Arrauna. San Miguel liga

Irabazle asko egongo dira

Gaur hasiko da San Miguel liga, Bordelen, eta hamabi traineru ariko dira lehian, ia beste horrenbeste helburu bete nahianHogeita bi estropada jokatuko dituzte, baina gaurkoa ez da izango puntuagarria

Urdaibaiko arraunlariak, iazko uztailean, San Miguel ligako estropada batean, Pasaian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur hasiko da San Miguel liga, arrauneko liga garrantzitsuena. Bat eta bakarra da lehiaketa, eta irabazlearen izenarekin bakarrik oroituko gara hemendik urte batzuetara. Begiratuko dugu datuetan, eta halakok irabazi zuela oroitaraziko digu: urtearen zenbakia eta talde garailea. Baina liga honetan ez dago sari bakarra; asko daude. Irabazlea bakarrik ez da izango irabazlea. Beste askok ere irabaziko dute, beren helburua beteko dute eta.

Bordelen (Frantzia) hasiko da lehiaketa (17:00), gaur, baina gaurko estropada ez da izango puntuagarria. Nolabaiteko aurkezpena izango da, uretan eta lehian egingo dena. Lau luze egin eta hiru ziaboga emango dituzte traineruek, ohi bezala, baina distantzia motzagoa izango da, 4.000 metroren bueltan ibiliko delako (ohikoa 5.556 metro izaten da).

Bihartik hasiko dira puntuak banatzen, eta hor lehertuko dira borrokak, bat baino gehiago egongo delako. Batzuek liga irabazteko asmoa dute, beste zenbaitek datorren urtean ere liga berean segitzekoa, eta izango dira bi borroka horietatik kanpo ibiliko direnak ere, beste helburu batzuk dituztela. Horregatik izango ditu irabazle bat baino gehiago San Miguel ligak.

Goikoen lehian, berripaper honetan aurreko egunetan azaldu diren iritziak kontuan hartuta, lau ontzi ibiliko direla ematen du: Urdaibai, Astillero, San Juan eta Kaiku. Bermeokoak beste guztien gainetik daudela ere esan daiteke, ikusirik nola ibili diren denboraldi-aurreko estropadetan. Astillerok goranzko urratsa egin du, taldea ondo indartuta. Iaz txukun ibili zen, eta horrela indartu eta gero ezustea litzateke aurrerakuntzarik ez egitea. San Juan eta erregulartasuna elkarren pare jarrita doaz. Aurreko denboraldian bikain ibili zen, eta aurten hobeto ibiltzeko zantzuak dituzte klubean. Kaiku izan daiteke beste oilarra. Azken bi urteetan, ez da ondo ibili ligan, arraunlari propioen muga zama astuna izan zaiolako, baina aurten, arazo hori ez du izango, eta onenen artean behar luke.

Koska bat beherago daudela eman dute aditzera Pedreñari eta Castrori buruzko iritziek. Baina aurrenekoekin ez dadila inor fida. Aurreko urteetan indartsuetan indartsuenak direla zabaldu izan du klubak, eta sekulako zartakoak hartu dituzte, batez ere iaz. Zuhurtziaren mezuaren erritmoan, ikusi egin beharko da zein duen benetako maila. Castron, iraultza handia gertatu da, arraunlari askok utzi eta berri ugari ekarri dituztelako. Arraunaren munduan inork ez daki garbi non kokatuko den.

Beste sei traineruak ez jaisteko lehian ibiliko direla esan daiteke. Hasieran, behintzat, hala izango da. Gero, estropadak aurrera doazen neurrian, gerta daiteke borroka horretan sei talde baino gutxiago ibiltzea. Lehia horretatik kanpo daudenak izango dira liga irabazteko borrokatik eta ez jaisteko lehiatik at egongo den multzoko ordezkariak. Seikote horretan, denen ahotan dago Camargo jaisteko hautagai nagusiaren lekuan. Baina joan zen igandean, sekulako estropada egin zuen Santanderren (Espainia): zazpi segudoren barruan izan ziren Pedreña, Astillero, Castro eta Camargo. Zer pentsatua eman du beste taldeetan emaitza horrek.

Zumaia uste baino hobeto dabil, eta ez jaisteko borrokatik aparte ibil daiteke. San Pedrok ez luke arazorik behar iaz bezala ibiltzeko. Hondarribiak ere iazkoa hobetuko duela ematen du. Tirani buruz ez dago informazio handirik, eta Oriorekin dabil kezkatuta arraun mundua. Urtebetean asko jaitsi da. Seikote horretatik norbaitek joan beharko du behera, eta Camargo aipatu izan da bazter guztietan, baina ikusi egin beharko da. Borroka horretako irabazleak ligako garaileak bezala ospatuko du lorpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.