukate zain

Fustok eta Gaubekak palako buruz buruko finala jokatuko dute gaur. Sei txapel ditu bakoitzak, eta irabazleak marka onena berdinduko du

Pablo Fusto eta Esteban Gaubeka, pilota aukeraketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Oscar Insaustik hogei urte daramatza inork haren marka berdindu zain. Iruñeko palistak zazpi txapel irabazi zituen buruz buru. Jarraian irabazi zituen, 1995etik 2002ra —1997an ez zen buruz burukoa jokatu—. Azkena jantzi eta gutxira erretiratu zen, 38 urterekin. Gailurrean zegoen, eta hantxe dago oraindik, bakar-bakarrik.

Gaur utziko dio bakarrik egoteari. Pablo Fustok (Buenos Aires, 1980) eta Esteban Gaubekak (Armintza, Bizkaia, 1977) buruz buruko finala jokatuko dute Bilbon, Miribilla frontoian (15:15, ETB1). Sei txapel ditu Fustok, eta beste sei Gaubekak. Beraz, irabazleak zazpigarrena irabaziko du, eta Insaustiren marka berdinduko du.

Ez da ezustea. Inork lortzekotan, haiek lor zezaketen. Nagusi dira Insausti erretiratu zenetik. Hemezortzi Buruz Buruko Txapelketa jokatu dira, eta hamabitan nagusitu da bietako bat: Gaubekak 2004an, 2005ean, 2008an, 2010ean, 2018an eta 2020an irabazi zuen; Fustok, berriz, 2009an, 2012an, 2013an, 2014an, 2015ean eta 2016an. Lau aldiz jokatu dute elkarren aurka finalean, eta hirutan irabazi du Fustok, azken hiruretan: 2009an, 2013an eta 2016an. Gaubeka aurrenekoan gailendu zen: 2008an.

Argentinarra nagusitu da baita elkarren arteko azken lehian ere. Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian izan zen. 3-1 irabazi zuen: 10-7, 10-3, 8-10 eta 10-7. Hilabete pasatu da ordutik, eta egoera oso bestelakoa da. Fustok bitan hartu du min: duela bi aste, ezkerreko bularrean, Dan Necolen aurkakoan —ordurako sailkatuta zegoen—; eta orain astebete, ezkerreko iskiotibialean, entrenatzen. «Aukeraketan proba egin nuen, eta balekoa izan zen. Espero dut hobera egitea», azaldu du.

Hala ere, aitortu du «sentipen gazi-gozoa» duela: «Pozik nago berriro finalean egoteagatik. Denbora neraman finala jokatu gabe [sei urte]. Gainera, oso ondo jokatuta sailkatu nintzen. Iazko bi finalistei irabazi nien: Estebani eta Ibairi [Perez]. Pena da finalera iristea eta sasoi betean ez egotea. Baina ezin naiz ibili horri bueltak ematen. Final bat dut jokatzeko».

Partida «estu eta gogorra» espero du: «Halakoak dira Estabanen aurkako denak». Argi du nola egin diezaiokeen min, baita hark nola egin diezaiokeen min ere: «Buruz buru, oso garrantzitsua da norberaren jokoa gailentzea. Hori egiten saiatuko naiz ni, ezkerrarekin pilota paretara pegatuta. Badakit hura ni mugiarazten ahaleginduko dela. Adi-adi egon beharko dut partida osoan».

Gaubeka ez da fio Fustoz: «Jokatzea erabaki badu, ondo dagoelako erabaki du». «Oso pozik» dago finalera iristeagatik: «Bosgarren urtea da jarraian, eta ilusio handia egiten dit nire adinarekin oraindik onenekin nor baino nor gehiago aritzeak. Txapelketa polita egin dut. Pabloren aurkakoan ez beste, guztietan aritu naiz oso ondo».

Hark ere partida «gogorra eta parekatua» espero du: «Pablo mugiarazi beharko dut, deseroso egon dadila. Ezin diot pilota aukeran utzi; kantxaren erdian, bestela, ez du barkatuko».

Irabazleak zazpigarren txapela irabaziko du, eta Insaustiren marka berdindu. Gaubekak dioenez, «pizgarri polita» da, eta «ilusioa» egiten dio hark eta Fustok horretarako aukera izateak: «Urte asko daramatzagu biok punta-puntan. Gazteak indartsu datoz, baina goian eusten diogu oraindik ere. Polita da hori». Fustok, ordea, ez dio gehiegi erreparatzen Insaustiren markari: «Finalean zer gerta ere, Estebanek eta biok oso harro egon behar dugu egiten ari garen kirol ibilbideaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.