Ez du zalantzarik. Itxakok Txapeldunen Ligako finala irabaziko duela argi du Alexandrina Barbosak (Lisboa, Portugal, 1986). Horretarako, hala ere, Lizarrako taldeak hutsik gabeko partida egin beharko duela azpimarratu du.
Atseden hartzeko denbora izan duzu?
Bai, bai. Ongi gaude. Txapeldunen Ligako finaleko itzulikoa bertzerik ez dugu buruan.
Larvikek duen bi goleko aldea hutsean utziko duzuela erran zenuen aste hasieran. Baikor zara?
Bai, bai, hagitz baikor naiz. Final batean bi goleko aldea ez da deus. Joanekoan, gainera, ez genuen gure jokorik onena erakutsi. Nik uste dut etxean hobe ariko garela. Irabaziko dugu, eta kopa altxatuko dugu Iruñean.
Ambros Martin, orain arte, ez da hain baikor agertu. Ez zen kontent Larvikeko emaitzarekin.
Ambrosek ongi daki, eta jokalariok ere bai, lana ez dagoela egina oraindik. Bi goleko aldea hutsean uztea lor dezakegula argi dut, baina egia da joaneko partida galdu egin genuela. Badakigu etxean jokatu arren ez dela batere partida erraza izanen itzulikoa. Ambrosen lana da argi uztea egin behar dugun lana ez dela batere erraza. Aldea hutsean uzteko aukera dugu, baina horretarako, noski, partida ona egin beharko dugu.
Zaleen artean eta taldean gehiegizko euforia dagoela uste duzu? Larvikeko emaitzak eman duela bidea pentsatzeko itzulikoa etxean denez erraz irabaziko duzuela?
Nik uste dut baietz, zaleek sentsazio hori dutela, lanaren erdia egina dagoela. Baina argi erran behar diegu partida hagitz zaila eta gogorra izanen dela itzulikoa. Larvik esperientzia handiko taldea da. Gu aurkaria ezustean harrapatzen ahaleginduko gara, noski.
Larvikek joanekoa hagitz erraz irabaziko zuela uste zuela pentsatzen duzu?
Baietz uste dut, uste hori zutela. Ez dakit zergatik, baina pentsatzen zuten alde handia lortuko zutela. Gu finalera ailegatu gara merezi izan dugulako, finalera ailegatzeko lan egin dugulako.
Norvegian hainbat huts egin zenuten, eta Larvikek profitatu zituen. Etxean hutsik gabeko partida egin beharko duzue?
Argi dago baietz. Badakigu Larvikek gure hutsak profitatzeko gaitasun handia duela. Eta ezinbertzekoa da horretarako biderik ez ematea. Haien hutsak gure alde baliatzen asmatu beharko dugu, halaber. Presioa, hala ere, haiek dute.
Inor gutxik espero zuen zuek finalean egotea, ezta?
Hala da. Baina hemen gaude. Finalean egoteko eta irabazteko kalitatea badugu. Azken ahalegina egiteko ordua da orain. Hutsak zuzentzekoa. Oraindik badugu orain arte erabili ez dugun armarik.
Eskubaloia. Txapeldunen Ligako finala. Alexandrina Barbosa. Itxakoko jokalaria
«Irabaziko dugu, eta kopa altxatuko dugu Iruñean»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu