Dena Real Madrilen eta Bartzelonaren arteko finala ikusteko bideratuta dago. Dena Espainiako Kopa bietako batek jasotzeko, baina Madril plaza arrotza da bi talde horientzat. Kopak hamarkadak egin zituen Espainiako hiriburua bisitatu gabe. 1960koaren ondoren, 46 urte geroago jokatu zen Kopako ekitaldia Madrilen, 2006an. 2009an ere Madrilek hartu zuen saskibaloi tropela, eta hango udalak eta ACBk bi urtez behin Kopa Madrilen jokatzeko hitzarmena sinatu zuten. 2006 eta 2009. Bi urte bikain Baskoniarentzat, bietan Gasteizko taldeak jaso zuelako Kopa. Historiako bosgarrena izan zen 2006koa, eta seigarrena hiru urte gerokoa.
Urte haietan, Baskonia faboritoen artean zegoen, baina aurten ez. Inork ez du sosik ematen haren alde, eta iritzi horiek aintzat hartuz gero, Madrilek Baskonia ez den beste txapeldun bat ezagutuko du lehen aldiz. Bost urte atzera eginez, Baskoniak finalean Pamesa menderatu zuela ikus daiteke. Finala, biek jokatu zuten, baina finalik ez zen izan. Baskoniak 85-80 irabazi zuen, baina gasteiztarrek lehen laurdenean utzi zuten erabakita finala. 29-8 aurreratu ziren, eta Valentziak markagailua itxuratzea lortu bazuen ere, hamar minutu ikusgarri nahikoak izan ziren Velimir Perasovicen taldearentzat, titulua lortzeko.
Talde hartako aginte makila Pablo Prigionik zeukan, ostera Kopako jokalari onena izendatutakoa. Harekin batera kantxaratu ziren hasierako bostekoan Travis Hansen, Casey Jacobsen, Luis Scola eta Tiago Splitter. Aulkitik, berriz, Serkan Erdogan, Sergi Vidal, Kornel David eta Roko Leni Ukic. Erdogan izan zen saskiratzailerik onena, hogei punturekin, eta 19na lortu zituzten Scolak eta Jacobsenek. Prigionik hamahiru asistentzia eman zituen finalean, kopuru erabakigarria jokalaririk onenaren saria emateko. Kopa hura irabazi zuen Baskoniak lau final jokatu zituen bederatzi hilabetean: 2004-2005eko Euroligakoa eta ligakoa, eta 2005-2006ko Superkopa eta Kopa bera.
2009koa, hunkigarria
Baskonia 50. urteurrenean azaldu zen Madrilera. Ligan 20-2 balantzea zeukala ekin zion Kopari, eta faborito argia zen, aurreko sasoiko liga irabazi ostean. Unicaja izan zuen aurrez aurre Baskoniak, eta finala urteetako onena izan zen. Luzapen bat jokatu behar izan zuten, eta Baskoniak 100-98 irabazi zuen Pete Mickeali esker. Partida estua izan zen, tentsioz betea, baina baita jokaldi bikainekoa ere. Aito Garcia Renesesek armiarma sare eraginkorra eraiki zuen Splitterren inguruan, haren arriskuaren jakitun, eta Baskoniak beste baliabide batzuk bilatu behar izan zituen.
Igor Rakocevicen hemezortzi puntuak, Mirza Teletovicek eta Mickealek sartutako hogeina puntuak, eta langile finenaren, Vidalen, hamasei puntuak. Vidalek luzapena saihesteko aukera izan zuen puntu bateko bi jaurtiketekin, baina kale egin zituen, taldeak finalean 18tik 18 saskiratu ostean. Unicajako Joseph Gomisek saskiratzea eta falta behartu zituen hurrengo jokaldian, Splitterren bosgarrena, baina frantziarrak ere puntu bateko gehigarria huts egin zuen.
Luzapena, eta Baskonia Rakocevic eta Splitter gabe. Ordurako, kazetariek Teletovic hautatu zuten jokalaririk onena, sartutako sei hirukoei esker, baina luzapenean Mickealek egin eta desegin zuen nahierara, parez pare ligako defentsa jokalaririk onena bazuen ere: Berni Rodriguez. Zailtasun handiko zazpi puntu saskiratu zituen Rhode Island-ekoak, eta azken txapel erabakigarria jarri. Baskoniako jokalari gehienak pozez zoratzen zeuden tituluarekin. Bat, taldeko onena Kopa osoan, bere guraso, neska-lagun eta zale askorekin, malkotan bustita, aste batzuk lehenago minbiziaren erruz hil zen Michelle arrebari gorazarre eginez. Texastik, iraganari begiratzea polita dela gogoratuko du Splitter handiak.
Saskibaloia. Espainiako Kopa
Iragana polita izan zelako
Baskoniak irabazi egin ditu XXI. mendean Madrilen jokatu diren bi Espainiako Kopak: 2006an Pamesari eta 2009an Unicajari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu