Mikel Arruabarrena. Eibarreko jokalaria

«Irabaztera goaz; ez dago lortu ezin daitekeen ezer»

Ezin hobeto ekin zion Lehen Mailako bideari Eibarrek lehengo astean, eta segida eman nahi dio gaur, Atletico Madrilen aurka, etxetik at. Taldeko kapitaina entzunda, ezin da baztertu ezuste handiren bat.

«Irabaztera goaz; ez dago lortu ezin daitekeen ezer».
Aitor Manterola Garate.
2014ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Telefonoa hartu du Mikel Arruabarrenak (Tolosa, Gipuzkoa, 1983), Reala Europako Ligan sartzeko partidan kale egiten ikusi eta gero. Beste aldarte batean da Arruabarrenaren taldea, Eibar: konfiantzaz gainezka eta egundoko ilusioarekin. Pentsa zer sentitu behar duten hark eta taldekideek Vicente Calderon zelaian gaur gauean: «Gaur konturatuko gara zer den Lehen Maila», esan du.

Pentsatzen dut egunak aurrera joan ahala balio handiagoa emango zeniotela liga irabaziz hasteari, ezta?

Guretzako amestutako hasiera izan zen. Debuta Realaren kontra, eta irabazi egin genuen. Alde batetik, zaila ikusten genuen irabaztea, baina, bestetik, konfiantza ere bagenuen hiru puntuak lortzeko, badakigulako Ipuruan oso indartsuak garela.

Realaren aurkako partidan ikusitakoaren arabera, Eibarren indarrik handienetakoa da oso garbi duzuela zer egin behar duzuen une bakoitzean. Hala da?

Hirugarren denboraldia dugu Gaizkarekin [Gaizka Garitano] taldean gaudenon erdiak, eta asko landuta daukagu zer egin behar dugun une bakoitzean. Erraztasun handia ematen du horrek, eta kanpotik datozen jokalariek badakite zer ikasi behar duten, eta ondo ari dira gauza horiek barneratzen. Horrek guztiak esan nahi du igandean ikusi zen Eibar bezalakoa ikusiko dugula aurrerantzean; zaila izango da guri irabaztea.

2.B Mailako taldean duela bi denboraldi ari zineten zazpi jokalari titular izan zineten igandean. Datu hotz bat baino askoz gehiago da, esanahi handiko zerbait?

Partidaren aurreko egunetan pentsatzen aritu ginen datu horren inguruan, eta orain Lehen Mailan aritzeko aukera izatea sekulakoa da guretzat. Esan nahi du taldeak, blokeak garrantzi handia duela Gaizkarentzat eta klubarentzat, eta gure ardatz nagusia da izaera hori.

Talde gisa gora egiteak jokalari modura ere hobekuntza ekarri dizu?

Garbi dagoena da maila ezberdinetan aritu garela, eta maila bakoitzak eskatzen duena ematea lortu dugu; eman eta gainditu ere bai, esango nuke. Orain beste aukera bat daukagu erakusteko ea gai garen Lehen Mailan aritzeko. Uste dut hobetzen ari garela jokalari gisa ere, eta erronka handia daukagu denboraldi honetan, Lehen Mailan besteetan baino kalitate hobea dagoelako. Psikologikoki ere asko hobetzen ari garela uste dut.

Kalitatea bakarrik da aldea Lehen Mailaren eta beheko mailen artean?

Zorte ona izan dugu lehen partida Ipuruan jokatzean, zelaiaren neurrietara ondo egokituta gaudelako eta aurkariei kosta egingo zaielako agian onena ematea gure etxean. Baina konturatu gara beste abiadura batean jokatzen dela Lehen Mailan, eta oso garbi dago garesti ordaintzen direla hutsegiteak. Beste maila batean hutsegiteak ez dira hain nabarmen geratzen, baina hemen bai. Eta Realaren aurka oso hutsegite gutxi egin genituen. Gero, halako kalitate handiko taldeak egonik, gerta daiteke baloiaren atzetik korrika ibiltzea denbora luzez, baloia lapurtu ezinda.

Gaurko aurkaria, Atletico Madril, ez da baloia asko erabili zalea, eta hori zuen mesederako izan daiteke?

Gure antzeko taldea da Atletico Madril; aurreko denboraldian biok izan ginen txapeldun. Oso talde bizia da, intentsitate handikoa, eta baloirik gabe eroso egoten dakiena, abila kontraerasoan.

Gure aurkariei gurekin gertatzen zaien bezala, haren aurka jokatzea zaila da. Jokalariak, banaka hartuta, sekulakoak dira. Ikusteko ez da izango Bartzelona eta Real Madril bezalakoa, baina, beste era batera jokatuz, onenak izan ziren aurreko sasoian.

Gaur ezagutuko duzue zer den benetan Lehen Maila?

Uste dut baietz. Orain ikusiko dugu zer mugitzen duen. Zelaia lepo beteta egongo da, inguruan ere jende pila bat ibiliko da. Mundu osoan onenetakoak diren jokalariak izango ditugu aurrean, eta horrek errespetua emango digu neurri batean. Hala ere, ez daukagu ezer galtzerik, eta gogoarekin eta konfiantzarekin joan behar dugu.

Punturen bat edo hirurak ateratzeko zer egin beharko duzue?

Erraztasunak ezin dizkiegu eman, aurkariaren hutsak ondo baino hobeto baliatzen dituelako. Horretatik bizi da, azken batean. Lekua ondo hartu beharko dugu zelaian, saiatu beharko dugu partida kontrolatzen, eta zulo handirik ez uzten. Eta gero, nola ez, izaten ditugun aukerak baliatu beharko ditugu. Badakigu partida luzeegia izan daitekeela guretzat, baina zelaian ondo jarrita eta eroso bagaude, une txarrak ez dira hainbeste izango.

Betiko esaldia da handien aurka hobe dela hasieran jokatzea?

Aukera emanez gero, nahiago hasieran jokatu. Azkenean, ligaren amaieran, huts gutxiago egiten dituzte talde handiek, eta erritmoa hartua dute. Hasieran, berriz, martxa hartu gabe egoten dira. Begira zer gertatu zitzaion Atletico Madrili lehen jardunaldian, Rayo Vallecanoren zelaian. Berdindu baino ez zuen egin, eta une batzuetan Rayoren mende ere egon zen.

Hortaz, Eibarren aldeko apustua egingo dugu gaurko?

Nahiago nuke! Behin hara joanda, ahalik eta ondoena jokatzen saiatuko gara. Duela urtebete, inork ez zuen esango Lehen Mailara igoko ginenik, eta hemen gaude. Ez dago lortu ezin daitekeen ezer, eta irabaztera goaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.