Iraupen luzeko atleta

Puntan 23 urtez entrenatzen aritu, eta ACB ligako 422 partida zuzendu ondoren, Txus Bidorretari 51 urterekin iritsi zaio Euroliga ezagutzeko garaia. Tenerifen eginiko lan bikainak Valentziaren ateak ireki dizkio.

Txus Bidorreta Valentziako entrenatzailea jokalariei txalo egiten, Anadoluren aurkako Euroligako partidan. KAI FOSTERLING / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Txus Bidorreta Gomezek (Bilbo, 1966) 1993-94 sasoian ezagutu zuen eliteko saskibaloia. Aurreko urtean entrenatzaile laguntzaile izan ondoren, lehen entrenatzaile kargua hartu, eta Caja Bilbao Espainiako Ohorezko Mailara igo zuen. Kirol irratigintza utzi, entrenatzen hasi eta 27 urterekin bete zuen lehen ametsa: etxeko taldea puntara igotzea. Arazo ekonomikoek, baina, egitasmo hura zapuztu zuten. Bidorretaren lehen pausoa izan zen elitean, gogorra, eta 23 urte geroago ibiltzen jarraitzen du. Izan ere, 51 urterekin ezagutu berri du Euroliga, Valentziaren eskutik. Gaurkoa du hirugarren partida, Baskoniaren aurka, Buesa Arenan.

Bi euskal entrenatzaile daude sasoi honetan Euroligan, jokalariak baino bi gehiago. Pablo Lasok eskarmentua du, eta Txus Bidorreta gehitu zaio. Indautxukoak erronka zaila hartu du, Valentziak ACB liga irabazi arren Pedro Martinez entrenatzailea kargutik kendu baitzuen. Titulua irabaziko zuen jakin aurretik hartu zuen erabakia zuzendaritzak, eta arrakastak ez zuen iritzia aldatu. Bidorreta, beraz, langa ezin gorago dagoenean iritsi da Valentziara, eta hasiera ez da txarra izan: 1-1 balantzea du Euroligan —Khimkirekin galdu eta Anadoluri irabazi—, eta 4-1ekoa ACB ligan.

Bidorreta Euroligara eraman duen bidea Casillan hasi zen, bere etxetik gertu, baina luzea izan da. Caja Bilbaoren porrotaren ondoren gaztetxoak entrenatzera itzuli zen, eta beheko mailetan murgildu zen. 1996-97an Patronato entrenatu zuen Bilbon, LEB ligan, baina ez zuen sasoia bukatu. Urte gogorra izan zen hura, 1998an saskibaloia uztear egon zen. «Uztailaren 30erako eskaintzarik ez banuen, utzi egingo nuen. 24an deitu ninduen La Palmak». Tenerifera joan zen Espainiako Laugarren Mailako talde bat zuzentzera.

La Palman lan ona egin zuen, eta 2001ean Bilbo Basket jaioberriaren lema hartzeko aukeratu zuten, LEB 2an. Zortzi denboraldi eta erdiko bidea egin zuen Bilbon, taldea ACBra igo eta Eurokopara eramanez, 2010ean kontratu eten zioten arte. Ibilbide horretan sona handia hartu zuen, eta, hartaz geroztik ACBko eskaintzak izan ditu beti, eta ez dute inondik bota. Lehenbizi bi sasoi egin zituen Alacanten (16. eta 8. bukatu zuen, hurrenez hurren), gero hiru Estudiantesen (12., 16. eta 13.) eta azken biak Tenerifen. Hamahiru denboraldi egin ditu ACB ligan, eta 422 partida zuzendu.

La Palmako esperientzia ona izan zen, eta berriz ere Tenerifen aurkitu zuen arrakasta. Lehen sasoian 9. bukatu zuen, eta bigarrenean bosgarren. Iragan sasoiko ezusteko handia izan zen. Izar handirik izan ez arren, taldea kanporaketetarako eta Espainiako Koparako sailkatu zuen, eta Txapeldunen Liga Europa mailako txapelketa berria irabazi zuen. Defentsa ona zen taldearen oinarria, eta Valentzian hori txertatu nahi izan du. Erronka berriarekin gozatzen ari da, ondo merezita gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.