Baskoniak bere eskuetan du aginte makila. Bere baitan dago Euroligako Top16 ligaxkarako sailkatzea, eta sailkapen hori erosoago edo suspense handiagorekin lortzea. Geratzen diren bi partidak irabazten baditu, eztabaida, arrisku eta kalkulu guztiak zokoratuko ditu; baina gaurkoa galtzen badu, beste taldeen emaitzen zain geratu beharko du. Kaunasen, Lituanian da lehen hitzordua, eta Gasteizen bigarrena, Partizan Belgraden aurka. Gaur iluntzekoa da bietankonplexuena. Baskonia Kaunasetik garaipenarekin bueltatzen bada, zaila dirudi hurrengo ostegunean, Gabon Gauaren bezperan, Baskoniak Top16ko txartela oparitzea. Gainera, gaur irabazi eta bihar Khimkik Maccabiren kantxan galtzen badu, Baskoniak poltsikoan izanen du multzoko laugarren postua, eta hirugarrena lortzeko aukera eduki Partizanen aurka.
Khimkiren atarikoan zegoen egoera bera sumatzen da taldean. Orduan ere muturreko mingarri bi jasota kantxaratu zen Baskonia, Prokomen aurka etxean, eta ACB ligan Sevillan. Atariko honetan Bizkaia Bilbo Basket izan da muturrekoa eman diona, markagailuari begiratuta porrota onartzeko modukoa izan bazen ere. Porrot horiek guztiak jatorri bera izan dute, sasoi honetan taldea behin eta berriz kolpatzen ari den gabezia: defentsako erreboteari eusteko ezina. Euroligan ia hamahiru ematen ditu partidako.
Odoluste handia eteteko komeria franko ditu taldeak. Stanko Barac nahiko ondo ari da, zazpi errebote partidako, baina taldeko bi hegaleko garaien zenbaki txarrak zama astunegia dira. Izan ere, bost errebote bakarrik jasotzen ditu Mirza Teletovicek, luzean 2,06 metro izan arren. Deigarriagoa da Marcus Haislipen kasua, 2,08 metro neurtuta ere 1,3 errebote eskas hartzen ari delako partidako. Haislipek, halere, aitzakia du, duela hiru aste osatu zelako, eta Euroligako azken bi partidatan erietxera eraman duten ukabilkada bi jaso dituelako.
Zalgirisek hamazazpi errebote berreskuratu zituen erasoan Gasteizen, eta gaur dozena bat errebote baino gehiago irabazten badu, Baskoniak jai izango du. Zalgirisek talde txukuna osatu duelako: Delininkaitis, Kalnietis, Klimavicius eta Pocius ditu kanpotik, eta Jankunas, Watson eta Begic erraldoia barrutik (2,20 metro).
ZALGIRIS-BASKONIA
Lehiaketa. Euroligako lehen ligaxkako A multzoko bederatzigarren jardunaldia.
Zalgiris Kaunas. Kalnietis, Collins, Delininkaitis, Pocius, Salenga, Klimavicius, Jankunas, Kuzminskas, Watson, Begic eta Samhan.
Caja Laboral Baskonia. Logan, Huertas, Ribas, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Haislip, Musli, Barac, Garcia eta Buesa.
Sailkapena. Zalgiris Kaunas bigarren da: 5-3 (+7); eta Baskonia laugarren: 3-5 (+3).
Lekua. Kaunasko kirol jauregia (5.000 ikusle).
Ordua. 18:45 (ETB1).
Multzoko beste partidak. Partizan-Asseco Prokom (gaur, 20:45ean) eta Maccabi-Khimki (bihar, 20:00etan).
Irabazi eta berak erabaki, edo beste emaitzen zain egon
Kaunasen jokatuko du gaur Baskoniak, Top16rako sailkapena bere eskuetan izateari eusteko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu