Maldan behera zetorren Turkia 2008ko Eurokopan finalerdietan izan zenetik. Orduan, Turkiako Federazioko agintariek iraganera jotzea erabaki zuten. Iragan horrek izen eta abizenak dauzka, eta entrenatzailea da: Fatih Terim. Beteranoa, borrokalaria eta motibatzaile aparta, ez zion uko egin eskaintzari, eta 2013tik selekzioan da berriz ere. 2008ko entrenatzailea ontzi barruan zen berriz ere, kapitain azeri zaharrarena egiteko. Lortu du, behintzat, Turkia Eurokoparako sailkatzea, eta ezin da esan lorpen txikia denik, 2012ko txapelketarako ez baitzen sailkatu.
Terimek bakarrik, baina, ezingo du sekulako txapelketa egin. Izan daiteke munduko entrenatzailerik onena, baina, jokalari onik gabe, jai izango du. Hor hasten zaio korapilatzen nahia eta gogoa turkiar zaleari. Bartzelonako Arda Turan eta Bayer Leverkuseneko Hakan Calhanoglu izan ezik, gainerako jokalari turkiarrak distira txikiko jokalariak dira. Jokatzeko ereduari begira jarrita, saiatzen da taldea baloia txukun erabiltzen, eta ezin esan ez duenik lortzen. Baina defentsako lanak eman diezaioke Eurokopa ona egiteko aukera. Lerroak dezente atzeratzen ditu, eta, nola Turkiako jokalaria saiatua eta langilea den, talde deserosoa bilakatzen da gainditzeko. Defentsako lan on horri gehitzen badio kontraerasora azkar ateratzeko baliabidea, txapelketa ona egiteko aukerak ugaritu egingo zaizkio Turkiari. Iraganeko botikak sendatuko ote du?
Futbola. Frantziako Eurokopa: D multzoa. Turkia
Iraganari deitu dio

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu