Irabazi egin behar du Osasunak, eta hatzak gurutzatu

Osasuna Europan sartzen saiatuko da denboraldia azken partidan, Alavesen kontra. Irabazita ere, lortzea ez da ziurra: Celtak edo Rayok kale egitea behar du. Arabarrek ez dute jaisteko arriskurik jada, eta Mendizorrotzan ospatuko dute gaur.

Osasunako jokalariak elkarri lepotik helduta. JESUS DIGES / EFE
Osasunako jokalariak elkarri lepotik helduta. JESUS DIGES / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zale gorritxoek denetariko sentipenak izan dituzte denboraldi honetan. Txundituta egon ziren hasieran, Osasuna Txapeldunen Ligako postuen ingurumarian kokatu baitzen Vicente Morenoren agindupean. Gero, harridurak bide eman zion etsipenari, taldea ezin irabazi ibili baitzen. Azarotik hasita, hemezortzi partidatatik bakarra irabazi zuten nafarrek. Morenoren etorkizuna kolokan izan zen. Apiriletik aurrera, ordea, goitik behera aldatu da egoera. Teknikari valentziarrak ez du Iruñean jarraituko, baina ez emaitza txarren ondorioz. Izan ere, Osasunak azken zazpi lehietatik bost irabazi ditu, eta bete-betean sartu da Europarako sailkatzeko borrokan. Hortaz, gorritxoek ilusioz beterik jokatuko dute gaur sasoiko azken neurketa, Mendizorrotzan, Alavesen aurka (21:00, Movistar).

Derbia ospakizun hutsa izango da arabarrentzat. Joan den astean Valladoliden zelaian irabazi ondoren, badakite datorren denboraldian ere Lehen Mailan ariko direla. Nafarrek, ordea, asko izango dute jokoan. Pasaporteari zigilua jarri nahi diote, seigarrenez Europako txapelketa bat jokatzeko aukera lortuta. Haatik, ametsa betetzea ez dago gorritxoen esku, irabazteak ez baitie ezer ziurtatzen. Bederatzigarren postuan hasiko dute neurketa, hots, Europatik kanpo; Rayoren —zortzigarren sailkatua— eta Celtaren —zazpigarren sailkatua— emaitzen menpe egongo dira. Rayok bezainbat puntu dauzkate (51), baina golen aldeak aurkariari egiten dio mesede. Celtak, berriz, puntu bat gehiago du. 

Horrenbestez, Celtak eta Rayok abantaila dute Osasunaren aldean, baina, emaitzen arabera, baliteke talde gorritxoak bi kontrarioak aurreratzea. Konferentzia ligan ez ezik, Europa ligan ere sar liteke. Gertutik erreparatuko die aurkarien partidei: Celta Getaferen zelaian ariko da, eta Rayok Mallorca hartuko du. Konferentzia ligarako sailkatzeko, Osasunarentzat aski izango litzateke Celtak edo Rayok ez irabaztea, betiere etxeko lanak egiten baditu Mendizorrotzan. Berdinketa ere baliagarria izan liteke, Rayok bere norgehiagoka galtzen badu, edo Rayok berdindu eta Celtak galtzen badu —hiru taldeak berdinduta egongo lirateke sailkapenean, eta Osasuna zortzigarren ipiniko litzateke—.

Europa ligan sartzeko, ordea, irabazi egin behar dute gorritxoek, eta gainera, bi aurkariek berdindu edo galdu egin beharko lukete. Berdinketa balekoa izateko, ia ezinezko konbinazio bat gertatu beharko litzateke: Rayo eta Celta esku hutsik gelditzea eta Osasunak galiziarrei aurrea hartzea golen alde orokorrean —bost gol gutxiago dituzte nafarrek—. Alegia, Celtak astindu handia hartu beharko luke. Hori gertatuko balitz, baina Rayok irabaziko balu, Osasuna Konferentzia ligako talde bihurtuko litzateke. Aukera guztiz utopikoa da.

Hiru hautagaiek helbururik gabeko taldeak izango dituzte aurrean, eta hori Osasunaren kalterako da. Mallorcak, Rayoren kontrarioak, beherakada nabarmena izan du azken partidetan, eta zaila ematen du Vallecasko estadioan punturen bat biltzea. Sailkapenean ezin du aurrera egin, eta, txarrenean, bi postu egingo luke behera. Getafek, berriz, hiru postu beherago geratzeko arriskua du baldin eta gaur etxean esku hutsik gelditzen bada Celtaren kontra. Ez da akuilu izugarria, baina, gutxienez, etxean jokatuko du.

Festa kutsuko derbia

Osasunako jokalari guztiak prest izango dira gaurko partidarako, Kike Barja izan ezik —min hartu zuen Espanyolen aurka—. Zaleek ere ez dute huts egingo. Klubak 367 sarrera zozkatu ditu bazkideen artean, baina are elastiko gorri gehiago ikusiko da Mendizorrotzan, eta zer esanik ez, Gasteizko kaleetan. Final bat da Osasunarentzat; Alavesentzat, berriz, festa soila izango da. Bi pizgarri izango ditu lehiakor jarduteko: batetik, zaleei babesa eskertzea eta salbazioa eskaintzea, eta bestetik, sailkapenean ahalik eta postu onena lortzea. Zenbait jokalarik azken lehia izango dute Alavesen elastikoarekin, eta, kontratua luzatu ezean, Eduardo Coudetek ere agur esango du gaur.

Imanolen azken dantza izango da gaur, Madrilen

Imanol Alguacil Realeko teknikariak lema utziko du. Txuri-urdinek gaur jokatuko dute ligako azken partida, Real Madrilen kontra, Bernabeun (16:15). Argi esan zuen atzo: «Helburua ahal den ondoena bukatzea da; ez da erraza izango, baina saiatuko gara». 

Egunotan jasotako maitasun keinuak eskertu zituen, eta, bide batez, barkamena eskatu zuen Gironari irabazi ostean egindako adierazpenengatik. Prentsaurreko hartan esan zuen gustatuko litzaiokeela egunen batean Realak harrobiko jokalariekin soilik jokatzea, Athleticek bezala. Polemika piztu zuen hitzokin, eta urak baretu nahi izan zituen. «Barkamena eskatu nahi dut: dabilenari pasatzen zaio».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.