'Irakaslearen' arbela

Martxoaren 17tik da Schalke 04 taldeko entrenatzailea Ralf Rangnick. Alemaniarrari erasoko jokoa gustatzen zaio, eta eredu hori ezarri du, Inter Milanen aurkako joaneko partidan erakutsi bezala.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Badira salbuespenak, baina Alemaniako entrenatzaileak ez dira ezagun-ezagunak kanpoan. Oso gutxik hartu izan dute nazioartera ateratzeko bidea. Herrialdean bertan lan egitea gehiago gustatzen zaie, eta badira lan bikaina egiten ari direnak. Horietako bat da Ralf Rangnick (Backnang, Alemania, 1958).

Izena entzun eta aurpegia jartzea kosta egiten den arren, oso ezaguna da bere herrialdean. Berak zizelkatu zuen Hoffenheim taldearen balentria. 2006-2007 denboraldian, Hirugarren Mailan hartu zuen taldea, eta bi sasoi nahikoa izan zituen Bundesligara igotzeko. Alemaniako liga nagusian, lehen aldiz aritu zen taldea 2008-2009 denboraldian, eta lan bikaina egin zuen. Neguko txapelduna izan zen. Besteak beste, gol asko sartzeagatik: lehen itzulia osatzen duten hamazazpi partidetan, 42 gol sartu zituen taldeak. Gero, zazpigarren bukatu zuen, eta aurreko sasoian, 11. sailkatu zen. Rangnickek segitzen zuen entrenatzaile.

Baita sasoi honetan ere, baina urtarrilaren 1ean utzi egin zuen taldea. Luiz Gustavo jokalaria Bayern Munichi saldu zion klubak, eta berak, salmentaz ezer ez zekiela eta, alde egin zuen. Denbora gutxi egon zen lanik gabe, martxoaren 17tik Schalke 04 entrenatzen ari baita, Felix Magath ordezkatuz. Lehen ere egon zen han, 2004ko irailetik 2005eko abendura arte. Lehenagotik Ulm, Stuttgart eta Hannover 96 zuzendu zituen, besteak beste. Eta talde denetan ezarri du gehien gustatzen zaion jokatzeko eredua: zeharkakoa eta erasokorra.

Bere garaian, berritzailea izan zen metodologiaren arloan. Hori azaltzeko badu gertakari bitxi bat. 1999ko abenduan, ZDF telebista kateko saio batean, arbela hartu zuen, eta azaltzen hasi zen bere taldea —Ulm— taktika aldetik nola antolatuta zeukan. Berritzailea zen antolaketa, baita entrenatzeko metodologia ere. Nolabait esateko, astindu egin zituen Alemanian ordura arte urte luzez erabiltzen ari ziren oinarriak. Klasikoei ez zitzaien asko gustatu, ezta zenbait kazetariri ere, eta burlaz, irakaslea ezizena jarri zioten.

Jende asko alde ez izan arren, berak bereari eutsi zion. Erasoko jokoan eta zonan jokatzeko ereduan sinesten du, eta fedea ez du galdu. Ondo asko erakutsi zuen Inter Milanen aurkako joaneko partidan, sasoi honetako Txapeldunen Ligako final-laurdenetan. 2-5 astindu zuen egungo txapelduna San Siro mitikoan, erakustaldia emanez. Zelai erditik aurrera defentsako lanean trebea den jokalari bakarra atera zuen: Papadopulos greziarra. Gainerako bostak oso erasokorrak ziren, Raul espainiarra eta Edu brasildarra aurrelari zirela.

Aspaldi hasi zen eredu horretako fededun izaten. Gazteagoa zela, begiz jota zeukan Arrigo Sacchiren Milan handia. Partiden grabazioak inguratzen zituen handik eta hemendik, eta xehetu, talde izugarri haren ezaugarriak zehatz aztertuz. Iturri hartatik edan zuen, eta edaten jarraitzen du, baina bere ezaugarriak jarrita. Sacchik 4-4-2 marrazkia erabiltzen zuen; Rangnicki 4-3-3 erabiltzea gustatzen zaio. Beste erreferentzia bat ere badauka: Arsene Wengerren Arsenal. Gogoko du Ingalaterrako taldea, eta jarraipen zehatza egin izan dio. Londresera joan, eta egonaldiak egin zituen bi aldiz, Wengerren metodologia hobeto ezagutzeko.

Bere taldeen jokatzeko eredua jakina den bezala, agerikoa da jokalari gazteak ere asko gustatzen zaizkiola. Hoffenheimen, esaterako, apustu zehatza egin zuen alde horretatik. Garbi esan zion Dietmar Hopp presidenteari, Bundesligara igo berritan: «17 eta 23 urte arteko jokalariak bakarrik fitxatuko ditugu». Lehen denboraldi bikain hartan, taldearen batez besteko adina 22,5 urtekoa zen.

Gaztetasuna ez da apeta hutsa. Honela azaltzen du zergatik gustatzen zaizkion, jokatzeko ereduarekin lotuz: «Gazteei askatasuna eman behar zaie, eta kontraesana da gazteekin defendatzera jokatzea». Beste hau ere gehitzen du: «Gauza on asko dauzka gazteekin aritzeak. Azkar ikasten dute, entzuten dakite, eta intentsitate handiko entrenamenduak egin daitezke».

Baumjohann, lehen taldera

Schalken gazteak eta beteranoak dauzka: berak ez du osatu taldea; Magathek egina da. Daukanarekin aritu behar du, eta ikusiko da udan zer egingo duen —2014ko ekainaren 30era arte sinatu du kontratua—, baina gaztetu egingo du taldea, orain arteko filosofiari eusten badio. Egin dezakeenaren berri ematen hasi da. Izan ere, taldera iritsi orduko erabaki bat hartu zuen: Alexander Baumjohann gaztea bigarren taldetik igotzea. 24 urteko erdilariak hasieratik jokatu zuen Interren aurkako bi partidetan. Julian Draxler 17 urteko erdilariari ere ari zaio ematen jokatzeko aukera.

Haren pentsaeraren bi zutabe dira jokatzeko eredu erasokorra eta gazteen aldeko apustua. Eta daukan guztia emango du bide horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko, zerbaitetan sinesten duenean gogotsu heltzen diolako, helburuak bete arte. Horixe da irakaslearen arbelean idatzita dagoen ikasgai handienetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.