Irigoien bigarren jarri da esku bakarreko sailkapenean

Errezildarrak 218ko koadroa bizkarreratu zuen; Perurena du aurretik

2005eko urriaren 11
00:00
Entzun
Ez da maiz gertatu harri-jasotzaile batek marka ahalegina egitea harri handiarekin, aurreneko saiakeran ez lortzea eta bigarrengoan bai; horixe gertatu zen igandean Aimar Irigoienekin, Adunan (Gipuzkoa). Errezildarrak esku bakarrez jardun zuen 218ko koadroarekin, eta lehen saiakeran bizkarreratu bazuen ere, ez zen balekoa izan.

Ikustekoa izan zen 19 urteko gaztearen amorrua, sinetsi ezinda geratu zen. Joseba Ostolazak lagundu zion harria jartzen, eta baita animoa eta aholkuak ematen ere. Haserrea gainditu, lasaitu eta aurreko jasoaldia baino indartsuagoa egin zuen bigarrena. Balekoa izan zen, eta biziki ospatu zuen, eskuak goratuta, belauniko. Aita eta Ostolaza besarkatu zituen gero.

Aipagarria izan da nola lortu duen motibatzea garai honetan marka egiteko, eta honela arrazoitu du: «Urte osoan markak eta txapelketak egiten jardun, eta berak ematen du motibazioa; polita da urte amaieran horrelako marka ezartzea». Halaber, aipagarria izan zen igandeko bigarren saiakera egiteko indarra ateratzea: «Aspaldiko prestaketa onenarekin jardun nuen, eta lehen saiakeraren ondoren hartu nuen amorruarekin, gorputzak berak indarrez erantzun zuen».

Harri horrekin orain dela bi hilabete hasi zela prestatzen adierazi du, eta gorputzarentzat horrenbesteko pisua ez denez, ongi moldatu zela. Esku bakarreko sailkapenean bigarren da; Iñaki Perurena da lehena, 267 kilorekin, eta seme Iñaxiohirugarren, 215 kilorekin.

Aurrera begira, gorputzak jartzen dion muga hartuko duela aintzat dio Irigoionek. Ostolazak, berriz, aholkua eman dio: «Komeni zaio atsedena hartzea, baina saiatu behar luke bi eskuekin ere. Dena den, berak motibatu behar du. Oso indartsua da eta ongi ikusten dut 245ekoa jasotzeko». Errezildarrak 16 urte zituela jaso zuen 226koa bi eskuez, eta harrezkero ez da saiatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.