Athleticek ligan jokatu dituen azken hamazazpi partidak sakon aztertzekoak dira. Etxetik kanpo bederatzi jokatu ditu. Sei galdu ditu, eta berdindu beste hirurak. Horrenbestez, hiru puntu eskuratu ditu. San Mamesen, berriz, zortzi jokatu ditu. Bada, bestelakoak dira kontuak. Zazpi irabazi eta bestea berdindu egin du. Hau da, jokoan egon diren azken hogeitalau puntuetatik hogeitabi irabazi ditu. Bistan da etxeko lanari esker dagoela Athletic Europan aritzeko borrokan sartuta.
Asko kostatu zaio Athletici txapelketaren azken txanpara onenen artean ailegatzea. Zuri-gorriak lehiakorrak dira, baina, hasiera batean, inondik inora ez dira sei onenen artean sartzeko hautagai nagusiak. Are gutxiago lau lehiaketetan parte hartzea egokitu zaien denboraldian. Horregatik dauka meritua Athleticen beharrak. Baina, helburua gertu ikusi eta lana borobiltzen ez bada, gogorra izango da oso zuri-gorrientzat. Gainera, Vila-real eta Atletico, sasoiaren heren bitan lo egon ostean, esnatu egin dira, eta indartsu datoz atzetik. Kontuan hartzeko aurkariak dira. Goi mailako jokalariz osatutako taldeak izateaz gain ohituak daudelako konpromiso handiko norgehiagokak jokatzera. Eta hurrengo hilabetean jokatu beharreko zortzi neurketak presio handiarekin jokatuko dituzte. Baina sariak merezi du ahalegin handia egitea. Europako Liga txapelketa erakargarria da -jokatu berri diren final-laurdenak sortu duten ikusmina da horren erakusle garbiena-. Zer esanik ez Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izatea. Horregatik, inork ez du aukera pasatzen laga gura. «Egun, gure esku daukagu txartela eskuratzea. Nik denboraldion hartu dut parte lehen aldiz Europan, eta asko gustatu zait, adierazi zuen Javi Martinezek.
Jokalariak oso gustura aritu dira Europako Ligan. Kirol arloan bezain interesgarria da arlo ekonomikoan. Athleticek ia bost milioi euro irabazi ditu. Diru sarrera horiek oso baliagarriak dira, besteak beste, jokalariek kobratzeko arazorik ez izateko. Jokalarien greba ate joka dagoen sasoian aintzat hartzeko kontua da. Baina, horretarako, ezinbestekoa izango da Almeria mendean hartzea. Etxean, ustez apalagoak diren taldeen kontra, ezin da huts egin. Baina Juanma Lillok zuzentzen duen taldea ez da gutxietsi beharreko aurkaria. Tolosarrak taldea zuzentzeko ardura hartu zuenetik, itxuraldatu egin da. Bere filosofia barneratu die jokalariei, eta ondo baino hobeto egokitu dira nagusi berriak eskatu dienera. Baloiaren jabetza oinarri hartuta garatu du jokoa Almeriak; izan ere, emaitzek argi eta garbi erakusten dute bide egokia hartu duela. Lillorekin neurketa bakarra galdu du. Eta 37 punturekin salbazioa bermantuta daukala esan daiteke. «Almeriak ondo jokatzen du. Baloia izatea du gustuko, baina, nire iritziz, defentsako lanari esker hobetu du», adierazi zuen Aiegiko erdilariak.
Presioa da bidea
Baloiaren jabetza gustuko duten taldeei aurre egiteko bi era daude: bata, aurkariaren arma berberak erabiltzea. Hau da, baloiarekin jokatzera ohituta dauden taldeek asko sufritzen dute baloiaren jabe ez direnean. Beraz, teknika oneko jokalariez baliatuta posible da aurkaria estu hartzea. Bestea, presioa egiteko aproposak diren jokalariak zelairatzea da. Baloia jokatzekoerraztasunik izan ez arren, aurkariari pentsatzen lagatzen ez dioten futbolarien ekarpenari esker irabaz daiteke. Badirudi Caparrosek bigarren aukeraren aldeko apustua egingo duela.
Bigarren jardunaldiz jarraian Gurpegik jokatuko du Javi Martinezekin euskarrian. Aurrean, berriz, Toquero itzuliko da hamaikakakora. Horrenbestez, Susaeta eskuin hegalean ariko da. Atzeko lerroan, ezker hegalekoan dago zalantza. Castillo ondo ari zen, baina Camp Noun jokatzeko Koikili aukeratu zuen entrenatzaileak. Beraz, ez dago argi nor ariko den. Baina, kontuan hartuta lehen minututik erasoko jokoa bilatu beharko dela, baliteke Castillok abantaila izatea.
Irabaztera derrigortuta
Etxetik kanpo puntuak ezin bilduz dabilenez, Athleticek gaur ezin du hutsik egin etxean Almeriaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu