«Irudi ona ematea ondo dago, baina irabazteko dira lasterketak, eta irabaztea baino irudi hoberik ez dago». Unai Intziartek (Donostia, 1991) lau egun daramatza profesionaletan, baina beterano handien pare hitz egiten du. Mallorcako Challengeko azken proban ihesaldian sartu eta hiru aldiz podiumera igota, ez dauka asmorik egindakoaren gozotan bizitzeko. «Are konfiantza handiagoa daukat egurrean jarraitzeko».
Nola azalduko zenuke azken egunotako tentsio, urduritasun, gozamen eta ilusio sentsazioa?
Gogo eta ilusio ikaragarria neukan, baina ez nengoen urduri. Banekien ondo entrenatuta nengoela, nahiz eta beti egoten den erritmo aldaketaren zalantza hori. Ez nuen uste nire lanak hainbesteko oihartzunik izango zuenik, baina horixe nahi genuen, hasieratik presentzia izatea.
Presentzia eskatu zizuen Jon Odriozolak. Igandeko etapan ihesaldian sartu, eta mendiko saria, esprint bereziena eta konbinatua, hirurak zuretzat.
Gehienetan iheslarien artean adosten dira sari horiek, eta kideetako bat etorri zitzaidan zer asmo neukan galdezka. Argi erantzun nion dena lehiatzeko agindua neukala, eta horixe egin nuen. Zegoen mendate bakarra aurrean igarotzeko gai izan nintzen, eta esprintetan ere lehian sartu nintzen.
Mallorcak erakutsi du kasualitatetik gutxi zeukatela iazko Espainiako Kopako eta Euskadiko Txapelketako garaipenek.
Afizionatu mailan, aurreko urteetan, ez nintzen erotu emaitza onen bila, eta jende askok onartu zidan ez ninduela ezagutzen Espainiako Kopa lehiatzen hasi arte. Garaipen politak izan ziren, baina iraganeko lorpenak ez dira inolako berme etorkizunerako.
23 urte beteta eta Muriasen proiektua gauzatu ezinik zegoela, txirrindulari ibilbidea amaituko zen beldurrik izan zenuen?
Ez neukan beldurrik, frustrazioa baizik. Bertan behera geratu zen Eusko Jaurlaritza tartean zegoen proiektua, eta momentu hartan ez nuen uste enpresa pribatu batek guztia bere gain hartuko zuenik. Beste kirol batzuetan, 23 urterekin, aukera eduki dezakezu gora egiteko, baina txirrindularitzan oso zaila da adin horretatik aurrera profesionaletara iristea. Murias azaldu ez balitz, utzi egin beharko nukeen txirrindularitza.
Zerk harritu zaitu gehien profesionaletara jauzi eginda?
Tropelaren antolakuntzak. Aldaketa asko daude. Behin ihesaldia sortuta, tropela gelditu egiten da, eta kilometro batzuk lasai egiten dira. Hori bai, azken kilometroetan alde handia dago abiaduran.
Eta nork harritu zaitu gehien?
Fisikoki, Greipelek. Hanka ikusgarriak dauzka. Oro har, berriz, Belgika aldeko txirrindulariek. Handiak dira gorputzez, hemen daukagun txirrindulari txiki eta arin ikuspegiarekin alderatuta, erabat desberdinak. Hori bai, mendateetan gora, esprinterra zela uste zenuena aurrera joaten da gero.
Zein izan duzu eredu umetatik?
Gilbert bereziki, FDJn zegoenetik, eta Cancellara ere bai. Etxean badauzkat bere poster batzuk. Idoloak ez ziren, baina ikurrak bai.
Autografoak sinatu edo eskatu, zer egin duzu gehiago?
Mallorcan ez dut bakar bat ere eskatu, noski. Ez naiz jendea gurtu zalea. Mutikoa nintzela Donostiako Klasikoa ikustera joaten nintzen, adibidez, baina nekez eskatzen nuen autograforik edo ateratzen nuen argazkirik. Mallorcan, podiumetik jaitsita, ume batek eskatu zizkidan argazkia eta autografoa, baina askoz gehiago ez oraindik.
Badaezpada ere prestatuta edukiko zenuen sinadura, ezta?
Ez, ez, eta luze samarra daukat, gainera! Mozten hasi beharko dut, bestela... [barrez].
Aholkurik eskatu al diozu inori?
Ez; oraindik, ez. David Etxebarriarekin harreman estua daukat, bi urtez ibili nintzelako bere taldean, eta askotan hitz egiten dugu elkarrekin. Ez gara antzeko txirrindulariak, baina ez da ispilu txarra begira jartzeko. Izugarrizko txirrindularia izan zen David, eta oso apustu polita egin zuen ONCEtik Euskaltelera etorri eta taldeari hazten lagunduta.
Euskaltel aipatuta, pentsatzekoa da Unai Intziarte ere sarritan joango zela Tourrean Pirinioetako etapak ikustera.
Bai, bai. Etxea daukagu, gainera, La Mongie eta Tourmalet inguruan, eta ia-ia balkoitik ikusten dira txirrindulariak pasatzen.
Zenbat aldiz irudikatu duzu zeure burua etapa horietan?
Ez nau itsutzen kontu horrek. Taldeak pauso txikiak eman behar dituela uste dut. Euskal Herriko Itzulian parte hartzen saiatuko gara aurten, baina ezin dugu pentsatu 2016an Tourra edo itzuli handiren bat lehiatu behar dugunik. Pixkanaka lortu behar dugu erreferentzia izatea.
Zer litzateke Euskal Herriko Itzulian parte hartzea?
Erantzukizun handia, behin eskakizuna eta presio eginda lan txukuna egin beharko genukeelako. World Tour mailako proba da, eta oso gogorra da ibilbidea.
Nolakoa izan zen zuretzat Euskaltel-Euskadik atzerritarrei atea ireki zien garai hura?
Ez dakit erabakia zuzena izan zen edo ez, baina goi mailan geratzea zen Euskaltelen eskaera, eta horren baitakoak izan ziren erabakiak. Dirua jartzen zuen enpresak ez zuen nahi Kontinental Profesional mailako talderik. Baina Jaurlaritzak ere laguntza ematen zuen, eta apustua benetako euskal txirrindularien aldekoa ez zela ikusita, babesa kendu zuen. Interes kontua izan zen dena, baina kolpea hartu zuen harrobiak.
Unai Intziarte. Muriaseko txirrindularia
«Iraganeko lorpenak ez dira inolako berme etorkizunerako»
Muriasen eskutik profesionaletara iristeko azken aukerari heldu, eta goi mailan ekin dio bideari Unai Intziarte donostiarrak. Lehen autografoak sinatuta, gustura dago Mallorcan eman duen mailarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu