David Rodriguez. Osasunako jokalaria

«Irabaztera ohitu behar dugu, eta Sadar gotorleku bihurtu»

Osasunak bermaturik du gola David Rodriguezekin. 112 gol daramatza Bigarren Mailan, eta kopuru hori are gehiago gizendu nahi du denboraldi honetan. Lehia handia dago erasoan, baina hori «onuragarria» ei da.

enaut agirrebengoa
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Bigarren Maila inor gutxik bezala ezagutzen du David Rodriguezek (Talavera de la Reina, Espainia, 1986). 305 partida jokatu ditu bederatzi denboralditan. Orain, hamargarrena hasi du, Osasunan. Lehen emaitzak ez dira nahi bezain onak izan, baina taldea «behetik gora» doala deritzo. Garbi du zein den arrakastarako formula: «patxada» eta «erregulartasuna» izatea.

Orkatilan kolpe gogorra jaso zenuen azken partidan. Osatu zara?

Apur bat hazita daukat oraindik. Baina pozik egon naiteke. Etxean irudiak ikusi ditut, eta larria izan zitekeen. Ordea, susto bat besterik ez zen izan. Min pixka batekin bada ere, entrenatu ahal izan naiz. Ez dut arazorik izango gaurko partidarako.

Zein balorazio egiten duzu liga hasieraz?

Zorte apur bat falta izan zitzaigun lehen partidetan. Dena den, iragan astean hobera egin genuen. Gorantz goazela dirudi. Eta niri dagokionez, pozarren nago. Klubak eta taldekideek besoak zabalik hartu naute. Gainera, jokatzeko aukerak izaten ari naiz.

Osasuna familia giroko taldea dela esan ohi da. Hala al da?

Bai. Balio jakin batzuk galduz joan dira futbol garaikidean, baina hemen mantendu egin dira. Taldeko beteranoek garbi utzi digute zertan oinarritu den beti Osasuna: umiltasuna, sakrifizioa, lana, talde izaera... Balio horiek oso sustraituta daude.

Sasoi oso gogorra pasatu berri du taldeak. Sumatu duzu hori?

Lehen egunetan, bai, baina berehala jarri gara aurrera begira. Haize berriak ekarri ditugu etorri garenok. Gainera, beteranoek gogo handia dute Lehen Mailara itzultzeko. Dinamika azkar aldatu da.

Azken hiru denboraldietan 51 gol sartu dituzu. Erreferentziazko aurrelarietako bat zara Bigarren Mailan.

Gertu daukat laugarren postua Bigarren Mailako inoizko golegilerik onenen zerrendan. Hori akuilu handia da niretzat. Lanean jarraitu beharra daukat. Nekez sar daiteke golik esfortzurik gabe.

Hasi berri den denboraldiarekin, hamar sasoi daramatzazu Bigarren Mailan. Ongi jakingo duzu zeintzuk diren arrakastaren gakoak.

Liga oso luzea da, eta talde denak dira lehiakorrak. Gehienek igo nahi dute Lehen Mailara. Baina oinak lurrean izan behar dira. Ohikoa izaten da gorabeherak edukitzea. Halakoetan, lasaitasuna izan behar da. Alboratu egin behar da ezkortasuna, eta astez aste lan egin. Hala lortzen dira helburuak.

Zeintzuk dira Osasunaren helburuak?

Txundituta gelditu naiz klubeko langileen dedikazioarekin eta zaleen babesarekin. Alde horretatik, helburua da Osasuna beti Lehen Mailan izatea. Dena den, taldearen barruan patxada izan behar dugu. Gero eta hobeto egon nahi dugu, pixkanaka behetik gora joateko. Helburuaz azken partidan hitz egingo dugu.

Nolanahi, esperantza handiak piztu ditu proiektu berriak. Porrota litzateke ez igotzea?

Ez. Hagitz zaila da Bigarren Mailara jaitsi eta hurrengo sasoian itzultzea. Iragan denboraldian Levantek eta Getafek lortu zuten hori, baina ez da batere ohikoa. Maiz, askori salbazioaren lehian ibiltzea tokatzen zaie.

Lehen hiru partidetan soilik bi puntu batu ondotik, taldeak antsietatea zuela aipatu zuen Braulio Vazquezek, Osasunako kirol zuzendariak. Egia da?

Taldeak oso ondo daki zer egiten duen. Konfiantza itsua genuen geure buruan. Bagenekien emaitzak iritsiko zirela. Eta hala izan da. Egia da beharra genuela irabazteko, baina larritasunik gabe.

Iragan astean itzuli zineten onbidera, Albacete eta Rayori irabazita. Horrek izango zuen eraginik taldearen aldartean.

Bai, lan egitean batik bat. Ondo hasteak asko errazten dizu garapena. Lehen emaitzak ez dira onenak izan, baina azken garaipenek indartu egin gaituzte. Agian, jokoa ez da nahi bezain ona izaten ari, baina uste dut taldeak futbolean ondo jokatuko duela azkenean.

Nola definituko zenuke Diego Martinez?

Langilea eta behatzailea da, eta gauzak oso garbi ditu. Garrantzi handia ematen die xehetasunei. Osasuna talde indartsua da, eta garrantzitsua da kudeatzaile on bat izatea. Diego bada.

Lehen partidetan hegaletan aritu behar izan duzue Quiquek eta zuk. Arraroa egin zaizue?

Egia da hori ez dela gure kokapen naturala. Baina, adibidez, lehen partidan gol bat egin nuen hegalean arituta. Eta Quiquek ere lan oso ona egin du bertan jokatu duenean. Postu ezberdinetan joka dezaketen jokalariak ditugu, eta hainbat sistema eta kokapen aldaketa ari gara lantzen. Hori oso ondo etorri dakioke taldeari.

Aurrelariek sasoiko hasi duzue denboraldia. Xiscok, esaterako, hiru gol sartu zituen iragan astean. Bada lehia.

Bai. Nolanahi, nik ez ditut aurkari moduan ikusten. Lehia hori giro onean eman behar dela esaten dit esperientziak. Nire bidean, harreman onena beste aurrelariekin izan dut. Asko ikasi dut horri esker. Orain, ezaugarri ezberdineko jokalariak gaude. Harreman ona dugu, eta onuragarria da.

Alcorconen hiru urtez aritu zinen. Zer intentzio duzu Osasunan?

Nire kontratuak dio hemen hiru urtez egon naitekeela. Lehen urtea zailena izaten da, egokitzapenagatik. Oso gustura nago. Osasuna Lehen Mailako talde mitikoetako bat da, eta oso egitura ona du. Ea urte askoan gelditu naitekeen.

Gaur Almeriaren kontra ariko zarete. Ederra litzateke beste garaipen bat lortzea, ezta?

Asko sinisten dut taldeen boladetan. Irabaztera ohitu behar dugu, eta Sadar gotorleku bihurtu. Bigarren Mailan arrakasta nahi izanez gero, funtsezkoa da etxean oso eraginkorra izatea. Puntuak hirunaka batu nahi ditugu Sadarren, eta gaur pauso garrantzitsua eman dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.