Irabazten jarraitu nahi dute

Iragan asteburuan Espainiako Kopa irabazi zuen Bidaideak taldeak Madrilen. Ia ospatzeko astirik gabe joango dira Milanera, han jokatuko baitute bihartik aurrera Eurokopa 1-eko Zortziko finala

Bidaideak taldeko jokalariak eta teknikariak asteburuan irabazitako Kopa ospatzen. DAVID RAMIRO / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Lorpenak bata bestearen atzetik kateatu ditu Bidaideak taldeak. Gurpil aulkiko saskibaloi taldeak Espainiako Kopa irabazi zuen joan den asteburuan, Madrilen. Hori, baina, ez da lorpen bakarra; iaz ere Kopa irabazi zuten, eta Espainiako Liga duela bi urte. Garaipen horietan guztietan hartu du parte Adrian Yañez entrenatzaileak (Bilbo, 1988). Yañezek dioenez, «bideaz gozatu» behar dute, «egunen batean irabazteari utzi» egingo diotelako. Hala ere, gertu dute hurrengo erronka. Asteburu honetan Milanen (Italia) ariko dira, Eurokopa 1-eko Zortziko finalean.

Bi Kopa jarraian irabaztea ez da nolanahiko saria. Eta gutxiago Bidaideak talde apalarentzat. Finalerdietan azken segundoan lortutako saskiratze batekin irabazi zioten Madrilgo Ilunion taldeari, eta hori bera «nahikoa lorpen» zela aitortu du Yañezek. Finalean, aldiz, neurketa bikaina jokatu zuten, eta 72-80 irabazi zioten Albaceteri. Espainiarrak Ligako garaileak ziren, eta ordura arte partida bakar bat galdu zuten. «Talde hauekin lehiatzea mirari bat da. Albacete Europako txapelduna da, eta esango nuke oraindik ez garela ohartu zer balio duen hemen lortu dugunak», nabarmendu du prestatzaileak. Lorpen horien giltza taldearengan dagoela aitortu du Yañezek. «Kuadrilla bat gara. Harreman pertsonalek bereizten dute Bidaideak beste taldeengandik. Beste talde batzuetan egoera ekonomikoak garrantzi handiagoa dauka».

Orain, Eurokopa 1 dute erronka. Asteburu honetan jokatuko da Milanen, eta «irabazten jarraitzea» dute helburu bertan. «Sasoia ez da bukatu, eta bi txapelketa urte berean irabaztea handia litzateke Bizkaiarentzat eta Euskal Herriarentzat». Hala ere, Yañezek argi dauka «oso zaila» izango dela joan den asteburuko argazkia berritzea. «Europako talderik onentsuenek jokatuko dute, eta partida bakoitza amaierara arte lehiatu beharko da». Lehiaketa hori zen Bidaideak taldeak zeukan garaikur bakarra Yañez taldera iritsi arte, eta berriro irabazteak «xarma berezia» izango lukeela aitortu du bizkaitarren prestatzaileak. Bidea, baina, ez da erraza izango. B multzoan daude, eta Hanburgo, Cantu eta Lannion izango dituzte aurkari. Bihar egingo dute debuta, Alemaniako taldearen aurka lehenbizi (15:45) eta frantziarren aurka ondoren (20:15). Etzi goizean jokatuko dute ligaxkako azken partida Canturen aurka (11:45), eta, multzoko lehen bi postuetan sailkatuz gero, finalerdiak jokatuko dituzte arratsaldean. Finala eta hirugarren eta laugarren postuen partida igandean jokatuko dira.

Hutsetik hasitako bidea

Yañez ez da nolanahiko entrenatzailea gurpil aulkiko saskibaloian. 2020an iritsi zen Bidaideak taldera, baina inoiz horrelako talderik entrenatu gabe zegoen. «Aukerak berak harritu egin ninduen hasieran. Bidaideaken partida gutxi batzuk ikusi izan ditut familiarekin, baina ez nintzen aditu bat. Deitu zidatenean, uste nuen laguntzaile lanak egiteko izango zela, baina lehen entrenatzailea izatea eskaini zidaten».Etxean entrenatzeko asmoa zeukan Yañezek. Aurrez, Asturiasen (Espainia) egon zen EspainiakoHirugarren Mailan emakumezkoen ligan, eta, lana eta familia uztartzeko, Bizkaira itzuli nahi zuen. Aukera «kasualitatez» iritsi zitzaiola dio, baina ilusioz ekin zion lanari. Izurrite garaia zen, eta etxean igaro beharreko denbora gurpil aulkiko saskibaloiaz ahal bezainbeste ezagutzeko baliatu zuen.

Hutsetik hasi zen Yañez, eta egokitzapen prozesua luzea izan dela dio: «Oraindik egokitzen ari naizela esango nuke. Ni irakaslea naiz, eta entrenatzaile izatearekin alderatzen dut. Lehen urtean sentitzen nuen nire ikasleek, jokalariek, nik baino askoz gehiago zekitela, eta ni entrenatzailea nintzen. Etxeko jokalariek oso ondo hartu ninduten, eta prozesua askoz errazagoa egin zidaten. Arrakastaren gakoetako bat dela esango nuke, kuadrilla bat garela onerako eta txarrerako, eta hori ez da diruarekin ordaintzen». Saskibaloi konbentzionalarekin antzekotasun asko omen ditu, gurpil aulkikoak, baina baita zailtasun asko ere. Desberdintasunik handiena, ezbairik gabe, gurpilaulkia da. Saskibaloi konbentzionalean jokalariek hankekin egiten dute lasterka, eta eskuekin jaurtitzen dute baloia. Gurpil aulkiko saskibaloian, aldiz, desberdina da. «Hemen eskuekin egiten da dena, eta fisikoa oso garrantzitsua da» aitortu du Yañezek.Gainera, hainbeste aulkirekin, kantxan «toki gutxiago» dagoela ohartarazi du entrenatzaileak.

Orain, Yañezek duela hiru urte hutsetik abiatu zuen bideak Europan dauka geldialdia, Milanen. Orain arte lortutakoarekin pozik egoteko moduan dira Bidaideak taldeko partaide guztiak, baina aurrerantzean gurpil aulkiaren gainean amets egin nahi dute bizkaitarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.